Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 30 apirila, 2020 Berrikuntza Ekintzailetza I+G Bind40 Bio-osasuna Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi UP Euskadi

Sisteplant: “Beldurrak ezin gaitu geldiarazi, askoz kaos handiagoa sor genezake eta”

Euskal ingeniaritza industrialeko zuzendari nagusi Ana Santiagok dio erantzukizunez jokatu beharko dugula profesionalei polibalenteago izaten lagunduko dieten gaitasun berriak garatzeko

 

Euskal ingeniaritza industrialeko zuzendari nagusi Ana Santiagok dio erantzukizunez jokatu beharko dugula profesionalei polibalenteago izaten lagunduko dieten gaitasun berriak garatzeko

 

Sisteplant Ingeniaritza Industrialeko Zerbitzuak ematen dituen familia-enpresa bat da, 35 urteko ibilbidea duena. Lau fabrikazio-zentro ditu eta 160 langile Euskadin (Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen egoitzan), Mexikon eta Brasilen. Urtean 12 milioi euroko fakturazioa duelarik, euskal enpresa hau buru belarri ari da lanean bere negozio-eredua egungo testuingurura berregokitzeko. Enpresako zuzendari nagusi Ana Santiagok dioenez, testuinguru ezezagun eta kezkagarria bizi dugu, “errealismoa eta inurri-lana” eskatzen dituena.

 

Beldurtzen zaitu egun hauetan enpresa munduan ikusten ari zarenak?

Beldurgarri samarra da, bai, shock bat izan delako, baina agian hauxe da unea gauzak egiteko dugun modua birplanteatzeko, eta lehendik geneuzkan baina agian lozorroan zeuden gaitasunak indartzeko. Ez dago beste erremediorik.

 

Zein da zuen egoera?

Ahalegina egiten ari gara gure bezeroei orain arteko zerbitzua ematen jarraitzeko, beti ere kontuan izanik pertsonen mugikortasunean eta joan-etorrietan ezarri diren murrizketak. Baina, aldi berean, aztertzen ari gara nola lan egin dezakegun etorkizunean eta nola indartu ditzakegun urrunetik eskain daitezkeen gaitasunak. Dagoeneko aldatu da bezeroekin lan egiteko modua, eta lehenbailehen onartu behar dugu hori.

 

Zure ustez zer izango da ezinbestekoa egoera honetatik irteteko?

Gure negozio-ereduak birplanteatu beharko ditugu -bakoitzak bere sektorean-, eta baita hornikuntza-kateak ere. Azken asteotan ikusi dugu hainbat herrialdek hornikuntza arazoak izan dituztela. Horregatik, ziurrenik eredu logistikoak guztiz aldatuko dira hemendik aurrera. Tokiko hornitzaileak garatu eta indartu beharko ditugu, eta iraganean balio erantsi txikia izateagatik deslokalizatu genituen produktuak industrializatu beharko ditugu. Askoz azkarrago eta modu eraginkorragoan industrializatzeko gaitasunak garatu beharko ditugu, gure zerbitzuaren zati bat berrasmatu beharko dugu, eta lehenagotik geneukana aprobetxatu. Prozesu eta zerbitzu horiek menperatzen genituen lehendik ere, baina orain probetxu handiagoa atera beharko diegu.

 

Eta pertsonok, langileok, zer egin beharko dugu berregokitze-testuinguru honetan?

Uste dut gaitasun berriak garatu beharko ditugula polibalenteago izateko, izan ere, prozesuek malguagoak, azkarragoak eta arinagoak izan beharko dute eta, beraz, gai izan beharko dugu ohikoak ez diren zereginak gauzatzeko.

 

Baina premia hori bageneukan pandemia lehertu baino lehen ere, ezta?

Egia da, bai. Eraldaketa digitalaren eta manufaktura aurreratuaren olde honek ezinbestean behartu gaitu gaitasunak, ezagutzak eta polibalentziak indartzera, baina orain garrantzi handiagoa hartuko du horrek. Teknologia menperatzea inoiz baino beharrezkoagoa izango da, eta ziur nago baliagarri izango dela negozio- eta zerbitzu-eredu berriak garatzeko.

 

Sisteplant enpresako administrazio kontseiluko kideei gogorarazi ohi diezu enpresen industrializazioa izango dela krisi honen osteko erronka handiena… Zer esan nahi duzu?

Azken asteotan ikusi dugu nola hainbat sektore berrasmatu egin diren eta beharrezkoak ziren produktu berriak fabrikatzen hasi diren abiadura bizian, batik bat, osasun sektorerako. Horregatik, etorkizunean -beharrezkoak diren hornidurak bermatzeko, industriak funtzionatzen jarrai dezan- gure gaitasunak planteatu beharko ditugu, eta gai izan beharko dugu jakiteko beste zein produktu fabrikatu dezakegun eta nola egokitu ditzakegun gure bitartekoak erronka horretara.

 

Nola uste duzu irtengo dela Euskadi krisi honetatik?

