AEBek asmoa dute Biospain 2016 azokako presentzia handi-tzeko

19 uztaila, 2016
grupospri-biospain2016

Bioteknologiaren Nazioarteko 8. Topaketa Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egingo da, irailaren 28tik 30era

  • Antolatzaileek dagoeneko badakite 17 herrialde etorriko direla, eta aurreikusten dute okupatutako azalera komertziala %40 handituko dela 2014ko edizioarekin alderatuta.
  • Aurten, nobedade gisa, Pazienteen Foroa egingo da, bertatik bertara lantzeko gaixotasun arraroak, esklerosi anizkoitzaren arloko aurrerapenak eta paziente elkarteen papera.
  • Big Data eta CRISPR teknologia dira Biospain 2016 azokan jorratuko diren gai garrantzitsuetako batzuk. Azken hori geneak editatzeko teknika bat da, eta aplikazio ugari izan ditzake bioteknologian.
  • Hainbat funtsek dagoeneko baieztatu dute Inbertsio Forora etorriko direla, besteak beste, hauek: Edmond de Rothschild Investment Partners, Forbion, Johnson & Johnson Innovation (UK), Novartis Venture Fund, Ysios Capital Partners, Cross Road Biotech, Caixa Capital Risc.

 

Bioteknologiaren Nazioarteko Topaketaren 8. edizioa, Biospain 2016 , Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre-n (BEC) egingo da irailaren 28tik 30era. Espainiako Bioenpresen Elkarteak (ASEBIO) eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko SPRI erakundeak (Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia) antolatu dute, eta aurreko edizioetan baino enpresa eta antolakunde estatubatuar gehiago bilduko dira bertara. Espainiako bioteknologiak interes handia piztu zuen ekainaren 6tik 9ra San Frantziskon ospatu zen BIO Convention azokan, eta, gainera, azken urtean frogatu du lehiakor izan daitekeela eskala globalean. Bi arrazoi horiek direla medio, Ipar Amerikako erakunde gehiagok parte hartuko dute bioteknologiaren sektoreko eragileen artean ezagutzak, ideiak eta esperientziak trukatzeko egiten den bi urterik behingo ekitaldi honetan.

 

“Berriki bisitatu ditugun nazioarteko azoketan nabaritu dugu nazioarteko inbertitzaileek eta enpresa klusterrek gero eta interes handiagoa dutela Espainiako proiektuak ezagutzeko eta nazioarteko enpresak, nagusiki AEB, Europa eta Latinoamerikakoak, hona ekartzeko”

adierazi du ASEBIOko presidente Jordi Martík ekitaldiaren aurkezpenean Madrilen. ASEBIO 2015 txostenak erakusten du duela gutxi operazio garrantzitsuak iragarri direla, zeintzuetan laborategi farmazeutiko handiek eta nazioarteko funts espezializatuek parte hartuko baitute. Horrek erakusten du Espainiako biotech enpresak nazioarteko beren homologoen parean daudela garatzen duten zientziari dagokionez. Gaur egun, Espainiako enpresek 141 filial dituzte atzerrian, gehienak AEBetan, eta ASEBIOk baditu merkatu horretan kokatuta dauden 21 bazkide ere.

 

Oraingoz 17 herrialdek baieztatu dute Biospain 2016 azokan egongo direla, eta handitu egin da pabilioi autonomikoetako parte-hartzea, aurten han izango baitira Galizia, Euskadi, Katalunia, Valentzia eta Balear Uharteak ere. Gainera, antolatzaileek uste dute aurten azoka komertziala %40 handiagoa izango dela okupatutako azalerari dagokionez. Partnering espazioa iazkoaren antzekoa izango da, baina, aurreikuspenen arabera, gainditu egingo dira Compostelako Santiagon eginiko Biospain 2014 azokako 3.300 partnering bilerak.

 

“Biospain bezalako ekitaldi bat hemen egiteak aukera ematen digu esparru horretan garatzen dugun jarduera nazioartean aurkeztu eta posizionatzeko, eta, aldi berean, sektoreak merkataritza, inbertsio eta informazio alorretan eta mundu akademikoan dauzkan premiak asetzeko”,

adierazi du Alexander Arriolak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Lehiakortasun Sailaren menpeko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako zuzendariak. Orobat azpimarratu du Euskadin egiten den bigarren edizioa dela. “Horrela, Euskadi indartu egingo da ezagutzan eta teknologian intentsiboak diren ekimenentzako erreferentziazko toki gisa eta, bestalde, aitorpen bat egiten zaio Eusko Jaurlaritzaren bizitza-zientzien aldeko apustuari, zeina 2000. urtean abiarazi baitzen euskal ekonomiari bultzada bat emateko eta gero eta aldakorrago eta lehiakorrago den mundu honetara egokitzeko”.

 

Biospain azokaren aurtengo edizioan, Euskadik bio-eskualdearen pabilioi bat izango du bio-zientzien sektorean dauzkan gaitasunak erakusteko. Pabilioi horretara bilduko dira 30 bat erakunde, enpresa, teknologi zentro eta haztegi, zeintzuek presentzia garrantzitsua izango baitute zientzia eta enpresa munduko 20tik gora hitzaldiz osatutako egitarauan.

 

Biospain 2016 azokako nobedadeak

Nobedade gisa, aurten antolatzaileek Pazienteen Foroa egingo dute irailaren 28an, asteazkenean, bertatik bertara lantzeko gaixotasun arraroak, esklerosi anizkoitzaren aurrerapenak eta paziente elkarteen papera. Hilaren 30ean (ostirala), Farmaindustriak antolatutako Farma Biotech Forum ekitaldia egingo da.

 

Biospain 2016 azokan landuko diren gaien artean aipatzekoa da CRISPR teknologia. Geneak editatzeko teknika bat da, eta aplikazio ugari izan ditzake bioteknologiaren sektorean. Teknika horren hastapenak Alacanteko Unibertsitateko Mikrobiologiako irakasle Francisco Mojicak garatu zituen, zeina hizlari arituko baita topaketan. Big Data ere jorratuko da eta azalduko da erronka bat dela bioteknologiaren sektorerako, baina baita ere aukera paregabea informazioa modu eraginkorrean erabiltzeko eta datuetatik balioa ateratzeko. Saio hori sektorean aplikatutako berrikuntzei buruzko eztabaida eta analisirako topagune bat izango da. Beste gai batzuk ere landuko dira ekitaldian, besteak beste, hauek: diagnostikorako metodo berriak, txertoak, Alzheimerra, elikadura eta osasuna, berrikuntzarako politika publikoak, nano-bio-teknologia, terapia onkologiko berriak eta bio-ekonomia.

 

BioSpain azoka ekimen hauen inguruan egituratuko da: azoka komertziala, partnering ekitaldia, inbertsiogileentzako foroa, prestakuntza eta enplegu foroa, nazioko eta nazioarteko hizlariek eskainitako gai desberdinei buruzko hitzaldiak (saio paraleloak); eta, aurten lau sozietate zientifikok parte hartuko dute. Herrialde batean egoitza finkoa duen Europako ekitaldi garrantzitsuena bihurtu da, eta bosgarrena mundu mailako rankinean negozio-bilera kopuruaren arabera.
III. Prestakuntza eta Enplegu Foroa

 

Biospain Batzordeak FEBiotec erakundearen laguntza izango du III. Prestakuntza eta Enplegu Foroa antolatzeko. Foro horretan ezagutzera emango da sektoreko prestakuntza eskaintza, bai eta enplegu eskaintza, langileak behar dituzten enpresen bidez eta elkarrizketaz osatutako agenda sistema bat erabiliz. Era berean, foroak programa bat eskainiko du irteera profesionalei, gehien eskatzen diren profilei eta enplegua bilatzean garrantzitsuak diren faktoreei buruz.

 

Biospain inbertsio foroa

Bestalde, Biospain Inbertsio Foroa, Espainiako Kapital, Hazkunde eta Inbertsio Elkartearen (ASCRI) laguntza izango duena, nazioko eta nazioarteko inbertitzaileak erakartzen saiatuko da. Nazioko eta nazioarteko hainbat funtsek dagoeneko baieztatu dute Inbertsio Forora etorriko direla: Edmond de Rothschild Investment Partners, Forbion, Johnson & Johnson Innovation (UK), Novartis Venture Fund, Ysios Capital Partners, Cross Road Biotech, Caixa Capital Risc.

 

Aurreko edizioa datutan

Aurreko edizioa, Biospain 2014, Compostelako Santiagon egin zen. Azokan parte hartu zuten 855 erakundeetatik (%12,2ko hazkundea aurreko edizioarekiko), 289 Espainiaz kanpokoak izan ziren eta 37 herrialdetatik etorri ziren. Horrek esan nahi du nazioartekotze-tasa %34 izan zela, aurreko edizioko %28koaren aldean. Zifra horiek erakusten dute nazioartekotzea %37,6 handitu dela 2012ko edizioarekin alderatuta. Enpresen %66 Espainiakoak izan ziren, %6,21 Erresuma Batukoak, %3,51 Frantziakoak, %3,40 Portugalekoak, %2,93 AEBetakoak, %2,34 Kolonbiakoak, %2,34 Mexikokoak, eta %1,87 Suitzakoak, besteak beste.

 

Biospain ekitaldiaren 7. edizioko Inbertsio Foroan 200 erakusle eta 50 inbertitzaile elkartu ziren -%80 nazioartekoak-, horien artean zeudelarik arrisku kapitaleko funtsak, farmazeutika handietako inbertsio funtsak eta business angelsak, eta hainbat herrialdetako 40 enpresaren negozio-planak aztertu ziren. Partnering saioetan, zeintzuetan Merkatu Bioteknologikoen Plataformaren laguntza jaso baitzen, 3.327 negozio-bilera egin ziren, aurreko edizioan baino %20 gehiago, eta ekitaldian 2.000 parte-hartzaile erregistratu ziren guztira (%8 gehiago).

 

Biospain 2014 azokan aldi bereko 50 hitzaldi zientifiko eta konpainien 37 aurkezpen egin ziren, eta partnering saioetan lizentziatzeko prest zeuden 720 produktu aurkeztu ziren.

 

Biospain ekitaldiko Antolakuntza Batzordeak gogobetetze inkesta bat egin zuen ekitaldiko parte-hartzaileen artean. Inkestatuen %92k esan zuten Biospain ekitaldiak bete edo gainditu zituela beren igurikapenak. %82k benetako negozio aukerak identifikatu zituzten, eta ekitaldiari buruzko balorazio orokorra egitean, %54k ona izan zela adierazi zuten, %19ren iritziz oso ona izan zen, eta %24k batez bestekoan kokatu zuten; horrek esan nahi du, bertaratuen %97 gustura atera zirela.

 

Bioibérica, Merck, PharmaMar eta Celgene enpresak dira Biospain 2016 ekitaldiaren babesle ofizialak.

Lucia Cecilia
ASEBIO eta Biospain 2016ko Komunikazio arduraduna
E-posta: lcecilia@asebio.com
Mugikorra: 663117293

Informazio gehiago hemen:
Prentsa bulegoa – Berbés Asociados – Telf.: 91 563 23 00
María González – 677 456 806 / Mar de las Heras – 678 54 41 49 E-posta: mariagonzalez@berbes.com / mardelasheras@berbes.com

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow