Erle Robotics-ek droietarako teknologiaren horniketa egingo dio Kataluniako enpresa bati

6 apirila, 2016
Erle Robotics tripulatu gabeko aireko gailuei aplikatutako robotikan espezializatuta dago

Akordio honen arabera, Erlek CatUAVek antolatutako proiektu zientifikoetan eta prestakuntza-ikastaroetan ere parte hartuko du.
Tripulatu gabeko aireko gailuen garapenean aurrera egiteko helburuarekin, Erle Robotics Kataluniako CatUAV konpania teknologikoarekin akordio batera heldu da. Akordio horren arabera, robotikako euskal enpresak tripulatu gabeko aireko gailuei dagozkien pilotu automatikoen horniketa egingo dio enpresa katalanari.

Honela, konpainia arabarra Atmos 6 eta Argos aparatuetarako adimen-hornitzaile bihurtuko da.

Bestalde, CatUAV hegaldi luzeetan distantzia luzeak ikuskatzeko gaitasuna duten hego finkoko ibilgailu autonomoak garatzeaz arduratuko da.

Enpresa katalanak zabaldutako ohar baten arabera, Erle Robotics-en garun elektronikoen potentziari esker, “ontzi barruko adimena formatu eta prezio txikian behar duten aplikazioak eta zerbitzuak” garatu ahal izango dira.

Bi konpainien arteko akordioan, Erlek, CatUAVek BCN Drone Center-en antolatzen dituen proiektu zientifikoetan eta prestakuntza-ikastaroetan parte hartzeko aukera ere aurreikusi da.

Erle Robotics-ek Erle Brain 2 deritzon pilotu automatikoaren bigarren bertsioa ekoizten dihardu gaur egun, ROS (Robot Operating System) sistema eragile robotikoaren % 100 integratuz.

Bi enpresetako teknologien arteko baturatik sortutako gailuen funtzionamendua frogatzeko lehen saiakuntzak, CatUAV marka katalanak Bartzelonako Collsuspina herrian dituen instalazioetan egingo dira.

 

Erle Robotics-en proiektua

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow