Euskadin fabrikatu diren txertatutako sistemak, sektorearen Europako azoka nagusian

25 February, 2016

IK4-Ikerlan euskal zentro teknologikoak balio handiko aplikazioetarako diseinatuak dituen txertatutako sistemak jarri ditu ikusgai, sektorearen Europa mailako jarduerarik garrantzitsuenean, Embedded World 2016 azokan.

Arrasaten finkatuta dagoen zentroak ondoz ondoko bigarren urtez parte hartu du hitzordu honetan, Alemaniako Nuremberg hirian.

Txertatutako sistemak instalatuta dauden aparatuen giltzarrizko funtzioak kontrolatzea da gailu elektroniko hauen helburu nagusia, horien prestazioak, segurtasuna eta eraginkortasuna areagotzeko asmoz.

Embedded World 2016 azokan, IK4-Ikerlan-ek bere gaitasunak eta berritasunak erakusteko aukera izan du, aplikazio kritikoei zuzendutako fidagarritasun handiko sistema elektronikoetan interesatuta dauden enpresen aurrean. Aplikazio kritikoetan izandako akats batek ondorio larriak izan ditzake pertsonen segurtasunean edo emaitza ekonomikoetan.

Azokaren iazko edizioak 902 erakusketari, 25.000 bisitari baino gehiago eta 70 herrialdetako ordezkariak bildu zituen, eta datu horiek gogoan hartuta, garrantzi handiko erakusleiho bilakatu da horrelako gailuen fabrikatzaileentzat.

IK4-Ikerlan-ek espezializazio-maila handia lortu du txertatutako sistemen esparruan, eta informazio eta komunikazio teknologiei, potentziako elektronikari, energia biltegiratze eta eraginkortasunari, mekanizaziori eta fabrikazio aurreratuari zuzendutako beste garapen batzuk ere eginak ditu.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow