BerriUp azeleragailuak startupentzako 7. deialdia ireki du

30 maiatza, 2018

 

Azelerazio programa horrek prestakuntza, aholkularitza eta inbertsioa eskaintzen ditu

BerriUp azeleragailuak edizio berri bat abiarazi du proiektu teknologiko berritzaileentzat. Programak 4 hilabeteko laguntza eskaintzen du, eta denbora horretan, aukeratutako lantaldeek prestakuntza espezifikoa, tutoreen laguntza pertsonalizatua eta aholkularitza jasoko dute. Gainera, prozesuan zehar startupek aukera izango dute 50.000 euroko inbertsioa eskuratzeko, proiektuko akzioen %10aren truke.

 

BerriUp ekimenaren 7. deialdia zabalik egongo da ekainaren 22ra arte azeleragailuaren web orriaren bidez. Deialdia beraizik zuzentzen zaie garapenaren hasierako fasean dauden eta hazteko eta nazioartera proiektatzeko potentzial argia duten enpresa proiektuei. Prozesuan zehar, BerriUp azeleragailuko lantaldeak laguntza emango die ekintzaileei negozio-eredua egin eta baliozkotzeko, eta Gutxieneko Produktu Bideragarri bat aurkezteko merkatuan, nazioarteko ikuspegi batetik abiatuta.

 

Programa irailaren 9an hasiko da, presentziala izango da eta azeleragailuak Donostian dituen bulegoetan egingo da. Proiektu parte-hartzaileek coworking gune bat izango dute prozesuak irauten duen 4 hilabeteetan, eta ekimenean parte hartzen duten 20 tutore adituek jarraipena eta laguntza pertsonalizatua eskainiko diete. Startup bakoitzak tutore talde espezifiko bat izango du bide-lagun. Gainera, nola BerriUp proiektuko partaide bihurtzen den akzioen zati txiki bat eskuratuz, programa bukatutakoan ere proiektuan inplikatuta jarraituko du, talde sustatzaileari lagunduko diolarik finantzaketa eta bezeroak bilatzen.

 

BerriUp 2015ean sortu zen ekimen pribatuaren bidez eratutako Euskadiko lehen startup-azeleragailu bezala, eta laguntzaile ditu Adegi, Orkestra, Mondragon Team Academy, Onura, Ieteam eta, besteak beste, Hasitago.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow