José Carlos Perinat, SECOT: Esperientzia Ekintzailetzaren zerbitzura Bizkaian

26 abendua, 2017

“Séniors para la Cooperación Técnica BILBAO” (SECOT BI) Euskadiko Elkarteen Erregistroan inskribatu zen 2006an irabazi asmorik gabeko boluntariotzako erakunde apolitiko eta akonfesional gisa. José Carlos Perinat, egungo presidentea, ingeniaritza industrialeko doktorea da, diplomatua da ekonomian eta 30etik gora urte daramatza aholkulari gisa lanean. Lantalde bikain batekin osatzen da antolakundeko boluntarioen ekipoa, zeinak esperientzia profesional handia eta enpresa arloko esperientzia zabala baitu ekintzailetzako proiektuen eta proiektu sozialen laguntzan eta, bide horretatik, belaunaldi arteko harreman bikainak sortzen dira ongia komunaren esparruan.

SECOT BILBAO 1991n sortu zen SECOTen ordezkaritza gisa, zeina pixka bat lehenago eratu baitzuten Rafael Escola, Joaquín Martí eta Manuel de la Puertak –Idom eta Iberdrola enpresetako ingeniari erretiratuak- Círculo de Empresarios erakundearen eskutik. Onura publikoko erakundetzat deklaratutako irabazi asmorik gabeko elkarte bat da eta helburutzat du pertsona nagusien garapen emozional harmonikoa eta osasun fisiko eta mental ona bultzatzea; jarduera profesionala eta intelektuala garatuz hobetu egiten da beren bizi-kalitatea, boluntario gisa aritzen direlarik enpresen aholkularitzan.

 

José Carlos, nolakoa da erakundea osatzen duten profesionalen profila?

José Carlos PerinatSECOT Bizkaia elkartean lanbide eta sektore askotatik iritsitako seniorrak daude, gehienak goi-mailako tituludunak (Ingeniaritza, Zientzia, Ekonomia, Zuzenbidea, Informatika, e.a.), eta guztiek dute enpresa arloko esperientzia zabala hainbat langintzatan (enpresen zuzendaritza, ikerketaren eta garapen teknologikoaren kudeaketa, IKTak, proiektuen kudeaketa, produkzioaren kudeaketa, marketina, barne- eta kanpo-merkataritzaren kudeaketa, e.a.).

Baina beren balio onena ez dira beren ezagutzak eta esperientzia, baizik eta pertsona gisa duten maila eta laguntza premian daudenei laguntzeko gogo eta grina. Elkarteko kide dira, besteak beste, Juan José Azpíroz Azpíroz, René Aga  Van Zeebroeck, Ismael Alvarez Alonso, Luis A. Bañeres de la Torre, Vicente Boraita Álvaro, Francisco Escabel Gómez, Juan Alberto González Cenzano, Julio Martínez Garay, Gregorio  Montes  Alcántara, Fernando Ruiz Sánchez eta José Luis Velarde Gómez.

 

Zuen laguntza eskaintzen diezue lan bila dabiltzanei, profesionalei eta ekintzaileei, baina baita ere antolakunde eta GKEei.

SECOT BI elkartearen eguneroko jardunean hainbat ekintza-talde daude:

  • Aholkularitza, tutoretza eta enpresen sorkuntza
  • Enpresentzako diagnostikoak
  • Prestakuntza
  • Neurrira eginiko proiektuak (Instituzioekin lortutako hitzarmenen bidez)
  • Pentsamenduaren foroa, askotariko gaiez gogoeta egiteko: espiritu ekintzailea sustatzea, lan-bizitza luzatzea, zahartze aktiboa…

 

Hitzaldiak ere ematen dituzue zuen esperientzia partekatzeko

Hala da, konferentziak, txostenak eta hitzaldiak eskaintzen ditugu askotariko gaiei buruz: marketina eta salmentak; merkataritzaren bilakaera; negoziazioa; ekonomi eta finantza plana; bankuen hizkuntza; enpresen kudeaketa; balantzeen analisia eta erabakiak hartzea; teknologiaren kudeaketa; ekintzailetza; ekoizpena, fiskalitatea eta justizia soziala; denbora aprobetxatzea; komunikazioa; hitzen hizkuntza; taldeko lana…

 

Zerbitzu sorta zabal hori antolakunde eta GKEei ere zuzentzen zaie

SECOT elkarteak aukera ematen die beren ibilbide profesionala bukatu eta erretiratu ondoren bizitza aktiboa izaten jarraitu nahi duten pertsonei; euren talentua, ezagutzak eta esperientzia boluntarioki eta modu solidarioan aprobetxatzen dira ekintzaileen, langabetuen, etorkinen, ETEen, erakundeen, hirugarren sektoreko elkarteen eta GKEen mesedetan, zeintzuek ezin baitute merkatuko aholkularitzetara jo, hartarako baliabiderik ez izateagatik. Hori bai, ez zaio inola ere zuzeneko lehiarik egiten beren jarduera profesionala arlo horietan garatzen duten erakundeei.

 

Urte hauetan jende askori lagunduko zenioten, kontaiguzu esperientziaren bat

Hala da! Bizkaian eta beste lurralde batzuetan ere bai. Adibidez, “#kirk_drone” taldeak bere proiektua aurkeztu zuen Sociedad Bilbaína elkartean, SECOTen 25. urteurrenean. YUZZ programan hasi ziren, non tutore bat esleitzeaz gain, gure Senior baten laguntza jaso baitzuten, Juan Alberto Gonzalezena hain zuzen. Prozesu osoan zehar lagundu genien proiektuaren eguneroko zereginetan.

Jon Vadillo ekintzaile arabarrak laguntza jaso zuen negozio-eredua garatzeko, hasi lehenengo merkatu azterketetatik eta plan ekonomiko-finantzarioaren azken faseetaraino.

Badaude baita ere “NAO Iberopist”, “La Bicha Creativa” eta beste hainbat. Proiektu guztietan saiatzen gara laguntza ematen proiektatzeko eta pertsonei erakusten sinetsi egin behar dutela beren gaitasunetan, eta ikasi egin behar dutela ideiak eta lana antolatzen eta lehentasunak fokalizatzen. Garrantzitsua da bultzada bat ematea aurrera jarrai dezaten, proiektu orok berekin dakartzan zailtasunak gorabehera, are gehiago garai zail hauetan.

 

Egunero jasotzen duzue zuen lanaren ordaina, laguntzen dituzuen pertsonen arrakastaren bidez. Gizarteak ere eskertzen dizue zuen indarra…

Hala da bai, lehenbiziko ordaina da jakitea gure eguneroko jarduna baliagarri dela pertsonentzat. Eta gizarteak ere aitortzen digu hori: iaz Antonio Menchaca saria jaso genuen BBK Kultura aretoan, Elkartasun Sarien XVIII. edizioan, Juan Mª Aburto alkatea buru izan zuen ekitaldi batean.

Orobat jaso genuen BilbaoHistoriko elkartearen Bihotza Saria, gainerakoei laguntzeko lanagatik nabarmentzen diren antolakundeei ematen zaiena. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Juan Mª Aburto alkatea izan ziren ekitaldi hartako buru, eta esan zuten aitorpena egin zitzaigula “ibilbide profesionala amaitu ondoren bizitza aktibo eta solidarioa akuilatzen dugun pertsona erretiratuak” izateagatik.

SECOT elkarteko kideak erreferentziazkoak dira boluntariotzaren munduan. Horren adibide dugu Fernando Capelastegui Herrero jauna, zeinak Bilboko Ingeniaritza Eskolako Fundazioak sustatutako “Ingenia Saria” jaso baitzuen iaz Urkullu lehendakariaren eta EHUko errektore Iñaki Goirizelaiaren eskutik.

 

+info: www.secotbilbao.org

SECOT

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow