Arin enpresak cloud computing zerbitzuak eskaintzen ditu enpresen eraldaketa digitalean laguntzeko

20 maiatza, 2019
Hugo Amann, Arin enpresako zuzendari nagusia.

 

Euskal konpainia honek adimen artifizialeko tresnak integratzen ditu datuak kudeatzeko eta bezeroen arreta hobetzeko

 

Arin enpresak duela hamar urte baino gehiagotik eskaintzen dizkie enpresei ERP, CRM eta cloud computing-ean oinarritutako konponbideak. Ehun langile inguru dauzka bere egoitzetan (egoitza nagusia Barakaldoko BEC dorrean dago eta besteak Madrilen, Bogotan eta Calin) eta bere erronka nagusia da %50 haztea datozen hiru urteetan. Hugo Amann-ekin hitz egin dugu, euskal konpainia honetako zuzendari nagusiarekin.

 

Zer egiten duzue Arin enpresan?

Gure enpresaren jarduera nagusia da cloud computing arloko, datuen analisiko eta enpresen kudeaketako tresnak eskaintzea. Duela 11 urte sortu ginen eta hasieran Oracle enpresaren ERP tradizionalak ezartzeko zerbitzuak eskaintzen genituen, baina harrezkero, eboluzionatzen joan gara konponbide berriekin batera, zeintzuek lainora migratu duten edo lainoan berrasmatu diren. Fabrikatzaileek merkaturatzen dituzten berrikuntzak baliatzen ditugu prototipoak egiteko eta gure bezero diren enpresetan ezartzeko.

 

Nolako lotura duzue 4.0 Industriarekin?

4.0 Industriaren arloan, enpresen kudeaketako konponbideek (ERP, CX eta HCM) integratuta dauzkaten funtzionaltasun eta aplikazio berri guztiak eskaintzen dizkiegu gure bezeroei. Bezero batzuk hasi dira migratzen ERP cloud konponbideetara, zeintzuek badituzten adimen artifizial integratua, IoT integratua eta 4.0 Industriaren arloko beste hainbat osagai. Guk enpresei laguntzen diegu eraldaketa digitala barneratzen eta sistema adimendunagoak progresiboki erabiltzen. Denen ahotan dabil cloud hitza, baina enpresa gutxi dira gai beren aplikazio eta teknologia guzti-guztiak lainoan izateko. Hala, pixkanakako trantsizio horretan laguntzen diegu, lainoko aplikazioak erabiltzen has daitezen, betiere lainoaren ikuspegi diferentzial batekin. Gure helburua da laguntasuna ematea enpresei lainoko zerbitzuak baliatzen has daitezen, baina soilik zentzua badu eurentzat.

 

Nolako cloud computing konponbideak eskaintzen dituzue?

Cloud computing kontzeptuaren barruan hiru geruza handi daude. Lehengoa da SaaS edo softwarea zerbitzu bezala. Horrelakoetan konponbideak zerbitzu bezala eskaintzen dira eta, kasu honetan ere, hiru azpi-talde bereizten dira: ERP/EPMak (finantzak, erosketak, salmentak, produkzioa, proiektuak, aurrekontuak, eta abar); Customer Experience (marketina, salmenta-indarra, bezeroentzako zerbitzuak, eCommerce, sare sozialak…); Eta HCM (pertsonen kudeaketa, hautaketa, karrera-planak edo prestakuntza).

 

Bada erdibideko beste geruza bat, PaaS izenekoa (plataforma zerbitzu bezala); kasu honetan, helburua da datu-baseak lainoan edukitzea, aplikazio propioak garatzea lainoan edo plataforma horiek erabiltzea datuen kudeaketa, analisi eta integraziorako.

 

Geruza baxuenak IaaS du izena (azpiegitura zerbitzu bezala); multzo honetako zerbitzuak erabiltzen dituzten bezeroek biltegiratze-espazioa eskuratzen dute lainoan, eta posible dute biltegiratze-espazioa, segurtasun kopiak edo lainoaren prozesamendu-gaitasuna kudeatzea.  Ordenagailu edo prozesagailuak lokalean izan beharrean, gaitasun horiek lainoan izateak badu abantaila bat: euskarria ez da inoiz gelditzen zaharkituta eta posible da zerbitzua zabaltzea eta eskalatzea. Behar duzuna bakarrik ordaintzen duzu eta erraza da zerbitzu horiek zabaltzea, espazio, prozesatzeko gaitasun edo memoria gehiago behar baduzu.

 

Enpresa batek zergatik migratu beharko lituzke lainora bere zerbitzu edo tresnak?

Cloud computing-aren erabilerak zentzua du eremu askotan. Adibidez, estandar bat da bezeroaren esperientziaren kudeaketan. Marketin digitalean ia konponbide guztiak lainoan daude, baita ere sare sozialen kudeaketan edo eCommerce arloan. Orobat, gero eta gehiago erabiltzen da pertsonen kudeaketan, konponbideak eskaintzen direlarik giza-baliabideetarako, talentuaren kudeaketarako eta langileen hautaketarako.

 

Bestalde, fabrikatzaile ia guztiak dagoeneko hasi dira lainora eramaten beren ERP konponbideak. Hala ere, ingurune industrialak uzkur ageria dira beren produkzio-prozesuak lainora eramateko orduan, aurre egin behar dietelako produkzio arloko arazo konplexuei, datuak jasotzean eta monitorizatzean sortzen direnei, eta abar, eta asko kostatzen zaie urrats hori ematea. Batzuk Internet gabe geratzearen beldur dira, industrian ezin duzulako produkzioa gelditu. Cloud computing arloko operatzaileek %99,9ko disponibilitatea bermatzen dute, baina 0,1 horrek beldurra pizten du eta hori atzeragarria da industrientzat.

 

Datuak ere kezka-iturri dira: batetik, enpresek beldurra diote datua agerian geratzeari, hau da, gure datuek arrisku handiagoa dute agerian gelditzeko balizko erasoengatik edo laino barruko zerbitzarietako lapurretengatik; bestetik, beldurra diote datuaren jabetzaren kontuari. Argi izan behar dugu enpresak datuaren jabe izaten jarraitzen duela. Eta balazta kultural handi bat dago arlo horretan, beldurra dagoelako zenbait datu antolakundetik ateratzeko.

 

Cloud computing konponbideez harago, ze proiektu egiten dituzue Arin enpresan?

Chatbot arloko proiektu pilotuak garatzen ari gara: adimen artifizial integratua duten laguntzaile birtualak dira eta ikasteko gaitasuna dute (machine learning), chatbot hori interaktiboagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Hainbat proiektu dauzkagu osasun arloko hainbat konpainiarekin, chatbot horiek erabil ditzaten hitzordu medikoen eskaerak kudeatzeko. Chatbot bat gai da pazientearen arazoa ulertzeko, sintomak detektatzeko, gaitza identifikatzeko eta hitzordu bat emateko, kontuan hartuta larritasun gradua, egutegia eta espezialista egokia. Halaber, proiektuak dauzkagu turismo eta hezkuntza sektoreetako bezeroekin. Urrats bat gehiago eman nahi genuke eta chatbot-etan oinarritutako konponbideak eskaini industriarako, baina oraindik ez dugu aurkitu horrelako proba bat egiteko proiektu pilotu egokirik. Bot horiek ez dira gure negozioaren ardatza, baina uste dugu horrelako tresnak oso lagungarri izan daitezkeela enpresentzat.

 

Nolako harremana duzue Oracle enpresarekin?

Oracle-ren monopartner-a gara. Eurekin baino ez dugu lan egiten. 11 urte hauetan hainbat aldiz saritu gaituzte, ERP, Customer Experience edo cloud arloetako partner onenaren sariak jaso ditugularik. Gure aldetik sekulako inbertsioa egiten dugu Oracle konponbideetan espezializatutako partner izateko eta, zorionez, ahalegin horrek jaso du bere ordaina, bai Oracle-ren aldetik eta bai gure bezeroengandik, asko baloratzen baitute Arin bezalako enpresa espezializatu bat.

 

Oraintxe bertan punta-puntako tresnak eskaintzen dizkiegu gure bezeroei, adibidez Oracle Autonomous Database Cloud, adimen artifiziala duen munduko lehen datu-base autonomo eta autokudeatua; ahulune bat detektatzen badu, identifikatu egiten du eta partxe bat instalatzen dio bere buruari arazoa konpontzeko. Ikaskuntza automatikoan oinarritutako erabateko automatizazioa eskaintzen du, eta desagerrarazi egiten ditu gizakiak egin beharreko lanak, gizakiak eragindako akatsak eta eskuzko doikuntzak.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow