Hodeiko kudeaketa enpresa txiki eta ertainen lehiakortasuna bultzatzeko

3 azaroa, 2016
Erabiltzaileek edozein lekutatik eta edozein gailuren laguntzaz sar daitezke Secren

Teknologia berriei esker, administrazio arloko zereginak malgutasun handiagoaz egitea ahalbidetzen duten tresna informatikoak gara daitezke

 

Informazio eta komunikazioko teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak profitatzeko asmoz, Aplimedia enpresa bizkaitarrak negozio-eredu desberdinetara egokitzen den Secre izeneko kudeaketa eta fakturazio programa aurreratua garatu du enpresa txiki eta ertainetarako.

 

Konpainiak zabaldutako ohar baten arabera, izaera desberdinetako enpresen beharretara egokitzeko gaitasuna eta sektoreen araberako funtzionaltasun berriak txertatzeko aukera dira tresna horren ezaugarri nagusiak.

 

“Saltokietarako, biltegietarako, ostalaritzarako, gremioetarako, mekanika-tailerretarako, eraikuntzarako, fabrikazio-enpresetarako, makina-erreminta sektorerako, hoteletarako eta abarretarako diseinatutako modulu espezifikoak daude”, zehaztu du oharrak.

 

Konpainiaren esanetan, enpresa eta ekintzaile berri askok hodeiko kudeaketa-tresnen alde egiten dute, sistemarako sarbidea errazten baitiete edozein lekutatik eta edozein gailuren laguntzaz.

 

“Etorkizunean pentsatzen ari gara, 4.0 Industrian alegia, eta horren harira, enpresei arinagoak eta eraginkorragoak izaten laguntzea da gure eginkizuna, ekoizpena, fakturazioa, salmentak, bezeroak, hornitzaileak, stocka eta biltegia hobeto kudeatzeko soluzio bat eskainiz”, gaineratu du oharrak.

 

Soluzioa eskuragarriagoa izan dadin, konpainiak enpresa sortu berrietarako propio garatutako programa espezifikoak ere eskaintzen ditu.

 

 

Aplimedia, hodeiko kudeaketarako sowftware garapena

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow