Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 12 abendua, 2019 Berrikuntza Energia Fast Track Innobideak programa Ris3 Euskadi

Seapower euskal partzuergoak soluzio berritzaileak garatuko ditu potentzia handiko offshore aerosorgailuetako zimendu, dorre eta sistema laguntzaileetarako

Seapowerek 5,3M€ko aurrekontua du 3 urtetarako, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek Programaren laguntzaz

Seapowerek 5,3M€ko aurrekontua du 3 urtetarako, Eusko Jaurlaritzaren Hazitek Programaren laguntzaz.

Proiektua abian jarri du, SENER ingeniaritza buru eta offshore eolikoaren sektoreko erreferentziazko 10 euskal enpresa kide dituen partzuergoak.

Seapower proiektua aurrera ateratzen ari den partzuergoak bigarren bilera egin zuen abenduaren 4an Senerek Getxon duen egoitzan, offshore eolikoaren arloan potentzia handiko (10MW+) aerosorgailu-belaunaldi berri baten garapena erraztuko duten egitura, dorre eta sistema laguntzaileetarako teknologia eta soluzioei buruzko ikerketa eta garapen kolaboratiboa bultzatzen jarraitzeko asmoz. Proiektuak 5,3M€ko aurrekontua du 2019-2021 epealdirako eta Eusko Jaurlaritzaren Hazitek Programak finantzatzen du, Europako Eskualde Garapenerako Funtsaren laguntzaz.

 

Eiffel dorrearen tamainako aerosorgailuak

Sektore eolikoak gero eta murrizketa handiagoak ditu kostuetan aerosorgailuen tamaina handitu ahala. Ildo horretan, offshore alternatibak ez ditu lur gaineko instalazioei dagozkien mugapen logistikoak (tamainagatik, ia-ia ezinezkoa da hauetarako palak errepidez garraiatzea), eta ondorioz, aerosorgailuen fabrikatzaileak lehia bizian murgildu dira potentzia handieneko itsas turbina merkaturatzeko asmoz.

 

Egun, fabrikatzaile nagusiek potentzia handiko aerosorgailuak garatuak dituzte; hala nola, MHI-VESTASen V174 delakoa, 9,5 Mwekoa; Siemens Gamesaren SG 10.0 deritzona, 10 Mwekoa, edo General Electricen Haliade X modeloaren prototipoa, 12 MWeko potentzia ere har dezakeena. Ideia bat egiteko, azken honek Eiffel dorrearen altuera bertsua du. Sektoreak 13 eta 15 MW bitarteko potentzia duten makinak garatzea espero du 2025erako.

 

Offshore aerosorgailuen potentzian nahiz tamainan izandako gorakada ikusgarri horrek erronka berriak ekarri dizkie parkeen gainerako osagaiei; egiturari dagozkien zimendatzeari (finkoa zein flotagarria), trantsizioko piezari eta dorreari, askoz ere karga handiagoak jasan beharko dituztelako, nahiz potentzia husteko ekipamendu elektrikoei. Hori guztia itsasoan, muturreko baldintza gogorrak eta korrosio maila handiak dituen ingurunean.

 

100dik gora enpresa biltzen dituen euskal sektore eolikoak esparru honetako Europa mailako erreferentzietako bat da eta zuzen-zuzenean jasotzen du Euskadin ekoiztutako osagai eta sistema askoren inguruko joera hori.

 

SEAPOWER: offshore eolikoaren erreferentziazko 10 euskal enpresaren arteko lankidetza

Hain zuzen ere, erronka honi ekiteko, 10 euskal enpresak indarrak biltzea erabili dute SEAPOWER proiektuaren barruan, offshore sektoreko soluzio berrien garapenean sinergiak bilatu eta koordinatzeko asmoz. Are gehiago, proiektu honen bidez, euskal industriaren posizionamendua ere hobetu nahi da, hirugarrenen eskariz lan egiteaz gain, balio handiagoko ekarpena egiteko aukera izan dezan, berrikuntza propioak tarteko dituzten soluzioen diseinu integralaren bitartez.

 

SENER ingeniaritza da proiektu honen buru eta soluzio flotagarriaren inguruko jarduerak koordinatuko ditu. Beste euskal ingeniaritza handia, IDOM, soluzio finkoaz arduratuko da, eta egituren fabrikazioko erreferentzia bihurtu diren bi enpresak, HAIZEA WIND eta NAVACEL konpainiek, XXL dorreei eta trantsizioko piezei dagozkien paketeak lideratuko dituzte, hurrenez hurren. Partzuergoari atxikita daude, halaber, ALKARGO, transformadoreen fabrikatzailea; DITREL, aerosorgailuaren oinarrirako konexio elektrikoko kontzeptu berritzaile baten garatzailea; ERREKA, offshore eolikorako finkatze-soluzioen fabrikatzailea; JASO Tower Cranes, jasotze-sistemetako espezialista; MUGAPE, korrosioaren aurkako estalduretan trebatutako aditua, eta NAUTILUS Floating Solutions, plataforma flotagarriaren inguruko kontzeptu propio baten garatzailea. Gainera, partzuergoak ZTBESeko bi zentroren (Tecnalia eta Tekniker) eta Energia Klusterraren laguntza izango du.

 

Ingeniaritzak + fabrikatzaileak = soluzio berritzaileak

Euskal ingeniaritza handiek eta egituren zein osagaien fabrikatzaile nagusiek offshore eolikoaren arloan landutako eskala handiko lehenengo lankidetza izatea da SEAPOWER proiektuaren faktore bereizgarrienetako bat. Lankidetza honi esker, ingeniaritzek proposamenak hobetzeko aukera izango dute eta fabrikatzaileek diseinuaren arloko baseetarako sarbide zuzena lortuko dute sektorerako soluzio berriak (eta hobeak) asmatu, garatu eta baliozkotu ahal izateko.

 

Emaitzei buruzko itxaropenak handiak dira. Kargak zehaztu eta diseinuak baliozkotzea erraztuko duten eredu numeriko berriak; dorreetarako, trantsizioko piezetarako eta subegitura finko nahiz flotagarrietarako soluzio berritzaile eta integralak; husketa elektrikoa 66kVan egiteko transformadore eta konektoreen belaunaldi berri bat; egitura handien azpisistemetarako torloju bidezko juntura teknologia berriak; pieza handien fabrikazioaren hasierako faseetatik integra daitezkeen sarbide eta igoerarako sistema laguntzaile berriak, eta egiturako osagai bakoitzari egokituta inpaktuetatik edo biofouling-etik babesteko estaldurak dira SEAPOWERen barruan garatu nahi diren soluzioetako batzuk. Izan ere, Eiffel dorreari itsasoan eustea dute helburu.

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Berrikuntza
Ikasplay, Gipuzkoako enpresa aitzindaria prestakuntza-esperientzia murgiltzaile eta elkarreragileak sortzen
Irakurri gehiago
16 apirila, 2024 Berrikuntza
Genero-berdintasunik handiena duten enpresek berrikuntza maila handiagoa izaten dute eta lehiakorragoak dira
Irakurri gehiago
Buzones Arregui 15 apirila, 2024 Berrikuntza
Arreguik erantzun egiten dio eraikinetako behar berriari, etxean egon gabe paketeak jasotzeari
Irakurri gehiago
Ser b-CORP libro Comunidad NORTE 11 apirila, 2024 Berrikuntza
B Corp izatea, enpresen indarra mundua aldatzeko erabiltzea da
Irakurri gehiago
9 apirila, 2024 Berrikuntza
STEM unibertsoan emakumeen talentua sustatzera bideratutako saio batean parte hartu du SPRIk
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak