Robotikak dakarren iraultza industriala

2 otsaila, 2018
Ihardunaldiaren momentu bat.

SPRIk antolatutako hitzaldi batean, Limor Schweitzer adituak esan du “Badaudela 24.000 milioi dolar robotika berrian inbertitzeko”.

Iragarri du medikuntza, abokatutza eta beste hainbat lanbide automatizatu egingo direla etorkizunean.

 

Limor Schweitzer adituak, RoboSavvy enpresako kontseilari delegatuak, robotikari aplikatutako adimen artifizialaren aukerak azaldu ditu ostiral honetan SPRI Taldeak Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean antolatutako hitzaldi batean. Hitzaldian hizpide hartu ditu zein ondorio izango dituen adimen artifizialaren, robotikaren eta automatizazioaren aurrerapenak gizartean, lanaren etorkizunean eta, batik bat, industrian.

 

Limor Schweitzer, Erresuma Batuan jaioa, RoboSavvy enpresako zuzendaria da, eta robot mugikor aurreratuak eta horiek fabrikatzeko piezak eta tresnak garatzen eta banatzen ditu. RoboSavvy enpresak gizaki formako robot sozialentzako softwarea garatzen du, eta berak diseinatu du 3Dn inprimatu daitekeen gizaki formako lehen robot akrobatikoa.  Schweitzer-ek arlo desberdinetako hainbat konpainia sortu ditu, hala nola, telekomunikazioen fakturazioko enpresa bat, Interneten segurtasuneko beste bat, eta posta elektroniko sozialeko txantiloiak egiten dituen bat. Baditu 12 patente, eta hizlari  aritu da 80tik gora konferentziatan.

 

Adituak baieztatu du Danimarkako enpresa batek dagoeneko fabrikatu duela “beso robotiko bat, gai dena gizakiekin elkarreragiteko, oztopoak saihesteko eta gelditzeko. Dezenteko arrakasta izan zuen 2015ean. Orain, beso robotiko horren prezioa 10.000 dolarreraino jaitsi da”.

 

Orobat esan du aspiragailu autonomoak edo biltegietako paletak laster iraganeko tresnak izango direla. “Duela bost urte merkaturatu ziren makina berriak gauza askotarako erabili daitezke eta zeregin ugari egin ditzakete”.

 

Limor Schweitzer-ek industria berri horri buruzko datu ekonomikoak eman ditu. “Badaude 24.000 milioi dolar robotika berrian inbertitzeko”. Adibide zehatzak jarri ditu sektorearen eboluzio geldiezina erakusteko, esaterako, ROS plataforma, irabazi asmorik gabeko elkarte batek zuzendua eta finantzatua. “Plataforma hori erabiliz auto autonomo bat sor daiteke bi egunetan, modu esperimentalean. Prototipo bat egitea ez da zaila, zaila dena da bertsio komertziala lortzea”.

 

RoboSavvy enpresa, hain zuzen, ROS plataformaren bertsio komertzial bat sortzen ari da, startupei produktu berriak sortzen laguntzeko. “Asmoa da sistema irekiago bat lortzea, eta horrela, hemendik gutxira produktuak sortzeko eta merkaturatzeko gai diren ehunka robot izango ditugu”.

 

Schweitzer orobat mintzatu da robotikak berekin dakarren alderdi sozialaz, eta hizpide hartu du robotizaziorako egokitzapenak sortu duen eztabaida. “Batzuek diotenez, zerga pertsonalak kendu behar dira, eta makinak sartu erakunde publikoetan. Robotak gai izango dira elikagaiak ekoizteko edo etxeak eraikitzeko. Mundua oso desberdina izango da”.

 

Halere, esan du aldaketa ez dela bat-batekoa izango. “Ez gara bat-batean ohartuko dena adimen artifizial bidez egiten dela”. Baina gero eta azpi-kontratazio gehiago egiten ditugu, eta azpikontratazio horiek adimen artifizialaz egingo dira”. Iragarri du medikuntza, abokatutza eta beste hainbat lanbide automatizatu egingo direla etorkizunean.  “Badut lagun bat alergologoa dena, eta duela bost urte hasi nintzaion esaten lanik gabe geratuko zela. Trebezia sozialak garrantzitsuak izango dira, primateak garelako. Badira beste lanbide batzuk ez direnak desagertuko, adibidez, masajista edo psikologoa”.

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow