Kolonbia interesaturik dago euskal garraioaren sistema teknologikoan

1 abendua, 2017
Kolonbiako ordezkaritza, bere bisitan.

Kolonbiako ordezkaritza bat Eusko Jaurlaritzarekin eta Mugikortasun eta Logistika Klusterrarekin elkartu da

 

Kolonbiako ordezkaritza bat –Popayán (Kolonbia) udalerriko garraio publikoko sistema estrategikoa kudeatzen duen Movilidad Futura erakundea buru duela- Euskadira etorri da zuzenean ezagutzeko hemengo bidaiarien garraio-sarearen funtzionamendua eta bere operazioekin eta kudeaketarekin lotutako teknologiak. Mugikortasun eta Logistika Klusterrak kudeatu du topaketa hori, Eusko Jaurlaritzako Basque Country Lizitazio Plataformarekin batera.

 

Ordezkaritza horrek helburutzat izan du bertatik bertara ezagutzea euskal garraio publikoko sistema eta sare horri produktu eta zerbitzuak eskaintzen dizkioten enpresak. Horregatik bisitatu dituzte, besteak beste, Transportes Pesa –bidaiari operatzailea-, Irizar eMobility lantegia (Aduna), Ingartek –garraio ingeniaritza-, Saitec –aholkularitza eta ingeniaritza-, Lander Simulation –garraiorako simulazioa eta prestakuntza- eta Mugicloud –garraiorako WiFi konektagarritasuneko sistemak-, eta Bilboko Udalarekin ere elkartu dira.

 

Kolonbiako ordezkariek azpimarratu dute interesatzen zaizkiela euskal garraio publikoan aplikatzen diren hainbat sistema teknologiko: hala nola, floten kudeaketarako sistemak, erabiltzailearentzako informazio-sistemak, tarifikazio- eta ordainketa-sistemak, eta baita ere tailer eta geltoki integratzaileen diseinua. Kolonbiako Movilidad Futura kudeaketa-erakundea oraintxe ari da garraio publikoko eredu estrategikoak diseinatzen Popayánentzat eta beste zazpi hiri ertainentzat, horregatik garrantzi handia eman die Euskadira eginiko bisita honetan ezagutu dituen produktu, zerbitzu eta garapenei.

 

Bestalde, Mugikortasun eta Logistika Klusterrak stand bat izan du Frankfurteko (Alemania)  Hypermotion azokan. Hantxe aurkeztu du elkarteak Mugikortasun, Logistika eta Garraioaren teknologia arloetan garatzen duen jarduera. Gainera, Coollogger eta Asimob enpresen ordezkari bezala joan da, zeintzuek harremanak estutu nahi baitituzte nazioarteko agenteekin.

 

Aurtengoa Hypermotion azokaren lehen ekitaldia izan da, eta 2.000 ordezkari bildu ditu. Hemendik aurrera, helburutzat du sektoreko erreferentziazko azoka izatea Europan, berau delako bere baitako hiru arloak batzen dituen azoka bakarra. Icex Berlin, ITS Hessen, Deutschland eta, besteak beste, Fraunhofer enpresen bisitak jaso zituzten standean.

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow