IK4-IDEKO fabrikazio aurreratuko proiektu bat koordinatzen ari da

7 October, 2015

Ekoizpen-prozesuei teknologia tranferitzeko behin-betiko jauzia ematea da europar industriak gainditu beharreko erronketako bat. Helburu horri begira, Europako Batzordeak IK4-IDEKO euskal zentro teknologikoa buru duen fabrikazio aurreratuko ikerketa-proiektu bat abiarazi du, 4 milioi euroko finantzaketaz.

Hiru urteko iraupenaz, MCSUITE deritzon ekimenak Europar Batasuneko 7 herrialdetako 12 erakunde ditu partaide, horien artean, Danobat Group-i atxikitako Soraluce makina-erremintako euskal konpainia eta Mondragon Unibertsitatea.

Gainera, nazioarteko partzuergoan, Italiako Fidia eta Norvegiako Sintef gisako multinazionalek ere parte hartuko dute.

MC-SUITEren helburua, ohiko fabrikazio-inguruneak eraldatzea da, eta horren bitartez, lehiakortasuna areagotu, prozesuak optimizatu eta kostuak murriztea, berrikuntza sustatzea xede duen Horizon 2020 europar programari atxikitako “Factories of the Future” ekintza-planari jarraiki.

Zehazkiago esanda, MC-SUITEren bitartez, industria-prozesuak simulatzeko tresna aurreratuen belaunaldi berri bat garatu nahi da, eta horretarako, datu-atzipena, monitorizazioa eta azken produktuaren fabrikaziorako giltzarrizko alderdi fisikoen neurketa bezalako funtzioei aplikatutako azken teknologia erabiliko da.

Ekimenaren emaitzak aeronautika, tren-industria eta automobilgintza bezalako sektore estrategikoetan balioztatuko dira.

“MC-Suitek goitik behera murriztu nahi du egungo eredu birtualen artean dagoen gapa, hots, programatutako fabrikazio-prozesuen eta lantegi eta produkzio-ildoetako prozesu errealen artean gertatu ohi dena”, ziurtatu du IK4-IDEKOn proiektua koordinatzeaz arduratzen den, Xavier Beudaert-ek.

Fabrikazio aurreratuaren erreferentzia bilakatu den zentro teknologikoak sistema ziberfisikoen arloan duen esperientzia gaineratuko du, lagundutako fabrikazioko tresna informatikoak diseinatzen laguntzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow