Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 9 Marzo, 2021 Berrikuntza Fast Track Innobideak programa

PepsiCo enpresak Etxabarri-Ibiñako lantegia aukeratu du bere estrategia “berdearen” saiakuntza-banku gisa

14 milioi euro inbertituko ditu bere Arabako lantegia izan dadin freskagarriak botilaratzeko plastiko erabat birziklatua darabilen taldeko lehen lantegia maila globalean
Víctor Pérez.

 

Pepsico multinazional iparramerikarrak erabaki du Etxabarri-Ibiñan (Araba) duen lantegia saiakuntza-banku bihurtzea bere nazioarteko estrategia berdea probatzeko. Horretarako, 14 milioi euroko inbertsioa egingo du lantegi hau izan dadin freskagarriak botilaratzeko plastiko erabat birziklatua darabilen taldeko lehen lantegia. Erabaki hori mugarri bat da enpresa arloan, Espainia izango baita erabakiaren abantailak nabarituko dituen lehen merkatua: lantegiaren karbono-aztarna % 40 murriztuko da eta zuzeneko 200 lanpostuez gain, zeharkako beste bostehun lanpostu finkatuko dira, PepsiCo enpresaren Europa Hego-ekialderako Hornikuntza Katearen zuzendari Víctor Pérezek aurreratu duenaren arabera.

 

Pandemia garaiko balantzeari eta emaitzei dagokienez, nola joan da 2020a Arabako lantegiarentzat?

Lan handiko urtea izan zen, bai gure jardueragatik eta bai aurreikusita zeuden inbertsioengatik eta, jakina, pandemiagatik ere bai, eta martxan jarri behar izan genituen instalazio eta segurtasun neurri guztiengatik. Baina halere oso pozik gaude, gauzak ondo irten dira eta ongi prestatu gara etorkizunerako: berrikuntzaren aldeko apustua egin dugu eta espero dugu horrek aukera emango digula beste herrialde batzuentzat fabrikatzeko, eta hazten eta enplegua mantentzen jarraitzeko.

 

Plastiko erabat birziklatuz eginiko lehen freskagarri botila errealitate bat da jadanik?

Horrelako produktu bat merkaturatzeko behar diren balidazio guztiak bukatzen ari gara eta, egia esan, gauzak aurreikusita geneukana baino hobeto doaz. Maiatzean merkatuan egongo da.

 

Nondik ateratzen duzue plastikoa, botila zaharretatik ala beste produktu batzuetatik?

Funtsean, birziklatzeko edukiontzi horira botatzen diren hondakinetatik. PepsiCo enpresak horren aldeko apustua egin du, plastikoaren eraldaketako zirkulua osatzeko asmoz.

 

Zenbat plastiko birziklatu tona erabili ditzakezue urtebetean?

Duela urtebete inguru, Pepsi, KAS eta 7Up freskagarri-botiletako (merkaturatzen ditugun hiru marka nagusiak dira, Araban guztira 170 erreferentzia botilaratzen dira) plastikoaren % 50 zen birziklatua, eta orain % 100era iritsi gara. Beraz, kontuan hartzen badugu egungo egoera eta aurrean dugun eszenatoki berria, karbono-aztarna % 40 murriztuko dugu plastiko birziklatuzko botilekin.

 

Zein arlo edo proiektutara bideratuko dituzue hazkunde-planean jasotako 14 milioi euroak?

Bi milioi euro bideratuko ditugu erabili gabeko plastikoa gure prozesuetatik kentzeko eta erabat birziklatua den plastikoarekin ordezkatzeko. Beste hiru milioiko partida bat bideratuko dugu latak biltzen dituzten plastikozko anillak kendu eta kartoizko batzuk jartzeko. Biltegi eraginkorrago bat ere jarriko dugu martxan. Gogoan izan behar da inbertsio-pakete honetako bederatzi milioi inguru 2020an inbertitu zirela. Gainerakoa aurten inbertituko da.

 

Zergatik aukeratu du PepsiCo-k Etxabarri-Ibiñako lantegia multinazionalaren saiakuntza-banku izateko?

Harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe. Hemen, Araban, sentsibilitate handia dugu jasangarritasunarekin eta ingurumenarekin, baina, gainera, errealitate horri buruzko ezagutza handia duen giza talde bat dugu, oso profesionala, gaitasun handikoa eta emaitzetara irmoki bideratua. Eta gauza horiek jakin egiten dira mundu mailan, baloratu egiten dira. Horregatik izango gara saiakuntza-bankua proiektu zehatz honetan, eta etorriko diren beste batzuetan ere bai…

 

Adibidez?

Lehen aipatu dudan bezala, plastikozko anillak desagerrarazi eta kartoizkoak erabiltzeko proiektuan. Plastikozko anillen funtzio nagusia da latak errazago mugitzea. Kasu honetan, funtzio bera betetzen duen kartoizko konponbide bat aurkitu dugu gure hornitzaileekin, hau da, aukera ematen dizu latak banan-banan edo pack oso batean hartzeko. Ez dauka kolarik, beraz errazago birziklatuko da, eta oso egonkorra da, latak babestuta gelditzen baitira fabrikazio lantegitik saltokiko apaletaraino.

 

Beste keinu “berde” bat ere baduzue eskuartean: tapa botilari itsasteko proiektu bat…

Proiektu hau Europako legeriaren ondorioz sortu da, zeina derrigor bete beharko baita 2024tik aurrera, eta asko aldatuko du gure produkzioaren argazkia. Funtsean, lortu nahi duguna da botila bat irekitzean tapa ez dadila erabat askatu, baizik eta botilari itsatsita gelditu dadila, batetik, plastikorik ez galtzeko eta, bestetik, ingurumena ez kutsatzeko.

 

Ia 30 urte bete dira PepsiCo enpresak KAS mitikoaren lantegi hau erosi zuenetik. Zer geratzen da garai hartatik?

Orduko espirituak bizi-bizirik dirau, eta gogo handia dugu gauza gehiago egiteko. Lantegia duela 45 urte inguru inauguratu zen, 74-75 urtean, eta PepsiCo-k 1992an erosi zuen. Horregatik, urte berezi hau ospatu nahi izan dugu historiako inbertsio handiena eginaz, 14 milioi eurokoa, zeinari esker lantegiak kalitatezko jauzi handi bat eman eta bere etorkizuna bermatuko baitu. Lan handiko urtea izan da, baina oso pozik gaude eta, batez ere, indartuta eta etorkizunerako prest irten gara.

Lotutako albisteak

15 apirila, 2024 Berrikuntza
Gymchess: “Entrenamendu kognitiboa da gure garuna zaintzeko modu eraginkorrena”
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
19 Marzo, 2024 Berrikuntza
Sirope: “Brandingaren garrantzia bereganatu ez duten enpresak desabantaila-posizio batetik abiatzen dira”
Irakurri gehiago
11 Marzo, 2024 Berrikuntza
Altzairu herdoilgarria da Didheyaren etxebizitzetarako eta garraio publikorako osagarrien balio bereizgarria
Irakurri gehiago
4 Marzo, 2024 Berrikuntza
Kupsak hogei bat herrialdetara saltzen ditu modu erregularrean bere berniz eta pintura industrialak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak