Ihobek eta Deustuko Unibertsitateak lehen ekodiseinuaren azterketa ikastaroa antolatu dute enpresentzat

3 urria, 2016
Ihobe logoa.

Enpresetan produktua berritzeari indarra ematea eta bizi-zikloaren eta ekodiseinuaren azterketan profesional espezialisten eskaerari erantzutea da etengabeko prestakuntza-ikastaro honen helburua; Deustuko Unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzaren Ihobe sozietate publikoak jarri dute abian elkarrekin, jardunean dauden pertsona langileei begira.

 

Deustuko Unibertsitatearen eta aipatutako Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko horren arteko antolaketa testuinguru berezi batean hasi da: enpresentzat beharrezkoa da berritzea eta desberdintzea, materiak hornitzeko mugak, lehengaien eskasia eta teknologiaren aurrerapen oso bizkorra ezaugarri dituen merkatu batean.

 

Ingurumenaren eta produktuak fabrikatzearen arteko harreman zuzena espezialisten eskaera sortzen ari da produktuen diseinuaren eta fabrikatzearen arloan, haien bizi-ziklo osoan zehar beren ingurumen-portaera ebaluatzeko eta hobetzeko.

 

Ikastaroa ingurumen-, ingeniaritza- edo kalitate-arlo teknikoetan lanean ari diren pertsonei zuzenduta dago. Enpresetako arduradunei, unibertsitateko graduatu edo lizentzia duten pertsonei, eta bizi-zikloaren eta ekodiseinuaren azterketaren arloan garatzeko interesa duen pertsona ez-profesional orori. Enpresek prestakuntzaren kostuak murriztu ahal izango dituzte jardunean diren langileentzako prestakuntza-programen bitartez (etengabeko prestakuntza).

 

Ikastaroa bi modulutan egituratuta dago, aurrez aurrekoak biak; guztira 80 ordu izango dira. Lehen modulua, «Bizi-zikloaren azterketa» izenekoa, 2016ko azarotik abendura izango da. Bigarren modulua, «Ekodiseinua» izenekoa, 2017ko urtarriletik otsailera. Modulu bakoitzak 4 orduko 10 saio izango ditu; Deustuko Unibertsitateko Bilboko Campusean emango da, ostiraletan 16etatik 20etara, eta larunbatetan 9etatik 13etara.

 

Ikastaroaren programa osoa eta izena emateko baldintzak Deustuko Unibertsitatearen web-orrian daude eskura.

 

Ekodiseinua Euskal Autonomia Erkidegoan

 

Ekodiseinuak ingurumen-irizpideak erabiltzen ditu produktu/zerbitzu osoaren bizi-zikloa kontuan hartuta, hala hura diseinatzean eta kontzeptualizatzean nola fabrikatzean, banatzean, erabiltzean eta haren bizi-bukaeran. Horri esker, baliabide materialak aurreztea eta kalitatean eta funtzionaltasunean hobekuntza garrantzitsuak izatea lortzen da, eta beraz, balio erantsi handiagoko produktuak/zerbitzuak.

 

Euskal Autonomia Erkidegoa, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, haren Ihobe sozietate publikoaren bitartez egindako lanari esker, eta unibertsitate nagusienekin eta enpresa aurreratuenekin lankidetzan,15 urte baino gehiagoko ibilbidea du bizi-zikloaren ikuspegia sustatzen; horrek ekodiseinuan Europako eskualde-lider direnen artean egotera eraman du. Euskal Autonomia Erkidegoak, egun, Estatuko ISO 14006 arauarekin ziurtatutako erakundeen % 50 du, eta produktuaren ingurumen-adierazpena duten produktuen % 65.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow