DOK Summit 2026n, industria-lehiakortasunerako teknologia berrien kongresuan, izena emateko epea zabalik dago
DOK Summit 2026k, industria-lehiakortasunerako teknologia berrien kongresuak, ireki ditu izen-emateak. Azaroaren 23an eta 24an, enpresen, profesionalen, erakundeen eta talentuaren arteko topagune hori jasoko du Bilbok, eta gero eta erabakigarriagoa den galdera bati erantzun nahi dio: nola bihurtu aurrerapen teknologikoak lehiakortasun, aukera eta garapen ekonomiko eta sozial?
GAIAk eta ESLEk antolatuta, topaketa Euskalduna Jauregian egingo da, eta 2.000 profesional baino gehiago biltzea aurrez ikusten da. Bertan, adimen artifizialak, datuaren ekonomia berriak, zibersegurtasunak eta sortzen ari diren beste teknologia batzuek enpresen lehiakortasunean nola eragiten duten eta zer aukera eskaintzen dituzten aztertuko dute. Horrez gain, talentu digitalari, enpresa-jasangarritasunari eta teknologia irekiei buruz eztabaidatuko dute bertaratzen direnek.
Parte-hartzaileen artean, enpresa handietako zuzendariak eta espezialistak izango dira, besteak beste, Repsol, Google, Amazon Web Services, Iberdrola, AENA, Sacyr, Air Europa, Enagás, Mediapro, Eroski, La Rioja Alta, GUREAK, Euskaltel, Phoenix Contact eta Multiverse enpresetakoak. Ohiko hitzaldiez gain, solasaldiak, erakustaldiak, tailerrak eta jarduera parte-hartzaileak egingo dira, bertaratutakoek parte hartzeko eta erronka zehatzen inguruan lan egiteko aukera izan dezaten.
Programak era askotako sektoreetako ahotsak bilduko ditu, teknologiaren norabidea aztertzeko ez ezik, enpresetan dagoeneko zer ari den aldatzen eta eraldaketa horren aurrean erabakiak nola hartzen ari diren aztertzeko ere.
Ikuspegi hori DOK Summiten helburu nagusietako bati lotuta dago: teknologia garatzen dutenen eta teknologia hori aplikatu behar dutenen arteko topagunea sortzea. Ekitaldiaren proposamenak benetako kasuak, erronken eta soluzioen arteko lotura eta lankidetzarako zein negozio-aukerak sortzeko aukerak lehenesten ditu.
Entzutetik parte hartzera
DOK Summit 2026k topaketa teknologiko bat bizitzeko modua ere aldatu nahi du. Azterketarako saioez eta espezialisten hitzaldiez gain, programak formatu parte-hartzaileak proposatzen ditu, bertaratutakoak ikusle hutsak izan ez daitezen.
AENAk, esaterako, etorkizuneko aireportua modu kolektiboan irudikatzeko proposamena egingo du, teknologiak pertsonen esperientzia, operazioak, segurtasuna eta jasangarritasuna nola hobetu ditzakeen aztertuz. EITBk etorkizuneko telebista nolakoa izango den aztertzeko dinamika proposatuko du; Eroskik, berriz, etorkizuneko supermerkatuari buruz lan egitera gonbidatuko ditu parte-hartzaileak. Horrez gain, hacking etikoari buruzko tailer praktikoa egingo da, baita enpresek eta parte-hartzaileek erronkak eta balizko konponbideak partekatuko dituzten saioak ere.
Horren guztiaren helburua eztabaida teknologikoa eguneroko bizitzarekin lotutako galderetara eramatea da: nola berritu hobeto, nola erabili adimen artifiziala benetako erabilgarritasunez, nola prestatu lantaldeak, nola babestu erakundeak, nola aurkitu talentua edo nola bihurtu datuak eta teknologia erabaki hobeak hartzeko tresna.
Teknologia irekiek topaketaren nortasunaren parte izaten jarraituko dute, DOK Summit ekitaldian txertatutako LibreCon ekimenaren bidez. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta beste erakunde batzuen babesa du.
2024an, DOK Summiten lehen edizioak 1.800 parte-hartzaile baino gehiago, 147 hizlari eta 78 saio bildu zituen, baita enpresak, erakundeak, eragile teknologikoak eta ezagutza-zentroak ere. 2026ko edizioak esperientzia horretatik abiatuta prestatu du programa, parte-hartzera, sektoreen arteko loturara eta teknologiaren aplikazio praktikora gehiago zuzenduta.