IK4-Cidetecek industria farmazeutikorako nanopartikulak ekoizteko instalazio bat izango du

9 January, 2015
imagen_spri_tecnología

Europar Batasunak IK4-Cidetecek zentro teknologiko gipuzkoarra aukeratu du, industria farmazeutikorako nanopartikulak ekoitzi eta gizakiengan frogatzeko Europa osoko lehen instalazioa jartzeko.


Nanopilot deritzon proiektu honek 6,5 milioi euroko finantzaketa izango du. Diru horren erdia zentro gipuzkoarrak hartuko du, eta gainontzekoa, IK4-Cideteceko laborategietan nanosendagaiak zistitisa, begi lehorra eta HIESa bezalako patologietan probatuko dituzten enpresetara bideratuko da.

Instalazio honen bitartez, Europar Batasunak sendagai berriak laborategietatik pazienteengana helarazteko prozesua azkartu nahi du. Sendagai horiek gizakiengan eta eskala txikian probatzeko laborategirik ezak moteldu egin du prozesu hori.

Esperimentazio zientifikoaren fasetik test klinikoetara igarotzea da sendagai berriak ekoitzi eta balioztatzeak dituen arazo nagusietako bat. “Laborategietan ikerketa asko egiten dira, baita animaliekiko saiakuntzak ere, baina nanoteknologietan espezializatutako fabrikazio-instalazioak behar dira sendagaiak eskala txikian ekoitzi eta pertsonekin saiakuntza klinikoak egin ahal izateko”, adierazi du Nanopilot-en arduradun Iraida Loinaz doktoreak.

Proiektuak lau urteko iraupena izango du, eta bi urte eta erdi barru abiatuko da, zentro gipuzkoarrak Donostian, Miramongo Teknologia Parkean dituen laborategietako hirutan beharrezko azpiegitura instalatzen amaitzen denean. Une horretatik aurrera, hiru konpainiak ekoitzitako beste horrenbeste sendagairen saiakuntzak hasiko dira, gizakiekiko eraginkortasuna frogatzeko asmoz.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow