Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Albisteak 20 apirila, 2018 Azpiegiturak Berrikuntza Digitalizazioa I+G Fast Track Innobideak programa Industria adimenduna Ris3 Euskadi Smart Industry Programa Sprilur

Iñigo Urkullu Lehendakariak Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldeko Teknologia Parkeko lehen harria jarri du gaur

Bizkaiko Parkeko campus berria Abanton kokatuko da eta 4.0 industrian eta fabrikazio aurreratuan espezializatua egongo da
Urkullu Lehendakaria eta beste agintariak, ekitaldian.

Bizkaiko Parkeko campus berria Abanton kokatuko da eta 4.0 industrian eta fabrikazio aurreratuan espezializatua egongo da

Bizkaiko Diputatu Nagusiak Energy Intelligence Center (EIC) aurkeztu du, foru erakundearen proiektu enblematikoa eta Parke berrian eraikiko den lehen eraikina

Parkeak, erabat garatuta dagoenean, 2.000 enplegu zuzen sortuko ditu eta 800 milioi euroko fakturazioa izango du

Proiektu estrategiko honek Ezkerraldea eta Meatzaldea dinamizatuko ditu eta 26 milioi euroko inbertsioa eskatuko du guztira

 

Euskadiko Teknologia Parkeen Sareak neurri handiagoa izango du aurki, eta industria aurreratuenaren aldeko apustua indartuko du, Nerbioi ibaiaren ezkerraldeko meatzaritza-ingurunean parke teknologiko berri bat zabalduta. Gaur goizean Iñigo Urkullu lehendakariak Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldeko Zientzia eta Teknologia Parkeko lehen harria jarri du. Ekitaldian parte hartu dute, orobat, Bizkaiko Diputatu Nagusiak, Unai Rementeriak, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuak, Arantxa Tapiak, eskualdeko udalerri guztietako alkateek, Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko presidenteak, Javier Zarraonandiak eta Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko zuzendariak, Itziar Epalzak.

 

Abantoko udalerrian kokatuko da kanpus teknologiko berria eta 505.361 m2-ko azalera hartuko du (horietatik 241.622 metro koadro eraikigarriak izango dira). Ezkerraldea-Meatzaldeko campusak 4.0 industria eta fabrikazio aurreratua izango ditu ardatz, eta proiektu trakziogile bat edukiko du, berrikuntza teknologikoko eta puntako industriako esparru berri hau bultzatzeko.

 

Euskadiko Teknologia Parkeen Sarea Plan Estrategiko batean murgilduta dago 2017-2020 epean, eta, hain zuzen, gaur eraikitzen hasitako teknologia parkea da plan horren proiektu izarretako bat. Parkeak, 4.0 industrian espezializaturik, Ezkerraldea-Meatzaldea garatzea izango du helburu nagusi. Hala, eskualdeak puntako proiektu bat izango du bertako enplegua eta ekonomia dinamizatzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak, SPRI Taldearen bidez, eta Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen dute teknologia parkea. Proiektu estrategiko handi honek 26 milioi euroko inbertsioa izango du 2018an lursailetan eta urbanizazio lanetan. 2018an, 7,41 milioi euro inbertituko dira sarbideetan, hirigintza-lanetan eta campus teknologiko berriko eraikin nagusian. 2019an, 14,38 milioi euro bideratuko dira, eta 2020an, berriz, beste 4,4 milioi euro.

 

2018-2020 epean aurreikusitako inbertsioen egutegia.

 

2018 2019 2020 GUZTIRA
Sarbideak 3.000.000 4.700.000 300.000 8.000.000
Hirigintza-lanak 2.318.100 5.681.900 2.200.000 10.200.000
Eraikuntza 2.100.000 4.000.000 1.900.000 8.000.000
Guztira 7.418.100 14.381.900 4.400.000 26.200.000

 

 

Proiektu estrategikoa

Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldea Teknologia Parkea epe luzerako proiektua da, eta aurreikuspenen arabera, 10 eta 15 urte artean beharko dira okupazioa erabatekoa izateko. Alabaina, egitasmoak eta eraikuntzak berak historikoki eskualde honetan izan diren enpresa-jardueren dinamika aldatuko du, eta jauzi bat ekarriko du 4.0 industriako jardueretara eta Eusko Jaurlaritzaren Zientzia eta Teknologia Planarekin eta horko lehentasunezko hiru ardatzekin (fabrikazio aurreratua, energia eta biozientziak-osasuna sektorea) bat datozen sektore estrategikoetara. Hain zuzen, zientzia eta teknologia campus berriaren eraikin nagusiak hartuko du parkearen egoitza, baita Bizkaiko Foru Aldundiaren energiaren sektoreko ekimen enblematiko bat ere: EIC eraikina (Energy Intelligence Center).

 

EIC Euskadiko energiaren sektoreko enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko lidergoa bultzatzeko zentroa da, balio eta estrategia hauek oinarri hartuta: adimen lehiakorra, garapen teknologikoa, jakintza sortzea eta merkatu aurreratuenetan jardutea. Horrenbestez, EIC eraikina gune malgu bat izango da, bertan jakintza teknologikoa eta I+G+b proiektuak lantzeko eta garatzeko.

 

Parke berriaren kokapen estrategikoak sinergia garrantzitsuak sor ditzake jarduera ekonomiko berritzaileak garatzeko. Teknologia parke berritik gertu dago Petronor, eta konpainia hori berrikuntza eta teknologiaren bidez egiten ari zaio aurre gaur egungo eta etorkizuneko erronka energetikoari, energia-eredu eraginkorragoa eta iraunkorragoa eraikitzeko. Beraz, gertutasun horrek enpresak erakarri ditzake bide berean. Bilboko portua ere gertu dago, eta azpiegitura handi horretara sarbide zuzena izateak bulegoen premia sor dezake hurbiltasun hori eskatzen duten enpresentzat eta jarduerentzat.

 

Sektore hauek kontuan izanda, eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Zamudio – Derio Campuseko esperientzia aintzat hartuta, aurreikuspena da Ezkerraldea-Meatzaldea Parkeak, bete-betean ari denean, hainbat eratako 50 enpresa baino gehiago hartuko dituela, 2.000 enplegu zuzeneko jarduera sortuko duela eta 800 milioi euroko fakturazio bateratua erregistratuko duela.

 

2009an abiatu zen Teknologia Parkearen proiektu handi hau, urte hartako apirilean egin baitzen hirigintzako lehen izapidea: Ingurumen Inpaktuaren ebaluazio bateratua. Beraz, gaur lehen harria jarri den honetan, gauzatze bidean da egitasmoa. Parkearen plan partziala 2012an osatu zen, soinu-inpaktuaren azterketa 2014an eta birpartzelazio-proiektua 2015eko abenduan onartu zen behin betiko. Horiek dira Bizkaiko Ezkerraldea-Meatzaldea Zientzia eta Teknologia Parke berria gauzatu ahal izateko egin diren hirigintza-izapideetako batzuk.

 

Bizkaiko Teknologia Parkearen historia

Bizkaiko Teknologia Parkearen sozietatea 1985eko irailean eratu zen, eta Estatuan sortutako lehen teknologia parkea bihurtu zen. 1988an inauguratu zen ofizialki eta geroztik tamaina eta garrantzia hartzen joan da, Zamudion, Untzaga Derio sektorean, Aresti Zamudion eta Geldo Derio sektorean lursail gehiago hartuta. 2010ean, Bizkaiko Teknologia Parkeak EHU Zientzia Parkea martxan jarri zuen, eta orain, Ezkerraldea-Meatzaldeko Zientzia eta Teknologia Campusaren lehen harria jarrita, mugarri garrantzitsua ipini du, parkea handitzeaz gain, urrats nabarmena eman baitu Euskadik 4.0 industriaren eta berrikuntza teknologikoaren alde eginiko apustuan.

 

2017an, hainbat sektoretako 255 enpresa biltzen ziren Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean; besteak beste, aeronautika, automozioa, elektronika, energia, ingurumena, ingeniaritza, medikuntza eta biozientziak eta informazioaren teknologien arloko enpresak. Horien eskutik, 4.0 industriaren eta manufaktura aurreratuen esparruetan erreferentzia da Bizkaiko parkea.  2017an, beste 16 konpainia finkatu ziren Bizkaiko parkean, horien artean hainbat sektoretako enpresa aurreratuenak: biozientzien arloan, Art of Discovery, Fastbase, A3Z, edota Basque Health Cluster Elkartea; sektore aerospazialean, Satlantis; telekomunikazioen esparruan, ITS; Energian, GES; Elikaduraren sektorean Itxas Garapen eta Beigorri; Innotax aholkularitza, eta ingeniaritzako bost sinadura, Altra, Bop Process, Smart monitoring, AKKA eta Ferchau.

 

2017an, Bizkaiko parkean finkatutako 255 enpresa horietan 9.300 pertsona ari ziren lanean, eta aurreko ekitaldian 3.124 milioi euroko fakturazioa lortu zuten enpresa horiek guztiek batera. Enpresa horien erdiak I+G egiten du eta horrek 300 milioi euroko inbertsioa ekarri zuen ikerketan eta garapenean, 2017. urtean.

 

Euskadiko Teknologia Parkeen Sarea, berrikuntzaren eta jakintzaren ekosistema

Euskadiko Zientzia eta Teknologia Parkeen Sarea funtsezko tresna da, giltzarria, Euskal Autonomia Erkidegoko Berrikuntza eta Industria Garapeneko politiketan. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Parkeek askotariko zentro eta eragileak hartzen dituzte: ikerketa- eta teknologia-zentroak, enpresen haztegiak, berrikuntza arloko eragile trakziogileak eta Euskadiko enpresa puntako eta aurreratuenetako batzuk.

 

2017an, euskal sare horretako enpresek 515 milioi euro inbertitu zituzten I+G arloan , Euskadi osoan Ikerketa eta Garapenean egindako guztizko gastuaren %40, eta 4.974 euroko fakturazioa lortu zuten.

 

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Teknologia Parkeetan guztira 17.216 pertsona ari dira lanean, horietatik %51 unibertsitateko tituludunak eta doktoreak. Ingurune iraunkor eta estrategikoetan kokaturik, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko Teknologia Parkeek enpresa-ehunari jakintza eta I+G+b transferitzea bultzatzen dute, eta balio erantsiko zerbitzu-sorta zabala eskaintzen diete enpresei.

 

Parkeen Euskal Sarea zientziaren eta teknologiaren arloko jakintzaren eta garapenaren egiazko ekosistema da. 530 enpresa, ikerketa fundazio eta berrikuntza-zentro biltzen dira bertan, korporazio handiekin eta hainbat startup-ekin batera. Parkean finkatutako enpresen %22 Euskadiko haztegien eta elkartegi-en babes eta segimenduari esker sortua da, hor bideratzen baitira enpresa berritzaileak sortzeko gogoa duten gazteen talentua eta espiritu ekintzailea.

 

Hiru hamarkadatako ibilbidean, Euskadiko Teknologia Parkeak aurrendari dira RIS-3 espezializazio adimentsuaren estrategian, eta berrikuntzarako hiru ekosistema indartsu dituzte: Biozientziak-Osasuna, Energia eta Fabrikazio aurreratua.Parkeetako instalazioetan askotariko sektoreetan diharduten enpresak daude finkatuta: besteak beste, IKT, elektronika, aeronautika, I+G, biozientzia, energia eta ingurumena, ingeniaritza eta automozio sektoreetakoak. Informazio-teknologien sektoreko konpainiek enplegatzen dituzte langile gehien parkeetan; zehazki, eremu horietan diharduten langileen %27. Sektore horren eragina oso nabarmena da Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean, IKTen arloko enpresetan ari baita lanean langile guztien %30. Langile kopuruari dagokionez, Euskadiko Parke Sareko bigarren sektorea I+G arlokoa da; hain zuzen, euskal teknologia parkeetako bost langiletik bat (%21) ikerketa eta garapenean ari da lanean. Hirugarren lekuan, biozientzien eta elektronikaren sektoreak daude; hurrenez hurren, Euskadiko Teknologia Parkeen Sarean diharduten langile guztiak (17.216) aintzat hartuta, %11 enplegatzen dute bi sektore horiek.

Lotutako albisteak

25 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Sprilurrek eta Ihobek Euskadiko Lurzoru Estrategia partekatuko dute Bartzelonako Advanced Factories nazioarteko foroan
Irakurri gehiago
21 Marzo, 2024 Azpiegiturak
BIND 4.0, 25 hub onenen artean Europako startupetarako Financial Times-en arabera
Irakurri gehiago
1 Marzo, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko enpresa liderrak martxoaren 1etik aurrera inskribatu ahal izango dira BIND 4.0 programan, startupekin berritzeko
Irakurri gehiago
4YFN Basque Tek Ventu 27 otsaila, 2024 Azpiegiturak
Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk “deeptech” startupen sorrera babesteko Basque Tek Ventures ekimena aurkeztu dute Mobile World Congress biltzarrean
Irakurri gehiago
9 otsaila, 2024 Azpiegiturak
Euskadiko parke teknologikoak 30 urte ospatuko ditu talentuaren, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren zerbitzura Gipuzkoan
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak