Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 2 otsaila, 2022 BDIH Berrikuntza BDIH konexio programa Fabrikazio Gehigarria BDIH

Heroslam, Euskadiko lehen LSA eta une honetan liderra bere merkatu-nitxoan

Konpainia hau laminazio bidezko erroskatze-tresnak egiten espezializatuta dago eta BDIH Konexio programaren laguntza jaso du
Alberto Gabikagoxeaskoa zuzendari komertziala

Abanto-Zierbenako El Campillo industrialdean kokatutako Heroslam enpresa Ezkutuko Txapeldunen multzoan sailkatutako ETEetariko bat da, hots, lider bat nazioarteko merkatu-nitxo batean. Kasu honetan, laminazio bidezko erroskatze-tresnak egiten ditu. Heroslam-ek SPRI Taldearen laguntza jaso du BDIH Konexio programaren bitartez, zeinarekin Basque Digital Innovation Hub-ek ETEen eskura jartzen baitu fabrikazio aurreratuko aktibo eta zerbitzuen sare konektatu bat prestakuntzarako, ikerketarako, testak egiteko eta baliozkotze prozesuetarako.

Konpainiak 80 urte bete ditu dagoeneko. 1942an sortu zen Bilboko Bolueta auzoan, Herramientas de Precisión izenarekin eta familia-enpresa modura, eta ebaketa tresnak fabrikatzen zituen.  1973an, orduko jabeek langileen esku utzi zuten enpresa, eta Euskadiko lehen LSA (Lan Sozietate Anonimoa) bihurtu zen. 1993an izen zaharra utzi eta Heroslam (Herramientas de Roscado por Laminación hitzen akronimoa) izena hartu zuen, eta 2003an egun daukan lantegira aldatu zen, Abanto-Zierbenara.

Enpresak LSA bat izaten jarraitzen du, eta “langileen %90 bazkideak gara”, azaldu du Alberto Gabikagoxeaskoa zuzendari komertzialak.  “Gure bezeroak erroskadun piezak fabrikatzen dituzten enpresak dira, eta guk erroska hori egiteko tresnak ematen dizkiegu”.

Badira hiru teknologia laminazio bidez erroskak egiteko: orrazi bidez, arrabola bidez  eta sektore bidez. Heroslam da hiru teknologiekin fabrikatzeko gai den munduko “bizpahiru” enpresetako bat. “Eta gure ezaugarri nagusia da”, argitu du Alberto Gabikagoxeaskoak, “enpresa bakarretakoa garela tratamendu termikoa eta azaleren tratamendua geure instalazioetan egiteko gai garena, ez dugu azpikontratatzen, gehienek egiten duten bezala”.

Heroslam-ek daukan beste lehiakortasun-abantaila bat da fabrikatzen dituen tresnek gehiago irauten dutela lantegian bertan egiten den azaleren tratamenduari esker. “Hortik dator gure leloa, Long Life Thread Rolling Tools (iraupen luzeko laminazio bidezko erroskatze-tresnak). Beste lehiakide batzuen tresnak gai badira 100.000 pieza inguru erroskatzeko,  gureek 125.000 edo 150.000 erroskatu ditzakete”. Gainera, espezialistak dira zuzenketa-prozesuan, hots, profil bat pixkanaka tailatzen metalezko pieza batean.

Gabikagoxeaskoak azpimarratu du “ez garela soilik tresnagileak; gure balio- proposamenaren asmoa da erroskatze arloko konponbideen hornitzaileak izatea. Aholkularitza teknikoa emateko zerbitzu oso sendoa daukagu, oso baliagarria bezeroa leialtzeko. Erroskatze arloko konponbide optimoak eskaintzen ditugu. Kalitatea, iraunkortasuna eta konponbideak emateko zerbitzua dira gure lehiakortasunaren giltza, ez prezioa”. Konpainiak eskaerapean lan egiten du, “kustomizazio maila altuko” konponbide pertsonalizatu bat sortuz bezero bakoitzarentzat.

 

60 langile

Automozio, aeronautika eta eraikuntza sektoreetarako lan egiten du gehienbat, baina baita ere energia berriztagarrietarako, oil and gas sektorerako eta iltzeen fabrikaziorako.

Enpresak 60 langile ditu eta 2021eko fakturazioa 6 milioi eurokoa izan da, duela 10 urtekoa halako bi. Negozio-zifraren %3-4 bideratzen dute I+G-ra.

Heroslam-ek bere produkzioaren %80tik gora esportatzen du, gehienbat Frantzia, Alemania, AEB, Polonia eta Txinara. Bezeroak ditu 35tik gora herrialdetan.

BDIH Konexio programaren bidez jasotako laguntzarekin, fabrikazio gehigarriko proiektu pilotu bat garatu dute. “Fabrikazio gehigarriko teknologiarekin lehen orrazi prototipoak fabrikatzeko fasean gaude”. Zuzendaritza-karguak gaineratu duenez, “etengabe” dabiltza altzairu berezien bila “errendimendu hobea eta iraunkortasun handiagoa emateko gure produktuari; eta baita ere estaldura berrien bila areago hobetzeko geuk sortutako GOGOR estaldura berezia, gure tresnak euren iraupen handiagatik ezagun egin dituena”.

 

Negozioa dibertsifikatzen

Enpresa aspaldi hasi zen bere negozioa dibertsifikatzen, bai geografikoki eta bai sektorialki. “Gure erreferentziazko sektorea automobilgintza izan da, eta erabaki genuen balio erantsi handiagoa eskatuko ziguten sektoreetara jotzea, adibidez aeronautikara. Sektore horretan erabiltzen diren torlojuek pieza oso gogorrak behar dituzte, laminatzeko zailak direnak. Zaila egin zitzaigun eskatutako kalitate eta zehaztasun mailak lortzea, baina lortu genuen eta duela hamar urte indarrez sartu ginen aeronautikaren sektorean, eta gaur egun ezin hobeto posizionatuta gaude. Oso merkatu exijentea da, baina badu abantaila bat: ezagutza eta eskakizun maila hori baliagarria da gero beste sektore industrial batzuetan balio gehiago eskaintzeko”.

Etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko, Heroslam-ek makinak modernizatzen jarraitu behar du (badaude milioi bat euro balio duten makinak), eta “prozesu luzea da instalazio guztietan egin nahi bada”. Baina argi dute 4.0 industriaren aldeko apustua egin nahi dutela, lantegiko datuak atzemanaz edota produkzioa digitalizatuz.

Produktuari dagokionez, helburua da sektorearen abangoardian egotea “tresnen kalitate, zehaztasun eta iraunkortasunaren arloan, eta horretarako ikertzen jarraitu behar dugu: material eta estaldura berriak, fabrikazioko teknologia berriak, etab. Gure asmoa da erroskatze-tresnen munduko fabrikatzaile garrantzitsuenen artean dugun posizioa sendotzen jarraitzea”.

Lotutako albisteak

25 urtarrila, 2024 BDIH
European Digital Innovation Hubsen bigarren bilera nazionala egin da Bilbon
Irakurri gehiago
16 Azaroa, 2023 BDIH
BDIHk sei kasu arrakastatsu aurkeztu ditu Basque Open Industry 2023an
Irakurri gehiago
8 otsaila, 2023 BDIH
Ezagutu BDIHren aktiboak: Prozesu anitzeko 5 ardatzeko fresaketa-zelula
Irakurri gehiago
1 otsaila, 2023 BDIH
Ezagutu BDIHren aktiboak: osagaiak ikuskatzeko/neurtzeko zelula robotikoa, teknika ez-suntsitzaileen bidez
Irakurri gehiago
21 abendua, 2022 BDIH
Ezagutu BDIHren aktiboak: Korrosioa aztertu eta ebaluatzeko ekipamendua/teknikak/metodologiak
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak