David Barroso, CounterCraft enpresako zuzendari nagusia: “Euskadi Europako erreferente bihur daiteke zibersegurtasun arloan”

25 urtarrila, 2018
David Barroso, CounterCraft enpresako zuzendari nagusia

CounterCraft startupak balioan jartzen du Basque Cybersecurity Centrek zibersegurtasun arloko euskal enpresen lana koordinatzeko eta bultzatzeko egiten duen lana

 

Zibersegurtasun arloko CounterCraft startup donostiarrak une gozoa bizi du. Bi urte baino ez dituen arren, azken hilabeteotan Donostiako Sustapenaren DonostiaINN Enpresa Berrikuntza saria jaso du, eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako BIND 4.0 programarako hautatua izan da. Hori baino lehen ere jaso zituen beste aitortza batzuk, hala nola, Euskal Enpresaren Ekintzaile XXI Saria, Toribio Echeverría Saria edota Informazioaren Segurtasun arloko SIC Saria.

 

Deception Platform da CounterCraft gainerako zibersegurtasun konpainietatik bereizten duen elementua. Teknologia aitzindaria da Europan, eta metodo berezi bat erabiltzen du enpresa handiak babesteko: bidea zabaltzen die erasotzaileei amuari kosk egin diezaioten, hau da,  eurentzat apropos sortutako gezurrezko datu eta aplikazioetara sar daitezen. Teknologia horrek erasotzailea manipulatzen du kontra-inteligentzia erabiliz, sinetsarazi egiten baitio informazio baliotsua lapurtzen ari dela, aukera ematen diolarik CounterCrafti erasotzaile hori aztertzeko eta bere teknikak, helburuak eta asmoak ezagutzeko. Informazio hori oso baliotsua izango da konpainientzat, neurriak har ditzaten erasotzailearen kontra edo beren segurtasun-sistemako ahuluneak indartu ditzaten.

 

CounterCraft enpresaren hiru sortzaileek hasieratik erabaki zuten enpresa handiei zuzenduko zizkietela beren zerbitzuak. Honelaxe gogorarazi du David Barroso zuzendari nagusiak: “Finantza, garraio, energia, industria edo administrazio sektoreetako konpainiak dira gure bezeroak. Ongi ezagutzen ditugu enpresa handien premiak, eta argi ikusi genuen sektore horren aldeko apustua egin behar genuela. ETEak oraindik ez daude kontzientziatuta zibersegurtasun arloko konponbideak inplementatu beharraz. Zerbait gertatu arte ez dira ohartzen zein garrantzitsua den segurtasunean inbertitzea, nahiz eta neurri batzuk oso sinpleak diren, esaterako, segurtasun kopiak egitea edo sarea segmentatuta izatea. Gauza errazak eta merkeak dira, baina ez dira egiten enpresa txikiak ez daudelako kontzientziatuta edo ez dakitelako nola egin. Baina zibersegurtasun arloko enpresa gehienek arrakasta izaten dute enpresa handietara zuzentzen badituzte beren zerbitzuak. Hori egiaztatuta daukagu”.

 

Segurtasun informatikoko sistemak martxan jartzea zailagoa da Fabrikazio Aurreratuko sektorean beste sektore batzuetan baino, eta halaxe azaldu du CounterCraft enpresako bazkideak: “Zibersegurtasuna funtsezko zutabea da 4.0 Industrian. Edozein gertakarik ondorio katastrofikoak izan ditzake sektore horretan. 4.0 Industriak erronka garrantzitsuak dakartza berekin. 80ko eta 90eko hamarkadetako teknologia-sistema “klasiko” asko daude oraindik, eta horien segurtasuna hobetzeak erronka handiak dakartza. Era berean, gauza berriak sortzen ari dira etengabe, esaterako robotika edo IoT (Gauzen Internet), eta sekula ikusi gabeko eszenatokiak dakarzkigute. Eszenatoki klasikoak eta berritzaileak erronka bat dira guretzat, ez direlako errazago mugatu daitezkeen beste alderdi batzuk bezain aurreikusgarriak”.

 

Zibersegurtasun arloko euskal konpainiek arazo handi bat dute, ez baita erraza ongi gaitutako profesionalak aurkitzea. Eta CounterCraft enpresak ere nabaritzen du arazo hori. “Arazoak dauzkagu langileak kontratatzeko. Britainia Handitik, Eslovakiatik, Errumaniatik eta Espainiako beste hainbat tokitatik ekarri ditugu langileak Espainiara. Lan immobilismo handia dago hemen. Jendea normalean ez da lanpostuz aldatzen. Baldintza hobeak eskainita ere, jendeak beldurra dio lana aldatzeari. Bestalde, Erresuma Batuko eta Estatu Batuetako enpresek hemengo jendea kontratatzen dute etxetik lan egin dezaten herrialde haietan izango luketen soldata berarekin. Oso zaila da horren aurka lehiatzea. Agian unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek zerbait gehiago egin dezakete zibersegurtasunean zentratutako prestakuntza espezifikoak eskaintzeko” dio David Barrosok.

 

Halere, sektoreko profesionalak aurkitzeko zailtasun horiek erakusten dute Euskadik apustu argia egin duela Europan erreferente bihurtzeko zibersegurtasunaren arloan. “Uste dut Euskadi dela biztanleko zibersegurtasun enpresa gehien dauzkan Europako eskualdeetako bat, eta Basque CyberSecurity Centre eta antzeko ekimenak martxan jartzea lagungarri izan daiteke ahalegin guztiak koordinatzeko eta garrantzi hori agerian uzteko. Zibersegurtasun enpresak elkarren lehiakideak gara, baina norabide berdinean egin behar dugu arraun, Euskadi Europa mailako erreferentzia bihurtu dadin arlo honetan” azpimarratu du CounterCraft enpresako zuzendari nagusi eta bazkide fundatzaileak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow