Euskal sektore aeronautikoaren diru-sarrerak % 10 gehitu dira

18 maiatza, 2016
Sektore aeroespazialak euskal BPG industrialaren % 6,1 suposatzen du

Euskal sektore aeronautikoaren diru-sarrerak % 10 gehitu dira

Kopuruak Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteari atxikitako konpainienak dira

Sektore aeronautikoko euskal enpresek 1.935 milioi euroko guztizko diru-sarrerak izan zituzten 2015ean. Datu honek % 10,3ko gehikuntza suposatzen du aurreko ekitaldiko emaitzen aldean.

Azpisektoreen arabera, aeroegituren segmentuak 1.029 milioiko fakturazioa izan zuen, hots, guztizko diru-sarreren % 53,2; motorretan 763 milioi eskuratu ziren (% 39,4), sistemetan eta ekipoetan 97 milioi (% 5), eta espazioaren segmentuak 46 milioi lortu zituen (% 2,4).

Kopuru hauek Euskadiko Aeronautika eta Espazioko Kluster Elkarteari (Hegan) atxikita dauden konpainien datuak biltzen dituzte.

Bitartean, esportazioak 1.226 milioi eurokoak izan ziren 2015ean, 2014an baino % 7,6 handiagoak.

Alemania dugu euskal esportazio aeroespazialen merkatu nagusia, 300 milioi eurorekin, eta ondoren datoz Erresuma Batua, 291 milioi eurorekin, eta Estatu Batuak (198 milioi).

“Honek guztiak bikaintasun teknologikoaren aldeko joera berresten du, krisi garaietan ere hazkunde ekonomikoa, inbertsioak eta kalitateko enplegua sorrarazi eta, etorkizunean kontsolidatzearren, inbertsioaren eta berrikuntzaren aldeko apustuari eusten dion industria aeroespazialean”, Hegan-ek zabaldutako ohar baten arabera.

Inbertsioen atalean, klusterrari atxikitako enpresek 1.431 milioi euroko guztizko inbertsioa metatu dute azken hamar urteotan I+G+b arloan.

Zenbateko horren zatirik handiena (% 88) enpresen autofinantzaketaz estali da.

Euskal sektore aeroespazialak Euskal Autonomia Erkidegoko BPG industrialaren % 6,1 eta industria arloko enpleguaren % 2,2 suposatzen du.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow