SPRI Taldeak 4.0 Industriako euskal estrategia azaldu du Mexikon

19 urria, 2017

Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanera Latinoamerikan izan da, eraldaketa teknologikoari buruzko eskualde mailako mintegi batean parte hartzeko.

 

SPRI Taldeko (enpresen garapenerako euskal agentzia) Teknologia eta Berrikuntzako zuzendari Aitor Cobanerak Mexikon azaldu ditu zeintzuk diren Euskadik gaitasun teknologikoak garatzeko abiatu dituen politikak eta tresnak, batik bat, 4.0 Industriari eta enpresen eraldaketa digitalari lotutakoak. Cobanera hizlari aritu da hilabete honetan Mexiko Hirian eginiko eskualde mailako mintegi batean: “América Latina y Europa ante la disrupción tecnológica: una nueva era de políticas e instituciones para las mipymes”.

 

Europar Batasunak eta Latinoamerika eta Kariberako Ekonomi Batzordeak (CEPAL) elkarrekin antolatu dute ekitaldi hori, “Encuentro América Latina y el Caribe-Unión Europea: Socios para la innovación, la inversión y el comercio” topaketaren barnean. Topaketaren antolatzaile dira CEPAL bera, Europar Batasuna, Santa Cruzeko Industria, Merkataritza, Zerbitzu eta Turismo Ganbera (CAINCO) eta Europako Merkataritza eta Industria Ganberen Elkartea (EUROCHAMBERS), ProMexico-ren laguntzarekin.

 

Mintegiaren helburua da elkarrizketarako espazio publiko-pribatu bat sortzea, bere bitartez aztertzeko nola aurre egin behar dioten Latinoamerikako enpresa txikiek eraldaketa teknologiko azkarrari. Iraultza digitalak errotik aldatu ditu produkzio-prozesuak eta kontsumo-patroiak. Hala, enpresak beharturik daude beren lehiakortasun estrategiak eta negozio-ereduak birdefinitzera eta gobernuak, aldiz, produkzioaren garapen-planak eta sustapen-tresnak eguneratzera.

 

Ekitaldia hausnarketa-gune bat da, mikroETEek mundu berri eta aldakor honetan dituzten arrisku eta aukerez gogoeta egiteko, baina baita ere aukera paregabea Europar Batasunaren eta Latinoamerika zein Karibeko herrialdeen artean lankidetzarako espazioak identifikatzeko.

 

SPRI Taldeak mahai-inguru batean hartu du parte hizlari nagusi bezala, bertatik bertara azaltzeko Euskadik arlo horietan garatu dituen politika eta tresnak eta, zehazkiago esanda, jardunbide egokiei buruzko informazioa partekatzeko eta Latinoamerikako mikroETEetan digitalizazioa bultzatzeko erabil daitezkeen estrategia, politika eta instrumentuak eztabaidatzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow