Banat Home, etxeak bizileku bihurtzen dituen zurgintza integraleko enpresa
Banat Home Euskadiko egurraren sektoreko enpresa gazteenetako bat da, eta etorkizunari buruzko ideiak argien dituenetako bat. Zumarragako bere lantegian, etxebizitza bateko egurrezko elementu guztiak diseinatu, fabrikatu eta muntatzen ditu, eta giltza eskurako proiektuetan integratzen ditu, Goierriko erreforma-enpresa batekin, Vasile Reformas-Berrikuntzak enpresarekin (proiektuaren bazkidea da), batera. “Ez ditugu altzariak bakarrik fabrikatzen; bizilekuak diseinatzen ditugu”, laburbildu dute arduradunek. Enpresak SPRI Taldeak Renove Smart Industry programaren baitan emandako laguntza jaso du. Laguntza horrek industria adimendunerako makinen eta ekipamenduaren berritzea finantzatzen du.
Enpresa 2025eko irailean sortu zuten bi bazkide errumaniarrek, Vasile Bilicik eta Martin Sorin Puiulescuk, hartutako erabaki estrategikoaren ondorioz: zurgintza erreforma integralen (Vasile eraikuntza- eta erreforma-lanak egiten dituen Vasile Reformas Berrikuntzak SL enpresako administratzaile bakarra da) prozesuan txertatzea. Izan ere, bezeroak solaskide bakarra nahi izaten du, eta neurrira egindako egurrezko elementuak izaten dira aldea sortzen duten piezak. Martin Sorin Puiulescuren trebetasunari eta ezagutzari esker, eta herriko ebanisteria-lantegi batean belaunaldi-erreleboak porrot egin izanari esker sortu zen aukera aprobetxatuta, Banat Homek produkzioko eta muntaketako langileen prestakuntza, know-howa eta bezeroa asebetetzeko modua bere gain hartu zituen.
Ordutik, erritmoa bizia izan da. Neurrira egindako altzariekin hasi zen, eta hilabete gutxian sukalde osoak, enpresetarako serieko ateak eta etxebizitza berrietarako ekipamendua gehitu zizkion eskaintzari. 2026an fabrikazio digitalean murgildu zen, SCMko Morbidelli X100 nesting CNC lan-zentroa eta Maestro softwarea eskuratuta. Sistema horrek diseinua eta makina lotzen ditu, ohol bakoitzaren ebaketa optimizatzen du eta pieza bakoitza etiketatzen du. “Inbertsio horri esker, modu lehiakorragoan lan egin dezakegu, guztiontzat onuragarriagoa den eran”, azaldu digute.
Banatek era askotako bezeroak ditu: etxea erreformatu edo estreinatu behar duten partikularrak, birgaitze-lanetan dauden baserrietako jabeak, bulegoak berritu behar dituzten enpresak edo serieko fabrikazioa behar duten enpresak, eta eraikuntza- eta sustapen-enpresak. Sukaldeak, armairuak eta jantzigelak, bainugeletarako altzariak, ateak, eskailerak eta estaldurak fabrikatzen ditu, lakatze-zerbitzu propioarekin. Horrez gain, etxebizitzan bizi diren pertsonen mugikortasun-beharretara egokitu daitekeen etxeko altzarien lerroa ere badu. Baina Banatek proiektu bakoitzean lortu nahi duena “sentsazioa” da; hau da, sukaldean sartzean edo armairu bat irekitzean, etxea norberarena sentitzea, bizileku goxoa eta bizi den horren neurrira egindakoa. Horregatik egiten dute dena neurrira: “Altzaria etxera eta pertsona horren bizitzara egokitzen da, eta ez alderantziz”.
Lantaldea sei lagunek osatzen dute. Lau hilabete eskaseko lehen ekitaldiaren ondoren, 2026a da enpresaren lehen ekitaldi osoa, eta fakturazioa hazten ari da.
Berrikuntza
Banatek ez du I+G sailik; berrikuntza, ordea, zeharkakoa da, eta bi arlotan egiten du aurrera: teknologian eta pertsonetan oinarrituta. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Enpresak Berritzen programaren laguntzarekin, neurrira egindako hiru ardatzeko bigarren CNC lan-zentro bat txertatuko du. Ekipo bakarrean biltzen ditu ateetan eta oholetan egin beharreko hainbat lan, eta ohol bakoitzeko energia-kontsumoa erdira murrizten du. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Pertsonen Enpresa programara pertsonak ardatz dituen enpresa-kulturako proiektua aurkeztu du, Garaiz aholkularitza-enpresako Ion Izagaren gidaritzapean.
Enpresak SPRI Taldearen Renove Smart Industry programako laguntzak jaso ditu. Laguntza horiei esker, nesting motako CNC lan-zentroa eskuratu ahal izan du. Horrez gain, diseinutik fabrikaziora bitarteko prozesua digitalizatzera ere bideratu du laguntza. “Sortu berri den enpresa batentzat, laguntza hori erabakigarria izan da: beste batzuek beren ibilbidearen amaieran erabiltzen duten teknologiarekin hasteko aukera eman digu. Oso eskertuta gaude”, adierazi dute arduradunek.
Etorkizunera begira, honako hauek dira erronkak: taldea, epeak eta talentua. Banat Homek bulegoak eta lantegiak talde bakar gisa lan egitea nahi du, bezero bakoitzarekin adostutako epeen arabera produzitzea, aurrekontu-eskaera bakoitzari azkar erantzutea eta muntatzaileak zein kontrol numerikoko makinetako langileak oinarri-oinarritik prestatzen jarraitzea. Eta hori guztia laburbiltzen duen helburua zehaztu du: zuraren sektorean integrazio bertikaleko enpresa eredugarria izatea, diseinua, teknologia eta etorkizuna uztartzen dituen ofizioaren alderdirik berriena erakustea, eta bezero bakoitzak bere etxea benetan bere bizilekua dela sentitzea.
SPRI Taldeak Euskadiko enpresei aukera ematen die bere kanaletan jardueraren berri emateko. Zure proiektua gure gaiekin (I+G+b arloa, digitalizazioa, nazioartekotzea, ekintzailetza, berrikuntza…) lotuta badago, Zutaz mintzo gara ekimenean parte har dezakezu.