Gasteizek Startup Europe Week ekimena inauguratuko du azeleragailuei buruzko jardunaldi batekin

28 otsaila, 2018
Gasteiz eta Brasov hirietan egingo den Startup Europe Week ekimenaren inaugurazioaren kartela

 

Martxoaren 5ean izango da Europa Jauregian

Startup Europe Week Europako Batzordeak bultzatutako ekimen bat da, eta bere helburua da eskualde desberdinetako startupen ekosistemak indartzea. Aurten hirugarren edizioa egingo da eta tokian tokiko topaketak antolatuko dira Europa osoan. Hala, Gasteiz izango da #SEW18 inauguratuko duen hirietako bat, startupen azeleragailuei buruzko ekitaldi batekin.

 

Jardunaldi hori martxoaren 5ean egingo da Europa Jauregian, Álava Emprende erakundeak antolaturik. Doako topaketa horretan zuzenean emango dira ezagutzera Euskadin, Estatuan nahiz Europan eskaintzen diren azelerazio-programa batzuk. Gainera, Startup Europe Week ekimenaren baitako ekitaldi guztietan bezala, orobat ezagutaraziko dira ekintzaileei eta enpresa berriei zuzendutako laguntza publikoak. Bertaratuek aukera izango dute hainbat erakundek (Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak SPRIren bitartez, eta baita ere Estatuak eta Europak) bultzatzen dituzten programak ezagutzeko.

 

Hauek dira Startup azeleratzailea, moda ala aukera ona? topaketako parte-hartzaileak: Gasteizko Metxa azelerazio programa, Arabako Emprendiza inbertsio funtsa, industriara bideratutako Bind 4.0 azeleragailu publiko-pribatua (Eusko Jaurlaritzarena) eta Europako ETE Tresna programa. Horrez gain, Optimus 3D, Ensotest, Erle Robotics eta Optimitive euskal ETEek beste eskualde batzuetako azeleragailuetan izandako esperientziak azalduko dituzte: Lazarus (Gaztela Mantxa), Incibe (Leon), Techfounders (Alemania) eta Surge (Estatu Batuak).

 

Ekitaldi horrekin, Gasteiz izango da Startup Europe Week ekimena inauguratuko duen hirietako bat, Errumaniako Brasov hiriarekin batera. Europako ekimen horren barruan, tokian tokiko eragileek ekintzailetzari buruzko jardunaldiak antolatuko dituzte martxoaren 5etik 9ra bitartean. Gaur egun SEW da ekintzaileak bultzatzeko jardunaldi anitzeko ekitaldi handiena, eta bere helburua da ezagutzera ematea nolako laguntza-tresnak eta baliabideak dauden eskualde bakoitzean ekintzaileentzat.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow