CAF-ek bere presentzia areagotuko du Suediako merkatuan

8 azaroa, 2017
Tranbiak URBOS plataformakoak dira

Euskal konpainiak hamabi tranbia berriz hornituko du Stockholm hiria

 

CAF tren-talde gipuzkoarrak akordioa sinatu du Suediako SL AB (Storstockholms Lokaltrafik) konpainiarekin, Stockholmeko garraio saretik ibiliko diren eta 2010 urteaz geroztik SL AB-rentzat fabrikatutako 30 unitateei gehituko zaizkien hamabi tren osagarrien horniketarako.

 

Beasainen egoitza duen konpainiak azaldu duenez, operazio berriaren zenbatekoa, 37 milioi euro ingurukoa da eta trenak ematen hasteko epea, 2019. urte bukaerarako aurreikusita dago.

 

CAF-ek suediar garraio konpainiarekin 2010ean sinatutako lehen kontratuak 15 tranbia fabrikatzeko eta 121 unitate osagarrira arte erosteko aukera aurreikusten zuen. Kontratu hau birritan handitu da, 15 tranbia berrien horniketaren bitartez.

 

Kontratu berriak, lau moduluz osatutako eta Lidingöbanan lineako maiztasuna hobetze aldera bertatik ibiliko diren bi tranbien eta Tvärbanan lineako kapazitatea areagotzera bideratutako hiru moduluko beste hamar unitateen horniketa barne hartzen du.

 

CAF-ek proposatutako hamabi tranbiak, URBOS plataformakoak dira, pisu baxuko noranzko biko ibilgailuen familiakoak, alegia; gehienezko 90 kilometro orduko abiadura dute eta erabiltzaileari bidai esperientzia hobeezin bat eskaintzeko diseinatuta daude. Unitate hauek, Europako iparraldeko herrialdetako baldintza klimatologikoetara bereziki egokituak daude.

 

Oharrak gaineratzen duen bezala, kontratu berri honek, garrantzi handia du euskal enpresarentzat, izan ere “suediar operadoreak , garraio kolektiboaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten duen merkatu zorrotz batenganako konfiantzaren adierazle baita”.

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow