Filtros X
Tipos de Posts
Agenda

Joan blog-era Euskal enpresaren blog-a

Zure enpresarentzat garrantzitsua den eguneroko informazioa

Elkarrizketak 12 Marzo, 2018 Digitalizazioa I+G Berrikuntza teknologikoa

“Etorkizuneko erronkek mugiarazten gaituzte, eta horregatik egiten ditugu inork egiten ez dituen produktuak”

Alicia Gómezek zuzentzen du DMP, berrikuntzaren eta zehaztasun handiko mekanikaren eredu paregabea Euskadin

Alicia Gómezek zuzentzen du DMP, berrikuntzaren eta zehaztasun handiko mekanikaren eredu paregabea Euskadin

  

Alicia Gómez exekutiboak Urteko Zuzendaritza-karguaren saria jaso du berriki Gipuzkoako Emakume Profesional eta Enpresarien Elkartearen eskutik, DMP (Desarrollos Mecánicos de Precisión) enpresaren zuzendaritzan egin duen lanaren aitorpen gisa. DMP EGILE Taldearen barruko “harribitxietako” bat da, eta Zehaztasun Handiko Mekanikako lanak egiten ditu eduki teknologiko handiko sektoreentzat, nola baitira aeronautika, osasuna eta elikadura. Aliciak Ingeniaritza Tekniko Industrialeko ikasketak egin zituen Mondragon Unibertsitatean eta Goi-mailako Ingeniaritza Informatikoa Toulousse hiriko Paul Sebattier zentroan. Ikasketak amaitu ondoren hainbat konpainiatan aritu da, besteak beste Lantek, Predicast Bibao eta ITPn, beti lehenetsi dituelarik baloreetan oinarritutako kudeaketa eta lidergoa. Gaur egun, 200 lagun inguruko lantaldea zuzentzen du.

 

Zaila izan da honaino iristea?

Ahalegina egin behar da, hori horrela da. Baina ahaleginarekin batera, esan behar da gustuko dudala egiten dudana, eta gustuko duzun zerbait egiten duzunean askoz errazagoa dela ahalegina egitea. Euskadin bizi garenok oso barneratuta daukagu hori. Txikitatik oso errotuta daukagu ahaleginaren kultura, gure familiek horixe erakutsi digutelako beti. Beraz ahalegina hor dago, baina jasangarria da.

 

Zure ibilbide profesionalean zehar, inoiz sentitu duzu zerbait gehiago eman behar zenuela emakume izateagatik?

Ez. Egia da zenbait unetan eta zenbait enpresatan, batez ere Euskaditik kanpo, batzuetan ohartzen zara desberdin begiratzen zaituztela, baina Euskadin ez zait halakorik gertatu, inoiz ez dut lan gehiago egin behar izan emakume izateagatik. Konfiantza baduzu zure lanean eta zeure buruarengan, aurrera egingo duzu eta pixkanaka emaitzak iritsiko dira, emakume nahiz gizona izan. Garrantzitsuena da norberarengan sinestea eta aurrera egitea.

 

Garatu dituzun proiektu guztietan beti oinarritzat hartu dituzu baloreetan oinarritutako lidergoa eta kudeaketa. Zeintzuk dira balore horiek?

Ahalegina edo errespetua, adibidez. Ingeniariok badugu joera proiektuak lantzeko askoz ikuspuntu tekniko eta arrazionalistago batetik. Baina egun daukadan kargu honetan gehiago jorratzen ditut gai humanistikoak ingeniaritzako kontuak baino, pertsonekin lan egiten dugulako, eta baloreekin lotutako alderdi guztiak dira garrantzitsuak.  Funtsean, ingeniariak izaki arrazionalak gara, baina emozionalak ere bai, eta badira balore batzuk, batzuetan lortzeko zailak direnak -nola baitira norbere burua gainditzeko gogoa, motibazioa, errespetua eta konfiantza- eta oso garrantzitsuak direnak, eta nire zereginetako bat da horiek lantzea.

 

Zer da zailagoa, hamar laguneko talde bat gidatzea eta motibatzea ala, orain egiten duzun bezala, gauza bera egitea berrehun laguneko talde batean?

Esango nuke enpresa zenbat eta handiagoa izan, orduan eta zailagoa dela. Horregatik, gauzak ondo ateratzeko oso garrantzitsua da zeure balore eta printzipio berberak dituzten pertsonez inguratzea, hau da, balore horiek guztiak zabalduko dituzten pertsonak izatea inguruan. Baliteke pertsona bakar bat gai izatea hamar langileko talde bat gidatzeko eta motibatzeko, baina ezinezkoa da gauza bera egitea 200 laguneko talde batean. Inguruan behar dituzu zeure balore berberak dituzten pertsonak.

 

Zer egiten du DMP enpresak?

Egile Taldeko konpainia bat da, zehaztasunezko mekanikan zentratuta dagoena, eta batik bat balio erantsi handiko produktuak -produktu nahiko teknologikoak- garatzen dituena. Horregatik, beti ahalegintzen gara olatuaren gain-gainean egoten, gauzak egiteko modu tradizionalak hausten. DMP aeronautika sektorera zuzenduta dago batez ere, adibidez, Airbus eta Boeing konpainien lurreratze-trenak egiten ditugu. Orobat egiten ditugu helikopteroen sektorerako produktuak, esaterako kaxa erreduzitzaileak; eduki teknologiko handiko produktu oso konplexuak dira, ia inork egin ezin dituenak.

 

DMP enpresaz gain, talde bereko Zehatz enpresa ere zuzentzen duzu, zeinak konponbideak eta produktuak garatzen eta fabrikatzen baititu metalezko ontzi eta trokelgintza sektoreetarako. Zehaztasun handiaren munduan hori ere…

Bai, zehaztasun handiaren mundua funtsezkoa da gure negozio-ereduan. Zehaztasunari buruz ikaragarri ikasi dugu sektore horretan, tolerantzia oso fin eta estuekin lan egiten dugulako, mikrak eta mikra-hamarrenak neurtuz… Balio handiko konponbideak eskaintzen dizkiegu bezeroei, adibidez, supermerkatuetako atun latetan dauden piezak (tapak, poteak) egiteko.

 

Egile taldearen portfolioa harago ere badoa, ezta?

Asko gustatzen zaigu berritzea eta zehaztasun handiko mekanikaren merkatu hori beste sektore batzuetara eramatea, hala nola osasunera, zientziara edo garapen zientifikora. Gure enpresaren jabeak oso berritzaileak dira, ongi kudeatzen dituzte aukerak, eta badakite etorkizuneko erronka handiak identifikatzen. Hala, buru-belarri murgiltzen gara bide berri horietan, inork egiten ez dituen produktuak egiteko. Adibidez, Genevako CERN partikula azeleragailuaren prototipoa, non materiaren jatorria bilatzen baita… Ahalegintzen gara beti olatuaren gain-gainean egoten, eta ahal bada, egunetik egunera gauza are zailagoak egiten.

 

Lotutako albisteak

17 apirila, 2024 Digitalizazioa
Trakek lidergoa indartu du fisioterapia digitalaren arloan, Adimen Artifizialari esker
Irakurri gehiago
Aitor Alapont. 12 apirila, 2024 Digitalizazioa
P4Q, 25 urte eta aurrera jarraitzeko 100 milioi arrazoi
Irakurri gehiago
Ion Etxeberria_Ikerlan_IndeusElkarrizketak 25 Marzo, 2024 Berrikuntza
“Euskararen aldeko apostua ez da bakarrik emozionala, praktikoa ere bada, enpresari balioa ematen diona” Ion Etxeberria, IKERLAN
Irakurri gehiago
15 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Infoboxek kongresu perfektua eskaintzen du, klik bakarrean
Irakurri gehiago
12 otsaila, 2024 Digitalizazioa
Chubby Apps: “App bat errentagarria izan dadin, produktua, marketina eta negozio-eredua bildu behar ditu”
Irakurri gehiago
Joan blog-era

Laguntza berriei buruzko azken orduko albisteak

ETEentzako, merkatuak dibertsifikatzeko, atzerriko bekak, nazioarteko lizitazioak, itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak esportazioak sendotzeko, ezarpenak egiteko laguntzak edo nazioartekotzeko prestakuntza espezifikoa.

Interesgarria, ezta?
// Kanal espezializatuak

Jarrai iezaguzu. Kanal espezializatuak
eta eguneroko berriak