Jonatan Amenedo, Dative Partners: “Balioa sortzen dugu enpresen datu ezkutuen bidez”

25 urtarrila, 2018
Jonatan Amenedo, Dative Partners enpresako zuzendari nagusia

Dative Partners startupak proiektu bat abiarazi du Euskaltelekin Bind 4.0 ekimenaren barruan

Dative Partners enpresa bizkaitar bat da, telekomunikazio, retail eta industria sektoreetako big datan eta datuen analitikan espezializatua dagoena, eta Bind 4.0 azeleragailuaren bigarren edizioko 27 aukeratuetako bat izan da. Dative Partners 4.0 industriako proiektu bat garatzen ari da Euskaltelekin Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko puntako 27 konpainiak bultzatutako programa horren barruan.

 

Zer egiten du Dative Partners enpresak?

 

Balioa sortzen dugu enpresek ezkutuan dituzten datuen bidez, meatze batean urre bila lan egitea bezalakoa da. Askotan, konpainien balioa ezkutuan gelditzen da datuen atzean. Guk arazoa detektatzen dugu eta konponbidea aurkitzen dugu datuak aztertuz.

 

Zer eskaintzen diezue enpresei?

 

Bi negozio-eredu dauzkagu. Retail sektorean badugu enpresei produktuak monitorizatzeko aukera ematen dien tresna bat. Adibidez, demagun kontserba enpresa batek jakin nahi duela bere produktua zein supermerkatutan dagoen, zein preziotan saltzen den, zein preziotan saltzen duten lehiakideek eta nola lotzen den hori guztia bere merkatu neurketekin. Gu gai gara denbora errealean monitorizatzeko bezeroak merkatuan dauzkan produktuen egoera zehatza, “insight as a service” modura eskainiz. Zerbitzuei dagokienez, zerbitzu arinen aholkularitzako paketeak saltzen ditugu. 6 aste igarotzen ditugu konpainian, eta denbora horretan enpresan eragina duten alderdien diagnostikoa egiten dugu, beren datuak aztertzen ditugu eta prototipoak proposatzen dizkiegu arazoa konpontzeko. Gure aholkularitzan profil desberdinetako aholkulariak dauzkagu -negozio-aholkulari bat, informatikari bat eta big data arloko ingeniari bat-enpresaren arazo espezifikoa konpontzeko, 6-8 astetan produktu bideragarriak sortuz.

 

Zer da datuen analitikako beste konpainia batzuengandik bereizten zaituztena?

 

Negozio aholkulariak gara, eta datuetan oinarritutako konponbideak eskaintzen ditugu. Normalean, big data eta analitika arloetako enpresak informatikaren mundutik sortutakoak dira; gu, berriz, negozioaren mundutik gatoz, eta teknologia bitarteko gisa erabiltzen dugu negozioaren arazoak konpontzeko. Beraz, ikuspegia da bereizten gaituena.

 

Zergatik sortu zenuten Dative Partners?

 

Enpresa joan den urteko irailean sortu zen ofizialki, nahiz eta bageneramatzan sei hilabete proiektua ontzen. 5 urtetik gora generamatzan Europa osoan lanean, batez ere telekomunikazioen sektorean. Eta denbora horretan ikusi genuen telekomunikazio enpresetan egiten ari ziren big datako analisiak aplikagarriak zirela beste sektore askotan, retail edo industria sektoreetan adibidez.

 

 

Zertan datza Bind 4.0 ekimenaren barruan Euskaltelekin martxan daukazuen proiektua?

 

Proiektu horrek datuak monetizatzeko estrategia bat sortuko du, Euskaltelen bezero diren enpresek aukera izan dezaten balioa sortzeko beren datuak erabiliz. Hainbat tresna garatuko ditugu digitalizazioaren bidea urratu nahi duten enpresek prozesua garatu dezaten denbora oso laburrean. Teknologia hori Euskalteli emango diogu, beraz, inor konpainiara hurbiltzen bada esanez, adibidez, “gure ibilgailu flota monitorizatu nahi dugu”, Euskaltelek aste gutxitan emango dio zerbitzu hori, konponbide azkar batekin. Bind 4.0 ekimenaren bitartez lortu nahi duguna da Euskaltel, konektagarritasun hornitzaile izateaz gain, datuen zerbitzu-hornitzaile ere izan dadila.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow