Mentsad proiektuak etxeko arreta profesionalizatzen lagunduko du

24 urtarrila, 2018
Mentsad gaikuntza programako parte-hartzaileak.

 

Prestakuntza-programa hori urtarrilean hasi zen 40 parte-hartzailerekin

Mentsad prestakuntza-proiektua Grupo Servicios Sociales Integrados kooperatibak antzemandako arazo bati erantzuteko sortu zen. Etxeko zerbitzuak ematen dituzten emakume langileek, batik bat etxean bertan bizi direnek, zailtasunak izaten dituzte etxeko arreta sozio-sanitarioko Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratzeko.

 

Langile horiek “gurpil zoro” batean sartzen dira, Susana Morenok, SSI Training zentroko Ezagutzaren Kudeaketa arduradunak azaldu duenez: “Ez dute astirik prestakuntza-saio presentzialetara joateko, eta tele-prestakuntzako modalitatean ere zailtasunak dituzte, lan egiten duten etxeetan ezin dutelako Internet erabili eta askotan ez dauzkatelako horretarako behar diren gaitasun digitalak”. Gainera, batzuetan ezin izaten dute lan esperientzia osoa akreditatu, egoera irregularrean aritu direlako lanean.

 

Grupo SSI Training arreta soziosanitarioko Profesionaltasun Ziurtagiriak emateko akreditatutako prestakuntza-zentro bat da, eta urtetan kolaboratu izan du Ellacuria Fundazioko Torre de Babel ekimenarekin emakume migratzaileentzako prestakuntza-prozesuetan. Esperientzia horrek eraman ditu Mentsad proiektua sortzera, proiektu horren bidez erantzuna emateko kolektibo kaltebera honen premiei.

 

Prestakuntza-prozesu egokitua eskaintzen dute, hizpide ditugun langileek Profesionaltasun Ziurtagiria lor dezaten. Programak 480 ordu irauten du, eta auto-prestakuntzan oinarritzen da. Astean zehar, parte-hartzaileek autonomoki lan egiten dute eskaintzen zaizkien baliabide eta ariketekin, eta larunbatero elkartzen dira jasotako ezagutzak ebaluatzeko. Grupo SSI kooperatibaren Living Lab-en egiten dira saio presentzial horiek eta baita ere simulazio ariketak, eta ariketa horietarako etxeko lanetan laguntzeko ekipamenduak erabiltzen dira.

 

“Gure proiektuaren helburua da pertsona horiei behar dituzten ezagutzak ematea, azterketak aise gainditu eta ziurtagiria eskuratu dezaten” azaldu du Susana Morenok, SSI Training zentroko Ezagutzaren Kudeaketako arduradunak. Gainera, programaren bidez ofiziala ez den titulu bat ere eskuratuko dute (Etxean arreta sozio-sanitarioa emateko Mentsad titulua), eta horrekin, aurretiazko lan esperientzia frogatu ezin dutenek ere ebaluazio prozesu ofiziala egin ahal izango dute.

 

Programa urtarrilaren 13an hasi zen 40 parte-hartzailerekin eta ekainaren 30ean amaituko da. “Harremanetan gaude Eusko Jaurlaritzarekin, pertsona horiek Ziurtagiria eskuratzeko prozedura egin dezaten, behin prestakuntza-prozesu hau amaitu ondoren” adierazi du Susana Morenok. Grupo SSI kooperatibak zuzentzen du Mentsad proiektua, eta finantzaketa jasotzen du Innobasque, Bizkaiko Foru Aldundia eta BBKren eskutik.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow