Fit4bike enpresak iraultza ekarri du txirrindularitzaren bio-mekanikara

11 urtarrila, 2018
Fit4bike enpresako lantaldea BA sistema probatzen txirrindulari batekin.

 

Cambridge Innovation Center-ek Fit4bike enpresa bizkaitarra aukeratu du

F4 Biomechanics euskal enpresaren marka komertziala den Fit4bike-k txirrindularitzaren bio-mekanikarako sistemak, osagarriak eta prestakuntza garatzen ditu. Jon Ander Ortuondok, Fit4bike enpresako garapen-arduradunak dioenez, “helburua da bizikletaren ergonomia hobetzea, errendimendua nahiz erosotasuna optimizatzeko eta kirola modu osasuntsuan praktikatzen dela bermatzeko”.

 

Enpresaren zerbitzuak Biometric Adjustment System teknologiaren inguruan garatzen dira, zeina Fit4bike konpainiako lantaldeak berak sortu baitu. Simulaziorako ekipamendu bat da, softwarea, mekanika eta datu-base indartsu bat dituena eta aukera ematen duena bizikleta txirrindulari bakoitzaren premia eta ezaugarrietara egokitzeko. “BA System teknologiari esker posible da urrunetik, hots, ordenagailutik mugitzea kontaktu-puntuak” dio Jon Ander Ortuondok, “hala, pertsona baten ezaugarri antropometrikoez gain, orobat kontuan hartzen ditugu pertsona bakoitzaren helburu eta ezaugarri fisiologikoak, malgutasuna, traumaren bat izan ote duen… informazio horretan guztian oinarrituta lortzen da bizikleta gainean ibiltzeko posiziorik onena”. Gainera, sistemak 3Dn irudikatzen du txirrindulariaren gorputza, mugimendu guztiak simulatu ahal izateko.

 

Teknologia honek hainbat abantaila ditu gainerako bike fitting sistemekin alderatuta. Adibidez, aukera ematen du mugimendu-tarte zabalak azkarrago probatzeko, ordenagailutik egokitzen direlako txirrindularia bizikletatik jaitsi gabe. Gainera, ekipamendua bizikletari berari akoplatzen zaio, eta hala, zehaztasun handiagoz kalkulatzen du zein osagai behar dituen kirolari bakoitzak.

 

Fit4bike enpresaren negozio-eredua da bike fitting sistema eta beronen osagarriak saltzea txirrindularitzarako ekipamendu-hornitzaileei eta prestakuntza ematea BA System erabiltzen ikasteko. Enpresako fundatzaile eta Bio-mekanikako arduradun Pedro de Arribak dioenez, “merkatura atera berri dugun BA sistema oso berritzailea da, eta, gainera, eredu berri bat proposatzen ari gara txirrindularitzaren industriako fabrikatzaile, banatzaile eta dendentzat”.

 

F4 Biomechanics enpresa aukeratuetako izan bat da Bizkaia International Startup Connection programaren azken deialdian, Solid Virtual Spain, IMG Pharma, Vostok, Fair Saturday eta Long4House konpainiekin batera. MassGlobal Partners eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordio batetik sortutako programa bat da, zeinak 6 hilabeteko egonaldia eskaintzen baitu Cambridge Innovation Center-en. CIC programan parte hartzeak “aukera emango dio Fit4bike enpresako lantaldeari proiektua muturreraino eramateko eta ikusteko gai ote den mundu mailako negozio izateko”, adierazi du Pedro de Arribak, “gure helburua da Ipar Amerikako merkatuan errotzea eta lehen urratsak ematea txirrindularitzaren industrian eredu berri bat sortzeko”.

 

BA System

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow