Txorierri Garagardoak, tradizioa berrituz, sostengarritasunaren alde

16 abendua, 2017

Garagardo-kulturak bultzaturik, lagun-talde bat Ingalaterrara eta Alemaniara joan zen, non 500dik gora barietate ezagutu baitzituzten, eta horietako asko ekoizle, herri edo eskualde bati lotutako jatorri-deituradunak. Bidaia hark aldatu egin zien garagardoari buruz zuten ikuspegia, eta garagardogintza hobeto ezagutzeko interesa piztu zitzaien.

Kepa Gallastegi, Pedro Alzola eta Félix Losadak, garagardogintzari buruz ikasi zuten eta etxean ekoizten hasi ziren. Azkenean, zaletasun hura enpresa-erronka bihurtu zen 2014an, eta Txorierriko bailara aukeratu zuten lantegi bat jartzeko. Gaur egun, beren zaporeek txunditurik utzi dituzte ahosabai zorrotzenak ere, eta berritzaileak izaki, errezeta berriak garatzen dituzte, adibidez, kirolaren sektorera zuzendutakoa edo ziurtagiri ekologikoa lortzera bideratua dagoena.

 

Txorierri Garagardoak enpresan produktu naturala egiten duzue, metodo tradizionalak eta bertako osagaiak erabiliz.

Gure garagardoa %100 x %100 naturala da. Fabrikatzen dugun garagardo mota bakoitzak (Best Bitter, Ambar, American Blonde, Golden Ale eta We Heavy) errezeta propioa du. Malta mota bat baino gehiago (Pilsen, Pale Ale, Lager, Munich, Viena…) erabiltzen dugu eta proportzio desberdinetan, garagardo motaren arabera. Garagardogintzako metodo tradizionalak erabiltzen ditugu, gehigarririk gabe, eta produktu naturalaren printzipioak errespetatzen dituzten prozedurekin.

 

Arabako garagarraren malta eta zeuok hazitako lupulua, beti ere nekazaritza sostengarriaren printzipioak errespetatuz!

Jatorri desberdinetako maltak erabiltzen ditugu. Bertako ekoizleengana jotzen dugu (Araba, Nafarroa), garagardo-motak horretarako aukera ematen digun guztietan. Eta beti aukeratzen ditugu nekazaritza sostengarriaren printzipioak errespetatzen dituzten hornitzaileak.

Garagardo artisaua indartzen ari denez, tokiko nekazari gero eta gehiago hasi dira garagar espezie desberdinak lantzen labore tradizionalekin batera, batik bat garagardoa egiteko erabiltzen direnak.

 

Erabiltzen dituzue baita ere Amerikako, Britainia Handiko edo Alemaniako lupuluak; pentsatzen dugu emaitza oso desberdinak emango dituztela.

Oraingoz oso barietate gutxi ekoizten dira gure inguruko lupulu-soro handietan, eta garagardo industriala egiten duten lantegien eskaera asetzera bideratzen dute beren ekoizpena. Garagardogintzako tradizio handiagoa duten beste herrialde batzuetan lupulu espezie gehiago dituzte. Garagardo artisaua egiten dugunontzat oso garrantzitsua da barietate desberdinak erabiltzea, aukera ematen digulako garagardo bakoitzari zapore bakarra emateko. Horregatik, hainbat espezie inportatu behar izaten ditugu, gure kasuan, ekoizpen propioko espezieekin konbinatzeko.

 

Txorierri Garagardoak Kepa Gallastegi, Pedro Alzola eta Félix LosadaNola ematen dizkiezue zuen garagardoei garraztasun berezi eta sentsazio belarkara hori?

Garagardo artisauaren bi ezaugarri oso garrantzitsu dira lupuluak ematen dizkion urrinak eta zapore garratza. Garagardo industrialen kasuan, esterilizazio prozesuetatik igarotzen da produktua, eta hor galtzen dituzte zaporeak eta urrinak. Garagardo artisauak, berriz, ahalik eta gehien errespetatzen ditu garagardoaren prozesu naturalak, eta horregatik eskaintzen du zentzumenentzako esperientzia hain sakona.

Bestalde, lupuluaren zapore garratzak badu bere funtzioa, maltak ematen dion gozotasun berezi hori orekatzen baitu.

 

Garrantzitsua da produktuaren kultura bultzatzea. Sondikako lantegia bisitatzea eta dastaketa azalduak lagungarri dira TXG filosofia ulertzeko?

Garagardogintzako prozesuak zuzenean ezagutu nahi duen edonori gomendatzen diogu gure lantegiaren instalazioak bisitatzea. Gure web orriaren bidez egin daitezke erreserbak.

Ostiral arratsaldez egiten ditugun bisitetan azalpen labur bat ematen dugu lehenbizi, edari ezagun honen historiari eta munduko garagardo mota ezagunenei buruz. Gero, gure garagardo artisauen prozesu osoa azaltzen dugu: malta mota desberdinak aukeratzea, erabiltzen ditugun lupulu motak eta beren ezaugarririk aipagarrienak, eta beratze, iragazte, egoste eta hartzitze prozesuak.

Bisita bukatzeko, garagardo dastaketa bat egiten dugu, bertako eta sasoiko produktuekin batera. Bitxia da ikustea nola gure bisitari askori edariarekiko ikuspegia aldatzen zaion.

 

Ez da erraza merkatura sartu eta zabaltzen hastea; gainera, etengabe berritu beharra dago…

Eusko Jaurlaritzaren Lehiatu programaren laguntza jaso genuen proiektua garatzeko. 2015ean ekin genion garagardo ekoizpenari, eta berehala hasi ginen Bizkaiko puntu desberdinetara banatzen. Gaur egun aztertzen ari gara garagardoa beste erkidego batzuetara banatzen hasi ala ez, eta banaketa hori esportatzeraino zabalduko ote dugun, Europako beste herrialde batzuetara iristeko.

Garagardo errezeta berriak egiten ari gara, bata kirolaren sektorera bideratua eta bestea ziurtagiri ekologikoa lortzera zuzendua, beti ere leial eutsiz gure espiritu berritzaileari.

 

+info: www.txg.eus

 Txorierri Garagardoak Felix Losada

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow