ELEVATE proiektu europarrak abiazio elektrikorako egoera solidoko baterien garapenean aurrera egiten du
Elektrifikazioak nabarmen egin du aurrera garraioan, eta sektore berrietara iristen ari da pixkanaka. Lurreko mugikortasunean sendotu ondoren, abiazioa elektrifikazioranzko urratsak ematen hasi zen. CIDETEC Energy Storage-k ELEVATE (Electrified Aviation with Dry-Coated Electres for High-Energy Solid-State Batteries) europar proiektu berrian parte hartzen du, “egoera solidoko bateriak garatzeko eta abiazioaren elektrifikazioan laguntzeko”, Susana Chauque CIDETEC Energy Storage-ko proiektuburu eta ikertzaileak azaldu duenez.
Proiektuaren helburua da “400 Wh/kg-ko dentsitate energetikoa duen gelaxka ia solido bat garatzea”, adierazi du, material aurreratuak lehendik dauden 21700 gelaxka zilindrikoetan integratuz, industria-egokitzapena errazteko. Hori lortzeko, ELEVATE bi fabrikazio-prozesutan zentratuko da. “Batetik, elektrodoak lehorrean, disolbatzailerik gabe, nahastea eta estaltzea, eta, bestetik, elektrolito ia solidoak in situ polimerizatzea”, zehaztu du Chauquek.
Duela hamarkada batetik, CIDETEC Energy Storage egoera solidoko bateriak garatzen ari da, eta “proiektu hau beste aurrerapauso bat da”, nabarmendu du. Zentro teknologikoak “21700 formatuko ion-litio prototipoko gelaxketarako elektrolito solidoen garapenarekin, karakterizazioarekin eta balidazioarekin” lotutako lau zeregin gidatuko ditu.
Gainera, elektrolitoa fabrikatzeko ereduak ere sortuko ditu, prozesuak optimizatzen eta konparaziozko ebaluazioan lagunduko dutenak, eta proiektuaren koordinazio teknikoa egingo du, Europar Batasunak finantzatuta, 9 milioi euro inguruko aurrekontuarekin.
Industria eta Zientzia Partzuergoa
Europar proiektuaren buru UniverCell Holding da, eta, CIDETEC Energy Storage-z gain, Leonhard Kurz Stiftung & CO, KG GMBH, Daikin Chemical Europe, Technische Universität Braunschweig, OCSiAl Europe, OCSiAl Balkan DOO Beograd, EurA AG, Uppsala University, Addionics, IKA Werke GmbH & Co. KG eta Vaeridion GmbH dira proiektuaren parte, industria eta zientzia sektoreetako enpresa eta elkarteak.
Partzuergoak datozen hiru urteetan lan egingo du “energia biltegiratzeko teknologien egungo mugak gainditzeko eta energia dentsitateari eta segurtasunari dagokionez sektore zorrotzenetako bati zuzendutako errendimendu handiko irtenbideak garatzeko”, nabarmendu du Susana Chauquek.
ELEVATEk “energia biltzeko sistema eskalagarriak, jasangarriak eta errendimendu handikoak garatzeko lasterketa globalean Europa aitzindari bihurtu nahi du”, adierazi du proiektuaren buruak. Horiek gai izan behar dute sektore aeronautikoaren etorkizuneko aplikazioen beharrei erantzuteko.
Berrikuntza funtsezko faktorea da soluzio teknologiko berriak garatzeko eta industriaren lehiakortasuna indartzeko. Arlo horretan aurrera egin nahi duten euskal enpresek SPRI Taldearen programen laguntza izan dezakete, hala nola, Hazinnova, BDIH konexioa edo Innobideak.