Euskadik kultura industrial indartsua dauka, eta enplegu industrialak trakzio indarra egiten du beste sektore askotan. Uste dut sektore bakoitzak bere erronkei aurre egin behar izango diela, eta horietako bat izango da gure oinarri industrial sendoa aktibatu, berrantolatu eta berrasmatzea. Lan hori ongi egiten badugu, gai izango gara industria aktibatzeko eta industriarekin gainerako sektoreak trakzionatzeko.

 

Euskadik badu beste krisi batzuetako eskarmentua…

Badaukagu, bai, eta badauzkagu ezagutza eta zutabeak ere. Industria palanka ona da ekonomiaren gainerako sektoreak berraktibatzeko.

 

Garai ziurgabe hauetan, mezu hirukoitz bat bidali behar bazenie klase politikoari, zu bezala enpresari direnei, eta sindikatu/langileei, zer esango zenieke?

Klase politikoari esango nioke sektore industriala bultzatu behar dela, edozein eskualdetako ongizatearen faktoreetako bat delako: balio erantsidun enplegua sortzen du eta beste sektore asko bultzatzen ditu, lehen esan bezala. Euskadin, industriak BPGaren % 17 suposatzen du eta biztanleriaren % 19 enplegatzen du. Eta, era berean, esango nieke ez ditzatela ahaztu epe luzeko I+G-a eta enpresentzako epe ertaineko trakzio-planak. Arestian martxan jarri diren laguntzak lehen urratsa dira, baina dagoeneko hasi beharko genuke pentsatzen azpi-sektore zehatzagoetara orientatutako garapen-planetan, horrela produktuak dibertsifikatzeko eta merkatu berrietara sartzeko, sektore arteko sinergiak bilatzeko eta tokiko hornikuntza-kateak indartzeko.

 

Eta enpresariei?

Erronka handi bat dugula, alegia, gure lehiakortasuna hobetzea, eta adimenez eta sormenez jokatu behar dugula, baina baita ere zuhurtziaz eta errealismoz. Eszenatoki desberdinei aurre egin beharko diegu, eta trebeak bagara, seguru asko gai izango gara eszenatoki guztietan berdinak diren ekintzak identifikatzeko. Ez dugu ahaztu behar non geunden duela hilabete batzuk, zeren eta seguru bageneuzkala planak eta plan horiek badutela zentzua edo lehen baino beharrezkoagoak direla. Beldurrak edo gehiegizko zuhurtziak ezin gaituzte geldiarazi, askoz kaos handiagoa sor genezakeelako. Hartara, gutako bakoitzak oreka bilatu beharko du hiru elementu hauen artean: batetik, zuzentzen dugun enpresaren bideragarritasuna, bestetik, merkatu eta hornikuntza arloetan izango ditugun erronkak, eta azkenik, inguruabarren etorkizuneko bilakaera. Baina beti jokatu behar dugu errealismoz eta ilusioz. Orain inoiz baino gehiago,  inurri-lana egin behar dugu, gurpila gelditu ez dadin.

 

Eta, azkenik, zer eskatuko zenieke langileei?

Eskatuko nieke izan dezatela enpatia, uler dezatela zeintzuk diren euren enpresek enplegua bermatzeko gainditu behar dituzten erronkak eta zeintzuk diren berpizteko bitartekoak. Esango nieke, orobat, joka dezatela malgutasunez, azken asteotan lan egiteko modua aldatu bada, datozen hilabeteetan gehiago aldatuko delako seguru asko. Eta eskatuko nieke izan daitezela polibalente, orain denok norabide berean egin behar dugulako arraun. Eta errealismoz joka dezatela eta inurri-lana egin dezatela. Une honetan denok jokatu behar dugu elkartasunez enplegua mantentzeko planak egin behar dituzten enpresekin, ohikoez oso bestelako baldintzetan lanean ari direnekin edo enplegua galdu duten eta berreskuratu beharrean daudenekin…

 

Zure ustez zer ikasiko dugu krisi honetatik gizarte bezala eta enpresa bezala?

Uste dut dagoeneko ikasi dugula zein ahulak izan daitezkeen gure sistema ekonomikoa eta osasun sistema, eta planak izan behar ditugula balizko arriskuak errealismoz ebaluatzeko arlo guztietan. Halaber, argi dago gure bizitzak begi-kliska batean aldatu daitezkeela, eta gai garela egokitzeko…

 

Kolektiboki, lankidetzan…

Honez gero ikasia ez bagenuen, espero dut oraingoan ikasiko dugula batasunak egiten duela indarra, eta beharrezkoa dela elkarlanean aritzea, ekintzak koordinatzea eta solidario izatea, zeren arazoak guztion baikortasun, lan eta ahaleginez gainditzen baitira. Argi dagoena da ezer ez dela dohainik eta lan egin beharko dugula, baina denok jar dezakegu gure hondar-aletxoa, nork bere esparruan, eta ezin dugu zain egon, beste inork ez baitu egingo gure lana.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak