Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 17 maiatza, 2021 Digitalizazioa Industria adimenduna Smart Industry Programa

VASCO Taldea: 50 urte logistikara bideratutako soluzioak egiten

Bere egoitza nagusia Santurtzin duen enpresak Pelikane garatu du, neurrira egindako garraio-, logistika- eta banaketa-softwarea
Ismael Barriuso, Intermodal Forwardingeko Logistikako arduraduna, eta Fran Magdalena, VTLABeko CEOa (VASCO).

Alimarketen txosten baten arabera, Logistikaren sektoreak bultzada handia izan du koronabirusaren pandemian, online salmentaren ondorioz. Konfinamenduen eta saltoki fisiko gehienak ixtearekin, Interneteko salmenta da ondasun mota desberdinak erosteko bide bakarra. Produktu horiek gure etxeetara ailegatzeko, funtsezkoa izan da teknologia berrien zeregina, bai denda birtual horiek martxan jartzeko, bai munduan zehar milioika merkantzia modu eraginkorrean garraiatzeko.

VASCO garraio eta logistikara bideratutako multinazionala da, 1970ean sortua. Taldea 10 enpresak osatzen dute, eta garraio-jarduera guztiak hartzen dituzte: logistika, aholkularitza, biltegiratzea edo berrikuntza. Jatorriari dagokionez, Ismael Barriusok, Intermodal Forwardingeko Logistikako arduradunak, VASCO osatzen duten enpresetako bat, honako hau gogorarazi du: “Gordailuzain-enpresa gisa hasi zen, Bilboko Portuan geldialdiak egiten zituzten nazioarteko ontzi-enpresa handiekin lanean, eta, logistikak baliabide gehiago behar zituenez, enpresa errepideetara zabaldu genuen, Europa ekialdeko herrialdeetan jarduten zuten kamioi-flota bat sortuz. Garai horretan herrialde horietara ailegatzea zaila zen. COSCO ontzi-enpresa txinatarraren ordezkaritzarekin ere hasi ginen, enpresa ezezaguna zenean eta Txinarekin negozioak egitea ohikoa ez zenean”. 51 urte geroago, VASCOk 300 langile baino gehiago ditu 10 herrialdetan banatuta, eta bere egoitza nagusia Santurtzin du.

Mende erdi baino gehiagoko ibilbide honetan, COVID-19 pandemiaren ondorioz bizi izan den eta oraindik bizi den bezalako egoera logistikorik ez du inoiz ikusi enpresak. “Aurrekaririk gabeko garaiak bizitzen ari gara. Pandemiak inoiz gertatu ez diren egoerak eragin ditu. Zenbait ibilbidetan pleiten kopurua sei aldiz handiagoa da. Linea batzuek erreserbak ezeztatzen dizkizute, lekurik ez dutelako. Ziurgabetasun maila aurrekaririk gabea da. Gizartea ikusten ari da faktore horiek normaltasun berriaren parte direla; adibidez, lehen bi astetan zetorren zama batek, orain bi hilabete behar ditu iristeko, eta lehen 1.000 kostatzen zuenak, orain 3.000 balio du”, azpimarratu du Barriusok.

Logistikak testuinguru honetan funtzionatzen jarraitu ahal izateko funtsezko elementuetako bat operazioak kudeatzeko edo salgaiak lokalizatzeko tresna teknologikoak erabiltzea da. Azken bost urteetan, VASCOk berrikuntzan oinarritutako bere enpresa propioa bultzatzearen aldeko apustua egin du: VTLAB, “Taldeko enpresa guztien eraldaketa digitalari eta prozesuen berrikuspenari euskarria emateko beso teknologikoa”.

Fran Magdalena VTLABeko CEOak azaldu duenez, enpresak bi ildotan lan egiten du. Lehenaren ardatza “teknologia modernizatzea da, zerbitzariei edo tresna ofimatikoei dagokienez”. “Pandemiak urrunetik lan egitera behartu gaitu, eta modu errazean lortu dugu, barneko teknologiak horretarako prestatuta zeudelako”.

Bigarren jarduera-ildoa ‘azken milia’ kudeatzeko edo etxez etxe entregatzeko plataforma propioa garatzea da, Pelikane izenekoa. “Online plataforma bat da. Gure bezeroa ‘retailer’-ra da, hau da, saldu, fabrikatu eta banatzen dituzten enpresak; eta plataforma bakar batean konektatzea eskaintzen diegu beren agente logistiko guztiei, hala nola garraio-agentzia handiei, autonomo txikiei edo banaketako langile propioei. Gainera, koktel honetan kontsumitzailea gehitzen dugu, enpresa edo partikularra, produktua etxean edo enpresan itxaroten duena. Agenteak plataforma berean konektatzen ditugu eta, horrela, gure bezeroei aginte-koadroak eta informazio ugaria izateko aukera ematen die. Logistika kontrolatzeko dorre moduko bat da”, azaldu du VTLABen CEOak.

Neurrira egindako garraio-, logistika- eta banaketa-softwarearen bezeroak brikolajearekin, etxetresna elektrikoekin edo euskal elikadura-kate handi batekin lan egiten duten enpresa handiak dira, “egunero etxez etxeko 3.000 entrega baino gehiago egiten dituztenak”. “Gure bezeroek gure teknologia eskaintzen diete eurei, banaketa egiten duen agentzia edozein dela ere. Entrega ikus daiteke, edo bukatutakoan baloratu. Baloratu ahal izatea funtsezkoa da salmenta-esperientziarako”, azpimarratu du Magdalenak.

Pelikanetik haratago, logistikaren sektoreak teknologia berriek izan dezaketen eragina analizatzen jarraitzen du, baina beti erabilgarritasunaren ikuspegitik. Sektore tradizional horretan, teknologien ezarpen azkarrak zalantzak eragiten ditu, VTLABen CEOak azaldu duenez: “Robotekin biltegi bat automatizatzeko proiektuak dituzten enpresak kontratatu gaituzte, eta lana ez da aurrera atera, ez baitzen beharrezkoa hainbesteko lana. Enpresa batzuek moda hutsean oinarritzen dira, eta, seguru asko, beren prozesuak hobeto ezagutu eta neurrira egindako irtenbideak aurkitu behar dituzte, hain deigarriak ez diren soluzioak erabiliz”.

Adimen artifiziala, gauzen Interneta, sentsorika eta ‘big data’ bezalako teknologien kasuan, Fran Magdalena “gauzak balio dutenerako uztearen” alde dago: “Ulertu behar da zertarako balio duen, adibidez, Blockchainek. Izan ere, askotan marketin mailan geratzen da. Beharbada teknologia tradizional batek Blockchainek egiten duen funtzio berbera egin dezake. Hotz-kate bat badut, sentsorika erabiltzeak zentzu handia du, bestela, ziur aski, ez zait interesatzen IoTen inbertitzea nire kamioientzat. Adimen artifizialaren erabilera ere nahasten da. Jendeak adimen artifiziala edo machine learning nahasten du informazioaren patroiak ateratzearekin. Nire ustez, ‘big data’ da hemendik aurrera presente egongo den teknologia: datuak ulertzea eta egunean zehar sortzen diren datuetatik negozioaren informazioa ateratzea”.

Ildo horretan, “Abiadura egokia aurkitzea da erronka”, esan du Ismael Barriusok. Ez dugu gure bezeroak edo merkatua hautemateko gai dena baino motelago edo azkarrago joan nahi. Egia esan, lehenengo olatuan egon nahi dugu, baina, batzuetan, oso aurreratuta ikusten dugu geure burua aurrean dugun bezeroarekiko. Gure sektorean zer mugitzen ari den jakitea da gure eginkizuna, eta barneko bileretan erabakitzen dugu zein mailatara iritsi nahi dugun”.

Abiaduraren eta soluzio teknologikoak hartzearen arazo hori are handiagoa da munduko hainbat eskualde geografikotan. Intermodal Forwardingeko Logistika arduradunaren arabera: “Kostatu egiten zaigu Asiako herrialdeetako ontzietan ‘tracking’ a ezartzea. Integrazio-sistemak egiten ari gara eta teknikoki funtzionatzen dutela ikusten dugu, baina sistema horietara sarbidea eman behar duten pertsonek beste ideia batzuk dituzte datuen lankidetzari buruz. Egoera hori bera ikusten dugu Europa ekialdeko herrialdeetan txofer edo enpresekin, ‘Tracking’ a eskaintzeko orduan. Ez da arazo teknologiko bat, aldaketa teknologiko horiek babestu behar dituzten pertsonena baizik. Aurrera egiten ari garela uste dugu, baina beste partea ez doa guk nahi dugun abiaduran”.

Lotutako albisteak

27 Marzo, 2024 Digitalizazioa
BAICek Euskadiko Adimen Artifizial Aplikatuaren lehen kongresua antolatu du maiatzean
Irakurri gehiago
26 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Sitab, digitalizazioarekin arrakasta lortu duen barne-espazioen fabrika
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Branka, tripulaziorik gabe eta urruneko kontrolarekin funtzionatzen duten itsasontziak fabrikatzen dituen Orioko ingeniaritza
Irakurri gehiago
25 Marzo, 2024 Digitalizazioa
4GUNEk eta BRTAk bat egin dute Euskadiko enpresetan eraldaketa digitala sustatzeko prestakuntza-programa eskaintzeko
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Digitalizazioa
Adimen artifizialak errazten duen berrikuntza autonomoa, Innobasqueren 2024ko prospektiba txostenaren ardatz
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak