Idom-ek Hawaiin kokatutako teleskopio baten diseinu kontzeptualean lan egingo du

26 urria, 2016
Hawaiiko Maunakea sumendi itzaliaren gailurrean kokatuta dagoen Canada-France-Hawaii (CFH) behatokia

Euskal ingeniaritza-enpresak Canada-France-Hawaii (CFH) behatokiarekin lankidetzan jardungo du

 

Idom enpresa bizkaitarreko ingeniaritza dibisioak iragarri duenez, Canada-France-Hawaii (CFH) behatokiak Hawaiiko Maunakea sumendi itzaliaren gailurrean daukan duen esplorazio espektroskopikorako telekospioaren diseinu kontzeptualean lan egingo du.

 

Lehen diseinu-fasean dagoen proiektu honen bidez, egungo teleskopio optikoaren ordez, 10 metroko objektu-anitzeko instalazio espektroskopiko bat sortu nahi da.

 

Proiektua amaitutakoan, munduan dagoen era horretako instalazio bakarra izango da. Ekipamendu honi esker, urtean, milioika izar eta galaxiaren argia aztertu eta milaka objekturen aldi bereko neurketa egin ahal izango da. Teleskopio berriak kosmoseko kimika eta dinamikari buruzko ezagutzaren ikuspegi bakarra eta zabala lortzeko aukera eskainiko du.

 

Bi erakundeek elkarlanean jardungo dute sei hilabetez teleskopioaren diseinu kontzeptuala garatzeko, egitura, mekanismoak, kontrol-sistema, ekipamendu mekanikoa eta elektrikoa eta teleskopioaren optikarekiko eta instrumentazio-ekipoekiko interfazeak barne hartuta.

 

Idom-ek esperientzia zabala du teleskopio handietarako intrumentazioaren diseinuan eta fabrikazioan. Euskal ingeniaritza-enpresak QUIJOTE proiektuaren lehen teleskopioa diseinatu eta eraiki zuen, Daniel K.Inouye (DKIST) eguzki-teleskopioaren domoaren xehetasunen diseinua osatu eta horren fabrikazioa lideratu zuen, eta Europako Eguzki-Teleskopioaren (EST) aldez aurreko diseinua landu zuen, nazioarteko beste hainbat proiektu handiren artean.

 

 

Idom enpresaren aurkezpen bideoa

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow