Naiz Fit euskal startupak irabazi du Santander Yuzz lehiaketako 2. saria

29 azaroa, 2017
aplicación naiz fit

 

Enpresa horren aplikazioak ikusmen konputazionaleko algoritmoak erabiltzen ditu arroparen neurri zehatza jakiteko

 

Borja Cembrero eta Sara López ekintzaileek bultzatutako Naiz Fit proiektuak bigarren saria lortu du Santander Yuzz lehiaketaren 8. edizioan. Programa horrek bultzada bat ematen die 18 eta 31 urte bitarteko gazteek sustatutako enpresa-ideia berritzaileei, laguntza-prozesu bat eskainiz eta lehiaketa bat antolatuz. Yuzz Donostia zentroko ekimen onena bezala hautatua izan ondoren, euskal startupak Estatuko hiru sarietako bat irabazi du.

 

Naiz Fit enpresaren helburua da moda online erostean sortzen zaigun arazo ohikoenetako bat konpontzea, oso zaila baita norbere neurria jakitea hainbeste marka eta arropa artean. Naiz Fit sistemak gorputz bakoitzaren neurri zehatzak ematen dizkigu, sakelakoarekin ateratako argazkien bidez eta ikusmen konputazionaleko algoritmoak erabiliz. Hortik abiatuta, aplikazioak marka desberdinetako datu-baseekin alderatzen du informazio hori, eta horrela lortzen du erabiltzaileari ongien egokitzen zaion neurria.

 

Sistema hori bi modutan erabil daiteke: Naiz Fit aplikazio mugikorretik (aurtengo abuztuan merkaturatua) edota online salmenta-plataformetatik. Lehenengo kasuan, erabiltzaileak aplikazioa deskargatu behar du, eta bere gorputza neurtu, 88.000 produktu eta 600 arropa marka baino gehiagori buruzko gomendioak jasotzeko. Bigarren kasuari dagokionez, une honetan Naiz Fit enpresako lantaldea probak egiten ari da bere sistema plataforma desberdinetan integratzeko, eta dagoeneko martxan dago hainbat euskal markaren onlineko dendetan: Zergatik, Amarenak eta Wime. “Abuztuan merkaturatu genuen Naiz Fit aplikazioa, arlo teknikoan baliozkotzeko, zarata handirik atera gabe. Orain, berriz, erabiltzaileak eta markak atzematen ari gara”, azaldu du Borja Cembrerok, “itxaropentsu gaude, ikusten dugulako premia bat dagoela erosleen eta saltzaileen artean”.

 

Santander Yuzz sariketak bultzada bat eman dio Naiz Fit enpresako lantaldeari. Izan ere, Silicon Valley-ra bidaiatuko dute finalista izateagatik eta 20.000 euro poltsikoratuko dituzte Estatu mailako saria irabazteagatik. “Proiektu harrigarriak lantzen ari diren Espainia osoko gazteak ezagutu ditugu, eta haiekin harremanetan jartzeko aukera izateak ez du preziorik”, azaldu du Borja Cembrerok, “gainera, Estatu mailan bigarren gelditzeak bultzada handia eman digu, ikusi dugulako gure ideiak baduela zentzua eta jendeak baduela fedea proiektu honetan”.

 

Santander Yuzz lehiaketaren hurrengo edizioan (datorren urtetik aurrera Explorer deituko da) parte hartu nahi duten 18 eta 31 urte bitarteko ekintzaileek dagoeneko zabalik dute izena emateko epea. Ideiak abenduaren 8ra arte aurkeztu daitezke.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow