Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 2 maiatza, 2018 Ekintzailetza Start up UP Euskadi

Joana Videgain: “Ekiteko gakoa, dena posible dela sinestea da”

Ama bizkaitarra du; aita, berriz, lapurtarra. Joana Videgain Baionan jaio eta hazi zen euskara ama-hizkuntza zuelarik.

Ama bizkaitarra du; aita, berriz, lapurtarra. Joana Videgain Baionan jaio eta hazi zen euskara ama-hizkuntza zuelarik. Halere, %100 frantsesa zen ikastetxe batean ibili zen: “menderatzen ez nuen kultura eta hizkuntzan barneratzea bizian zehar hartu ditudan erabakien iturburua delakoan nago”.

Haren jakingurak zenbait herrialdetan bizitzera eraman zuen, eta orain Euskadira ekarri nahi ditu bertan jasotako esperientzia, eta aukerarik asko izango du bere esperientzia partekatzeko. Maletan ideia berri eta bikainak dakartza, baita proiektu onak bideratzeko metodologia eta egiten duenarekiko pasioa. Ekintzailetza Soziala da haren bereizgarria: “Kontzeptuarekin maitemindu nintzen eta hari eskaini nahi diot nire bizitza”.

 

Gurasoek erabat frantsesa zen Ikastetxe batera sartu zintuzten; hala, honek zure etorkizuna baldintzatu duela diozu.

11 urte nituelarik, senide arteko girotik beste giro arrotz batera iragan nintzen; halakoan “berria, atzerritarra” bilakatu nintzen. Umeetako batzuek etxean elektrizitaterik bagenuen edota zenbat ardi genituen edo zein menditan bizi ginen galdetzen zidaten… nihaur haien etxeetatik gertu bizi arren. Ordutik aurrera, ahotsik ez zutenen eta arazoak zituztenen bozeramaile izan behar nuela erabaki nuen: arauzkotik irteten direnak edo gutxiengoa direnak.

Eta egun nori entzuten diogu gehien? Ekonomiari, boterea eta dirua dutenei. Hargatik, 18 urte nituelarik Parisera joan nintzen Bussiness (Enpresa ikasketak) ikastera. Ordutik hona munduan zehar bidaiatzen aritu naiz: Paris, Rouen, Mexiko, Monterrey, Budapest, Madril, Managua eta Houston!

 

Konta iezaguzu zerbait zure lehen ekintzei buruz. Zer egin zenuen ikasketak bukatutakoan?

Karrerako azken egunean negar egin nuen. Bizi osoa ikasle izaten eman nahi nuen, ez bainuen ideiarik ere zer egingo ote nuen. Beraz, kanpoko hizkuntzetan jarduteko aukerak bilatu nituen, eta zifrak gustatzen zitzaizkidanez, Hungarian finantzari gisa hartu ninduten. “Controller” gisa ez nintzen makala, laster ikasi nuen eta oso pozik zeuden nire lanarekin, baina hori guztia baino zerbait gehiago behar nuela sentitzen nuen: egiten nuenari zentzua aurkitu behar nion, gauza gehiago ezagutzearen egarri nintzen… eta ‘milenial’ nintzen heinean, nire ogibideak munduari zerbait ona eskain ziezaion nahi nuen. Irrika hori nuelarik, izan nuen lehen aukeran Mexikora joan nintzen, eta bertan magisteritza ikasi eta ekintzaile sozialen euskarri den ‘Ashoka’ ONG-an boluntario sartu nintzen. Bertan ekintzailetza sozial/inpaktuzkoaren kontzeptua ezagutu nuen; hau da, gizartea, ingurumena… hobetzeko asmoz ekitea. Kontzeptuarekin maitemindu nintzen eta hari eskaini nahi diot neure bizitzaren hondarra.

 

Managuan eta Mexiko Hirian ‘Agora Partnerships’-ekin lan egin zenuen, giza-eragin bidezko ekintzailetzari laguntzeko erakundea.

Hala da. Ashokan ‘Agora Partnerships’ ezagutu nuen eta haien aholkulari taldera batu ninduten, ekintzailetza sozialerako negozioen azeleratzailerako. Nire bizitzako esperientziarik onenetakoa izan zen! Erdialdeko Amerika eta Mexikoko zenbait ekintzaileri lagundu nien autismoa duten umeentzako eskolak, ekoizle txikien merkaturako euskarriak eta abar eginez. Beharrizan asko eta anitzak zituzten, hala nola-negozio eredurako estrategiak edo finantzaketa, baina ekintzaileek funtsean behar zutena, egiazki nahi zutenaz hausnartzeko gune bat zen. Denoi gertatzen zaigu, egunerokoak xurgaturik bizi gara eta batzuetan ez dugu 5, 10 edo 15 urtera ditugun helburuak finkatzen, eta ez dugu antzematen nola ari garen aurrera egiten.

 

Geroago Houstonen bizi izan zinen urte batzuk. Aldaketa handia, bai sozialki, bai ekonomikoki.

Mexikotik zorionez bi orduko hegaldira dagoen Houston hirira lekualdatu nintzen. Bertan nire irrika berak zituzten pertsonak ezagutu nituen, ekintzaileen aldeko ‘Good Works Houston’ ONG-a sortzen hasiak zirenak. Haiekin batera, “serial entrepreneurs” ere ezagutu nuen, eta Komertzio Kamara frantses-amerikarra ezagutzera gonbidatu ninduten. Lan zoragarria izan da, enpresa handi eta ekintzaileen arteko loturak, ikasle eta jubilatuen artekoak eta enpresa handi eta artisten artekoak ezagutzen lagundu didana. Nire betebeharrak enpresa eta ekintzaile frantsesen euskarri izatea zekarren berekin, Houstonen ezar zitezen. Kamara inoiz inola ezagutuko ez ziren enpresa eta entitateen plataforma bezala ikustea gustuko dut. Elkarlanean balioa sortzen da Kamaran.

Nire lagun ingineru batek erakutsi zidan zenbat eta konplexuago izan sistema bat, zenbat eta lotura gehiago egin puntuen artean, orduan eta iraunkorrago bilakatzen dela. Iruditzen zait oso egiazkoa, batez ere negozioei dagokienez; are gehiago euskarri-sare baten bidez baliabideen gabezia ordezkatzen den lekuetako ekintzaileentzat. Bezeroak, hornitzaileak, inbertsoreak, erakundeak eta mentoreak Sarearen inteligentzia-emari izango dira. Zenbat eta indartsuago izan sortutako harremanak, orduan eta iraunkorrago izango da enpresa.

 

Oso ideia interesgarriak! Eta zer gehiago ikasi duzu azken urteotan? Aste batzuk baino ez daramatzazu hemen, eta hasteko ekintzaileen sarea ezagutu nahi duzu. Zertan lagun dezakezula uste duzu?

Oso pozik nago ekintzailetza-sare zenbait ezagutu izanaz: Houston, Mexiko, Nikaragua eta orain onena: neure herriko sarea!

Pilo bat ikasi dut azken urteotan! Hiru fasetan labur nitzake:

1- Everything is possible

2- Fail fast

3- It’s all about people

 

Everything is possible!
Kultura europarrak, orokorrean, gauza oerori mugak jartzen irakasten digu; eskolatik hasita, esaten digute “kapazak ez garela, ezin dugula hau edo beste hori egin…” Eta europarrok anitz muga jartzen dizkiogu geure buruari, aurrera egitea galarazten digutenak, aurreiritzi hauek ontzat hartzen baitutugu kolokan ipini gabe.

Aldiz, Mexiko eta Estatu Batuetan uste dute beti haratago joan daitezkeela, eta arazoak egotekotan, hauei aurre egin zein saihets ditzaketela. Jarrera honi esker, jendeak handinahien ametsak ditu! Uste dut dena posible dela sinestea ekiteko gakoa dela.

 

Fail fast!
Inoiz ez dut hanka sartu azken urteotan baino gehiago: milaka akats izan ditut eta asko ikasi dut hauetatik. “Porrota” ikasteko lanabes garrantzitsu da… saiatzen ez denak ez du porrot egingo. Azken batean, erratu zinela onartzea eta azkar zuzentzea da garrantzitsuena. Umiltasun eta kolokan jartze hau funtsezkoak dira aurrera egiteko.

Lagun mexikar batzuek “Instituto del Fracaso” sortu dute, eta ‘fuck up nights’-ak, egun 200 hiri baino gehiagotan ospatzen direnak. Jendeak bere porrotak jendaurrean azaltzen ditu, eta baita hortik zer ikasi zuen ere: Oso dibertigarria izan ohi da! Batez ere, gizarteak porrota biziaren parte bat bezala onartzen laguntzen digu.

 

It’s all about people!
Arrakasta ez dator elkarlan arrakastatsu batetik. Sistema konplexuaz esan dudana berriro ekarriz, norbere kontura lan egitea ez omen da luzerako posible izanen. Kolaboratzaileak ezagutu, ulertu eta laguntzea da gakoa. Pertsona oro egunero esnatzen da irrika berriekin, eta pertsona hauen lehentasunak zeintzuk diren ulertzea, norberagandiko onena ateratzeko funtsa da. Eta guztioi gustatzen zaigu besteren bat gutaz kezkatzea!

Ahulgune bat dut ekintzaileekiko: Izugarri gustatzen zait haiekin jardutea! Orokorrean, energia, ideia eta positibismo askoko pertsonak dira… eta gertu egotean, haien energia positiboa jasotzen duzu. Gainera, txokolatea baino erakargarriagoak dira! Horregatik gustatuko litzadake bertoko ekintzaileak ezagutzea, nola lagun diezaiekedan ikusteko.

 

Konta iezaguzu nola uste duzun lagun diezaiekezula ekintzaileei!

Adibidez, negozio-eredurako estrategiak egiten lagunduz: zenbait lanabesekin dihardut, kasurako ‘lean startup¡ edo ‘business model canvas’.

Heziketaz finantzari naizenez, finantza-ereduen sorkuntza eta iraunkortasunean asko lagun dezaket.

Eta jakina, nazioartekotze-estrategiei loturiko zernahi dela ere lagun dezaket, bereziki Frantzia, Mexiko eta Estatu Batuei dagokienez. Horrezaz gain, herrialde hauetan aukerak bilatu edota bizi nahi duenik bada, pozarren lagunduko nioke.

Euskal ekintzailetza ulertze bidean nago, Mexiko edo Houstonekoaz zerikusirik ez duena. ekintzaileen laguntzarako erakunde publiko asko dago; halere, bertan prozesu guzti hau pribatua da.

 

Gizartearen arazoak identifikatu eta konponbideak lortzeko lan egitea aukera oso hona da ekiteko… baina ez da erraza. Arrakasta izan zein porrot egin duten esperientziak ezagutu dituzu; erreferentzia izan dezakegun baten bat aipa zenezake.

Hainbeste dira erreferentzia onak! Eguneroko zailtasunak aztertu behar dela uste dut. Esaterako, Mexiko Hirian, lagun batzuk trafikoaz eta kutsaduraz kexatzen ziren. Errealitate honetatik abiatuz, Econduce sortu dute, ‘scooter’ elektrikoen sistema bat, azkarrago eta kutsatu gabe mugitzeko.

Laborari txikiekin diharduten beste batzuk konturatu ziren erakunde asko daudela sektore honetan, baina elkar gutxi ezagutzen zutenak. Laborariek ez zuten oinarrizko informaziorik WalMart bezalako bezero handiekin harremanak izateko. Gainera, enpresa handiek ez zekiten nola erosi ekoizle txikiei. Hala, Nuup plataforma sortu zuten, entitate ezberdinak (finantza-erakundeak, ONG-ak, Enpresa erosleak) harremanetan jartzen dituena ekoizle txikiek beren uzta hobeki sal dezaten.

Baditut beste adibide batzuk, porrot egin zutenak, baina ekintzaile hauek proiektu egonkorragoetan jarraitzen dute, beharrizan sozialak konpontzeko helburuaz.

Eta irakurtzen ari zaren horri zerk molestatzen zaitu egunean-egunean? Zer-nolako konponbidea izan dezake? Gauza errazak izan daitezke, baita konponbide landuagoak ere. Pausua ematea eta porrotari beldur ez izatea da garrantzitsuena; hasierako proiektua ez da beti amaierakoa izaten.

 

Kanpotiko ikuspuntuaz, zeintzuk uste duzu direla Euskadiko alderik onenak? Uste duzu herri ona dela inbertitzeko, ekiteko, jarduteko… bizitzeko?

Oraindik asko dut ikasteko baina, kanpotiko ikuspuntuaz, Euskadik alde on asko ditu:

– Uste dut elkarlana dela gakoa, eta kultura gutxi dira euskalduna bezain kolaboratzailea. Euskal Herriak duen ‘clusterrak’ sortzeko gaitasuna bakarra da munduan.

– Biztanleria kapaza du eta mundu mailako izena duten enpresak eta unibertsitateak ditu. Gainera, oso langileak garelako ospea dugu.

– Janaria eta turismoa: Houstonen ezagutu nituen pertsona gehienek inbidia zidaten hona bizitzen etortzearren. Gure sukaldaritza oso ospetsua da, baina mendiak itsasoa, kultura, kirolak… denetarik dugu. Agian euri apur bat dugu soberan, baina gainontzeko guztia jendea eta kapitala erakartzeko ezinbestekoa da.

 

Bisita ezazu Joanaren profila Linkedin-en.

 

Lotutako albisteak

26 otsaila, 2024 Berrikuntza
Vostok Electric: “Mugikortasun jasangarriaren esparruan hobe da urrats txikiak eta seguruak ematea”
Irakurri gehiago
VENTIJET Bosco López 23 otsaila, 2024 Ekintzailetza
Ventijetek birikietako haizagailu berritzaileak sortu ditu arnasteko zailtasunak dituzten pazienteentzat
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
22 urtarrila, 2024 Ekintzailetza
Ardiluzu: “Gertatzen ari denari buruzko zenbait ideia bisualki islatzeak hitzaldiaren edo ekitaldiaren balioa handitzen du”
Irakurri gehiago
ORBIK SLAVADOR TRUJILLO 15 urtarrila, 2024 Ekintzailetza
Salvador Trujillo, ORBIK Cybersecurity enpresaren CEOa: “Euskadin, lau delitutik bat zibersegurtasunarekin lotuta dago”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak