Ekipo-ondasunen sektorean lider izateko 4.0 teknologiak erabiltzen dituzten enpresa tradizionalen adibidea dugu Lointek

25 November, 2015

Arantxa Tapia sailburuak enpresaren Urdulizko fabrikan ikusi du Lointekeko lantaldea munduan aitzindaria izango den soldadura tubularreko makina automatizatu bat garatzen ari dela.

Lointek enpresak ikusmen artifiziala, robotika eta sentsorika erabiltzen ditu IK4-Lortek zentroaren laguntzarekin.


Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantxa Tapiak Lointek enpresaren Urdulizko (Bizkaia) instalazioak bisitatu ditu gaur goizean. Eusko Jaurlaritza jarraipena egiten ari zaie lehiakortasuna hobetzeko eta merkatuko lider izateko 4.0 industria aplikatzen ari diren euskal enpresen proiektu zehatzei, eta bisitaldi hori jarraipen prozesu horren barruan kokatzen da.

Lointek erreferentziazko enpresa da ekipo ondasunen sektorean (tamaina handiko galdaragintza). Ingeniaritza propioa du eta ekipo industrialak diseinatzen ditu termikoki eta mekanikoki. 4.0 teknologia darabilten enpresa tradizionalen adibide argia dugu Lointek. Une honetan, lanean ari da soldadura tubular automatizatuko makina bat garatzeko, zeina aitzindaria izango baita mundu osoan. Lointek-ek ikusmen artifiziala, robotika eta sentsorika bezalako teknologiak erabiltzen ditu IK4-Lortek zentroaren laguntzarekin.

Arantxa Tapiak Urdulizko fabrikara egin duen bisitan, enpresako arduradunek ezagutzera eman dute zein den eskuartean duten proiektuaren helburua: soldatzeko aukera berriak integratzea Industry 4.0 teknologietan oinarrituta, tubulatzaileak kalitate handiagoz uztartzeko gorputz birolatu handiekin.

Zehazki, enpresaren asmoa da mugimendu autonomo robotizatua duen soldadura sistema bat garatzea, zeinak sentsorizazio kognitiboko eta prozesuaren kontrol adimenduneko teknika berriak integratuko baititu. Azkenik, soldadura robotikoko prozesu eta instalazio berri bat lortuko da, loturen kalitate erabatekoa eta errepikakorra bermatuko duena eta egungo fabrikazio eta konponketa kostuak murriztuko dituena.

Aipatzekoa da sistema horren garapenaren konplexutasuna hainbat faktoretan datzala: geometrian (3D ibilbide konplexua), dimentsioetan, eta abarretan. Horrek guztiak justifikatzen du neurrira eginiko eta 4.0 Industrian oinarrituko konponbide robotizatu bat bilatu beharra, zeinaren bidez bermatuko baita ekipoaren malgutasuna eta soldatutako produktuaren amaierako kalitatea.

Sailburuarekin batera izan dira baita ere Javier Zarraonandía, Industria eta Energia sailburuordea, Alex Arriola, SPRI Taldeko zuzendari nagusia, eta Aitor Cobanera, SPRIko Teknologia eta Berrikuntzako zuzendaria. Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko lantaldeak eta SPRI Taldeak horrelako enpresak bisitatzen jarraituko dute Basque Industry 4.0 estrategiaren testuinguruan.

Lointek enpresak 183 langile ditu eta mundu mailako liderra da planta termosolarretako lurruna sortzeko sistemen diseinuan. 2011n Espainiako planta termosolarren %70eko merkatu-kuota lortu zuen, merkatu horretantxe garatu zirelarik planta termosolar gehienak.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow