POLIMERBIOk XVII. Manuel Laborde Saria irabazi du

30 azaroa, 2017
Premios Manuel Laborde

UPV/EHUko Zibio ikertaldeko Jorge Fernándezek, Jose Ramón Sarasuak eta Juan Carlos Antigüedadek aurkeztutako POLIMERBIO proiektuak I. MANUEL LABORDE WERLINDEN SARIA irabazi du hamazazpigarren edizio honetan, ideia berritzaileetan eta teknologian oinarritutako enpresa egitasmo onena izateagatik. Proiektu sarituak 7.000 euro irabaziko ditu eta enpresa proiektua aurrera eramateko laguntza eta aholkularitza jasoko du.

Enpresa berri horren proposamena da, hain zuzen ere, biodegradagarriak ez diren gailuak ordezkatuko dituzten edo medikuntzan eta ehunen ingeniaritzan aplikatzeko bide berriak irekiko dituzten plastiko bioabsorbagarrietan oinarritutako produktu biomedikoak ikertu eta garatzeko zerbitzu aurreratuak gauzatzea.

Bestalde, Materialen Fisika Zentroko (UPV/EHUren eta CSICen arteko zentro mistoa) Baskrete ikertaldeko Alex Correak eta Guido Goraccik aurkeztu duten BASKRETE ENERGY proiektuak 2. saria eskuratu du, 3.000 eurokoa.

Proiektua ikertaldearen know-how espezifikoan oinarrituta dago, eta helburu du zementu berezien gaitasunak ustiatzea, energia metatzeko, kudeatzeko eta berreskuratzeko irtenbide berritzaileetan aplikatzeko.

Gainera, proposamen berritzaileek eta/edo oinarri teknologikoa dutenek aukera izango dute BIC GIPUZKOAk kudeatzen dituen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Sailak eta Eusko Jaurlaritzaren mendeko SPRIk bideratzen dituzten laguntzak jasotzeko. Laguntzak 60.000 eurora artekoak izan daitezke, proiektuak zenbaterainoko berritzaileak eta interesgarriak diren.

XVII. Manuel Laborde Werlinden Sariketa hau UPV/EHUko Gipuzkoako Campusak eta Bic Gipuzkoa Enpresen eta Berrikuntzaren Europako Zentroak lantzen eta kudeatzen duten ENTREPENARI programaren barruan antolatu da, ekintzaileak sustatzeko, aholkatzeko eta babesteko, eta UPV/EHUko Gipuzkoako Campusean enpresa berritzaileak sortzeko.

Sariketan parte har dezakete: UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileek; UPV/EHUrekin lankidetzan egindako ikerketa baten emaitzak ustiatzea eta enpresa berri bat sortzea erabakitzen duten enpresek; eta UPV/EHUko tituludunek, graduondoa dutenek edo azken ikasturteko ikasleek.

Sariak helburu nagusi hauek ditu:

  • Unibertsitatean ekintzailetzarekin lotutako ideiak eta proiektuak sustatzea.
  • Enpresaren kultura babestea eta unibertsitateko kideen artean zabaltzea.
  • Unibertsitateak enpresa berriak sortzeko eta garatzeko duen gaitasun berritzailea aprobetxatzea.
  • Gure inguruko enpleguari laguntzeko formula berriak bultzatzea.

Guztira zazpi proiektu aurkeztu ziren ideia berritzaile batean oinarritutako enpresa proiektu onenaren saria jasotzeko.

Sariak banatzeko ekitaldian izan ziren Agustín Erkizia, UPV/EHUren Gipuzkoako Campuseko errektoreordea; Ainhoa Aizpuru, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Saileko diputatua; Luis M. Cañizares, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapena eta Azpiegiturak Saileko Ekintzailetza arduraduna; eta Marisa Arriola, Bic Gipuzkoako zuzendaria. Gainera, Laureano Simónek, Patia Europe SLko zuzendariak, “Del Conocimiento a la Clínica: Empresa Biotech” izeneko hitzaldia eman zuen.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow