Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 17 ekaina, 2021 Digitalizazioa Ekintzailetza Bind40 Industria adimenduna Smart Industry Programa Start up UP Euskadi

Mercedes-Benzek BIND 4.0ko startupekin partekatu ditu eraldaketa digitaleko bere proiektuak

Erakusketa teknologiko interaktiboetan parte hartu dute konpainiaren arduradunekin

BIND 4.0 berrikuntza irekiko plataformako startupek telematikoki bisitatu dute gaur goizean Mercedes-Benz automobilgintzako konpainia liderrak Gasteizen duen lantegia, eraldaketa digitalaren arloan dituen proiektuak ezagutzeko. Konpainia 2016ko lehenengo ediziotik ari da BIND 4.0rekin lankidetzan, eta bere berrikuntza-proiektu nagusiak aurkeztu ditu bisitariei azken berrikuntza teknologikoen berri emateko eta fabrika lantegi digital bihurtzea nola lortu duen azaltzeko.

Bisitan BIND 4.0ko partner enpresek ere parte hartu dute, teknologien garapenari eta berrikuntza eta industria inguruneetako lankidetza-jardunbide egokienei buruzko esperientziak partekatzeko. BIND 4.0k eta Mercedes-Benzek antolatutako esperientzia didaktiko honen helburua izan da parte-hartzaileek Mercedes-Benzen ekoizpen-prozesu adierazgarrienak ezagutu ahal izatea eta, aldi berean, proiektuen arduradun zuzenekin egoteko aukera izatea.

Jardunaldiari hasiera emateko, bisita birtual bat egin da Emilio Titos Mercedes-Benz España konpainiaren zuzendariarekin. Ondoren, erakusketa teknologiko interaktiboen dinamika bat egin da taldetan banatuta, eta parte-hartzaileek berrikuntza irekian eta eraldaketa industrialean lankidetza areagotzeko moduari buruzko esperientziak partekatu ahal izan dituzte.

Formatu honen bitartez, BIND 4.0ko startupek eta partner enpresek zuzenean ezagutu ahal izan dituzte Mercedes-Benzeko ekoizpen-prozesuak. Konpainiak proiektuak gauzatzea ahalbidetu duten hainbat teknologia, besteak beste, fabrikazio aditiboa, errealitate areagotua, robotika edo ikuspen artifiziala ezarri ditu prozesu horietan konpainiako arlo bakoitzaren arduradunen bidez. Zehazki, saio interaktiboetan bertaratuek ikusi ahal izan dute, beste berrikuntza askoren artean, nola gauzatzen den AGVn oinarritutako robotika kolaboratiboko proiektu bat, nola jartzen den abian akats mekanikoen mantentze-lan prediktibo bat edo nola lortzen den energia litio-baterietan biltegiratzea.

Gaur goizean BIND 4.0ko enpresekin eta startupekin batera izan den Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendariaren, Leyre Madariagaren, hitzetan, “gaur Mercedes-Benzen lantegira egin dugun bisitaren modukoak aukera apartak dira BIND 4.0 osatzen dugun guztiontzat, batetik, 4.0 industrian liderra den enpresa baten eskutik berrikuntzaren bidea zein den jakiteko eta, bestetik, zuzenean egindako erakustaldi baten bidez startupek eta konpainia handiek helburu bateratu batekin elkarlanean nola lan egin behar duten jakiteko”.

Emilio Titos, Mercedes-Benz Gasteizko zuzendari nagusiak, berretsi du Gasteizko lantegiak eraldaketa digitalaren azelerazioarekin hartuta duen konpromisoa, beharrezkoa izanik etengabeko bilakaera teknologikoan murgilduta dagoen ingurune ekonomikoan ahalik eta ongien lehiatu ahal izateko. “Alde horretatik, gure hornitzaile-sarean berrikuntza eta eraldaketa digitala sustatzeko ardura dugula ere sentitzen dugu. BIND 4.0rekin eta startupekin lankidetzan jarduteko gure esperientziak gure ekosistemaren eraldaketa digitala bultzatzen du”, esan du.

 BIND 4.0ri buruz

BIND 4.0 industria adimenduneko berrikuntza irekiko plataforma publiko/pribatua da, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak SPRI taldearen eta Euskadiko ekintzailetzaren ekosistemako UpEuskadi plataformaren bidez sortua. Gaur egun egoitza Euskadin duten erreferentzia globaleko 57 enpresa lider nagusirekin lankidetzan dihardu, eta teknologiaren arloko nazioarteko hainbat enpresak ere parte hartzen dute bertan, hala nola Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services enpresek. Ekimena helburu bikoitzarekin sortu zen: alde batetik, industriaren eraldaketa digitala bultzatzeko eta, bestetik, ekimen berritzaileak sendotzeko prozesua bizkortzeko enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bitartez. 2016tik BIND 4.0 plataformak bere lau edizioetan 130 startupek baino gehiagok garatu dituzten 200 proiektu bizkortu ditu guztira

Lotutako albisteak

18 apirila, 2024 Digitalizazioa
Hobycasa, aurrez fabrikatutako egurrezko etxeen arloan liderra den Gasteizko enpresa
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
Lau ekintzailek plataforma bat sortu dute 4.0. Industriako proiektuak online kudeatzeko
Irakurri gehiago
12 apirila, 2024 Digitalizazioa
ScrapAdek hondakinen salerosketa-prozesua errazten die mundu osoko enpresei
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Zure enpresa industria adimendun bilakatzen laguntzen dizu Smart Industry programak
Irakurri gehiago
5 apirila, 2024 Digitalizazioa
Egin ezazu prestakuntza-plana zure enpresan Gaitasun Digitalen programarekin
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak