Metalezko fabrikazio gehigarria 4.0 Industriarako

7 otsaila, 2018
Alberto Echeverría, IK4-Lortek enpresako zuzendari teknologikoa.

Teknologia gehigarriak enpresei hurbiltzea da IK4-Lortek-en apustua

 

Metalezko fabrikazio gehigarria gero eta garrantzitsuagoa da 4.0 Industriarekin lotutako sektoreetan, esaterako aeronautikan, automobilgintzan edo aero-sorgailuentzako osagaien fabrikazioan. Soldatu daitekeen metalezko edozein material (titanioa, altzairu herdoilezina, urrea, zilarra, burdina, aluminioa, kromoa) erabil daiteke, metal-hauts edo hari bihurturik, hainbat formatako metalezko piezak sortzeko, baita mekanizatzeko oso zailak diren hutsuneak dituztenak ere.

 

IK4-Lortek teknologi zentroa 2003an jarri zen martxan Goierri eskualdean eta materialak elkartzeko prozesuak ikertzen ditu, direla soldadurak, lotura itsaskorrak nahiz metalezko piezen fabrikazio gehigarria. Azken horri dagokionez, hauts geruzazko fabrikazio teknologiak lantzen dituzte, adibidez LMD (Laser Metal Deposition) teknologia, zeinetan piezak sortzeko metal-hautsezko partikulak elkartzen diren laser baten medioz.

 

“Hainbat proiektutan lan egin dugu, esaterako hegazkin motorretarako piezak egin ditugu, prestazio handiko materialak behar dituztenak, mekanizatzeko oso zailak eta lote txikitan fabrikatu behar direnak oso kontrol zorrotzarekin”, esan du Alberto Echeverriak, IK4-Lortek enpresako zuzendari teknologikoak. “Beste kontu garrantzitsu bat da pieza horiek beroan lantzen direla eta barne-hodiak egin behar izaten direla piezak hozteko, tenperatura altuan lan egin dezaten eraginkortasun handiagoarekin. Metalezko fabrikazio gehigarriari esker diseinuak optimizatu daitezke, eta denbora aurrezten da garapenean zein fabrikazioan”, gehitu du.

 

Nahiz eta metalezko fabrikazio gehigarriko teknologiek abantaila argiak izan, badituzte oraindik hainbat oztopo, esaterako inprimatzeko makinak garestiak direla –milioi erdi eurotik gora balio dezakete– eta materialak eurak ere (titanio hautsa, altzairua, aluminioa…) ez direla batere merkeak. Gainera, Echeverríaren iritziz, “metalezko fabrikazio gehigarriaren erabilera zabaltzea oztopatzen duen faktore garrantzitsuenetako bat da jakintza handia behar dela makinak menperatzeko”.

 

Beste erronka bat da enpresei helaraztea fabrikazio teknologia hauen abantailak. “Konpainiek harrera ona egiten diote fabrikazio gehigarriaren inguruko guztiari. Guk lagundu egin behar diegu hobeto ulertzen zer den teknologia hori. Enpresak teknologiarekin inplikatu eta elkarreragin behar du, eta laguntza profesionala izan behar du beldurrak eta zalantzak uxatzeko. Berei dagokie identifikatzea horrelako teknologiak erabiltzeko negozio aukerak”, gogorarazi du IK4-Lortek enpresako zuzendari teknologikoak.

 

Adituen ustez oztopo horietako gehienak desagertuz joango dira datozen urteetan  “Hala inprimagailuak nola materialak gero eta merkeagoak izango dira datozen urteetan. Gainera, kalitate desberdineko gero eta fabrikazio prozesu gehiago daudenez, posible izango da pieza merkeagoak egitea, hau da, aeronautika sektoreak eskatzen dituen mailako prestazio eta akaberarik izango ez dutenak. Fabrikazioa bera ere gero eta azkarragoa izango da. Baina garrantzitsuena da enpresek konfiantza izatea teknologia horretan. Munduko “player” garrantzitsuenak apustu egiten ari dira fabrikazio gehigarriaren eta diseinurako software garapenaren alde. Horrek behin betiko bultzada emango die fabrikazio teknika hauei”, iragarri du Alberto Echeverriak.

 

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow