Danobat, ekipoen doitasun eta fidagarritasunaren alde

5 maiatza, 2016
Konpainiak industria sektoreetarako balio erantsi handiko osagaiak fabrikatzeko soluzio aurreratuak erakutsiko ditu

Euskal enpresak presentzia nabarmena izango du Makina-Erremintaren Biurtekoaren hurrengo edizioan

Makina-erremintako Danobat konpainia gipuzkoarrak mekanizazio eta industria digitalaren arloan lortu dituen azken garapenak aurkeztuko ditu, maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean, Bilbao Exhibition Centre-n antolatuko den Espainiako Makina-Erremintaren (BIEMH) 29. edizioan.

Ohar baten arabera, konpainiak doitasun, fidagarritasun eta produktibitate handia segurtatzen duten ekipoak erakutsiko ditu, betiere makinaren bizitza-ziklo osoan zurruntasun eta egonkortasun dinamikoa eta termikoa bermatuko dituzten osagaiak integratuz.

Gainera, konpainiak industria sektoreetarako balio erantsi handiko osagaiak fabrikatzeko soluzio aurreratuak erakutsiko ditu.

Zehazkiago esanda, beste hainbat soluzioren artean, Danobatek gizakia eta makinaren arteko elkarreragina hobetuko duen garapen bat aurkeztuko du. Garapen honek eragiketa sinplifikatu, programatzeko laguntzak eta mekanizazio-ziklo espezializatuak gaineratu, mantentze-lanak erraztu eta energia-kontsumoa murrizteko informazioa biltzen du.

Era berean, makinaren monitorizazioan eta Big Datan oinarritu eta ekipoen portaera zein mekanizazio-prozesua aztertzea xede duen zerbitzu-sorta erakutsiko du. Aurrerapen honi esker, ekipoaren egoera ezagutu eta balizko hutsegiteei aurrea hartu ahal izango zaie, tabletak eta telefonoak bezalako gailuen bitartez.

Makinei dagokienez, artezte, torneatze, fresatze-mandrinatze, ebakitze eta zulatze teknologien garapenak eta xafla transformatzeko makinak aurkeztuko dira.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow