Euskal enpresaren blog-a Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

19 uztaila, 2017
Bidasoa Oarsoko Industrialdeak irailean hasiko ditu Irunen 3.085 m² pabilioiak eraikitzeko lanak

Lursailak 4.479 m² ditu, eta 4.177,68 metro koadroko eraikigarritasuna. Inbertsio osoa 2,6 milioi eurokoa da, eta exekuzio epea 5 hilabetekoa.

Lehen fasea -83.730 m² lurzoru urbanizatu- 2010ean amaitu zen, eta okupatuta dago ia osorik.

 

SPRILUR-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bidasoa eta Oarsoaldeko udalek (Irun, Lezo, Pasaia, Errenteria eta Oiartzun) partaidetutako Bidasoa Oarsoko Industrialdea S.A.k 4.479 m²ko lursail bat erosi zuen aurtengo urtarrilean Irungo Araso industrialdean, eta bertan eraikiko dira sustapen berriko pabilioiak. Lursail horrek muga egiten du Industrialdeak 2010aren amaieran enpresen esku jarri zuen egungo 14.000 m²ko pabilioi sustapenarekin. Une honetan, sustapen horretan badira lanean 16 enpresa eta 393 langile, eta erabat okupaturik dago.

 

Enpresa asko agertu dira interesatuta industrialde horretan kokatzeko, eta horregatik ikusi zuen sozietateak bazegoela beharra eraikin berri bat egiteko, lehendik zegoenaren ondoan, Arason zegoen lokal industrial berrien eskaerari erantzuteko.

 

Pabilioiak eraikitzeko eta Arasoko IC-2ª-1 lursaila urbanizatzeko proiektu berriak 4.479 m²ko azalera gordina du, eta %68,88ko okupazioa (3.085 m²). Bere gehienezko eraikigarritasuna 4.178 m²koa da. Pabilioiek 10 metroko garaiera izango dute gehienez, eta gutxienez 32 aparkaleku egongo dira.

 

Pabilioiak eraikitzeko eta lursailari behar duen urbanizazioa emateko proiektuaren barruan, 3.085 m²ko azalera duen eraikin bat egingo da, 770 m² inguruko 4 lokal izango dituena. Era berean, nabe horietako bakoitza bitan zatitu ahal izango da, eta erdi bakoitzak 385 m² inguru izango ditu. Hau da, goitik jota 8 lokal atondu ahal izango dira guztira. Pabilioien egitamuari dagokionez, lehen fasean eraikitakoen berdinak izango dira.

 

Hona hemen sustapen berri horren ezaugarri eta funts praktiko garrantzitsuenak: azalera industriala zabalduko da (4 edo 8 modulutan banatu daitezkeen moduluak), ondoko pabilioien modulazioa errespetatuta; lanen hasiera erraztuko da eta exekuzio epea murriztuko da, egitura aurrefabrikatua erabiliz eta fatxada aurrefabrikatutako hormigoi panelekin itxiz; lursailaren ipar-ekialderanzko orientazioari esker, pabilioiak argituta egongo dira etengabe baina gutxitan jasoko dituzte zuzenean eguzkiaren errainuak. Bestalde, Irungo Araso industrialdea kokaleku ezin hobean dago, Irundik lau kilometrora eta Txingudi Merkataritza Zentroaren ondoan; hurbil ditu baita ere A-8 autobideko sarrera (Ventas), N-1 saihesbidetik, eta Madril-Irun burdinbidea.

 

Zabalkuntza-lanak ustez irailean hasiko dira, eta, aurreikuspenen arabera, lana 5 hilabetetan bukatuko da. Sustapen honetan guztira 2,6 milioi euroko inbertsioa egingo da, eta inbertsio hori osorik finantzatuko da Bidasoa Oarsoko Industrialdea S.A.ren baliabide propioekin.

 

Irungo Araso industrialdea: industrialde estrategikoa Gipuzkoan

Sprilur-ek, lankidetza estuan Irungo Udalarekin, 2008an proiektatu eta amaitu zuen Araso industrialdea, helburu honekin: osagarri izatea Bidasoa eskualdea historikoki tradizio industrial handiko ingurunea egin duten beste enpresa-gune batzuentzat.

 

275.000 m²tik gorako azalera du, eta lurzoru urbanizatuko 83.730 m²ko lursailak eskaini zitzaizkien enpresei. Dagoeneko azalera industrial guztia okupatu da, salbu erabilpen komertzialetarako 1.200 m²ko lursail bat eta erabilpen tertziarioko 1.162 m²ko beste bat. Biak ala biak Industrialdearenak eta Irungo Udalarenak dira, eta lursailak enkante publikora atera dira berriki. Bidasoa Oarsoko Industrialdeak kudeatutako pabilioietako 16 enpresez gain, Sprilur-ek beste 5 lursail saldu dizkie, sustapen publiko-pribatuko formula mistoa erabiliz, hainbat sektoretako bost enpresa hauei:  Uvesco (6.674 m²), Zubelzu (4.615 m²), Transportes Cerezuela (24.373 m²), Eusko Trenbide Sareak, Mercadona eta gasolina zerbitzu-gunea.

 

 

Araso industrialdea urbanizatzeko eta industrialdearen lursailean eraikitzeko, 30 milioi euroko inbertsioa egin da guztira. Industrialde estrategiko honek eskaintzan ditu mota askotako enpresen premietara egokitutako espazioak, tamaina ertain eta handiko lursail urbanizatuak, eta ETEei zuzendutako pabilioi modularrak. Gainera, bere lurretan ostatatzen ditu sektore askotako eta proiekzio handiko enpresa trakziogileak.

 

Araso industrialdea ez da kasualitatezko lana, baizik eta arrakasta izan duen proiektu estrategiko baten eredu argia, erakunde arteko borondate nabarmena daukana eta eskualdeko enpresa-jarduera suspertzeko helburu argia duena. Zentzu horretan, Eusko Jaurlaritzaren helburua da Sprilur-en bitartez enpresei lurzoru industrial atondua eskaintzea, enpresa ekimen guztiek, hala handiek nola txikiek, aukera izan dezaten sortu eta hazteko.

Azpiegiturak 27 uztaila, 2020
Uruguaik “Amurrio Ferrocarril” enpresari esleitu dio trenbideetako ekipo modernoen hornikuntza

  Konpainia arabarrak ehundik gora saihesbide fabrikatuko ditu Uruguaiko erdialdea eta...Leer más

Azpiegiturak 24 uztaila, 2020
Zamudiok 8 pabilioi berri izango ditu Sprilur-en Pinoa Industrialdean

  Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea, S.A.k 1,75 milioi euroko inbertsioa egingo du...Leer más

Azpiegiturak 14 uztaila, 2020
Sprilur-ek 6 pabilioi berri egiteko lanak bukatu ditu Ortuellako Ballonti industrialdean

440 m²-tik 1.783 m²-ra bitarteko sei pabilioi.   Momentuz, Sprilur-ek eraikitako...Leer más

Azpiegiturak 6 uztaila, 2020
Sprilur Taldeak BIM teknologia aplikatzen du bere proiektuen gauzatze-prozesuan

Ibaizabal Behekaldeko Industrialdea laster hasiko da 8 pabilioi berri eraikitzen Zamudioko Pinoa...Leer más

Azpiegiturak 18 ekaina, 2020
Elkarrizketa Metaleko Lantegien Bizkaiko Federakuntzako (FVEM) presidente Tamara Yagüeri

  Metalaren FVEM patronalak bere 127 urteko historia osoan presidentetzat daukan lehen...Leer más

Linkedin-a

Eguneroko informazioa, jarduera-sektoreka eta intereseko
hartzeko.

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?