ADDIT3D azokak fabrikazio aurreratuko azken joerak hurbilduko ditu Bizkaira

11 April, 2017

Fabrikazio aditiboarekin eta 3D inprimaketarekin lotutako azken joerak aztertuko ditu ADDIT3D azokak

Ekainaren 6tik 8ra BECen egingo den azoka honen bigarren edizioak sektoreko berritasunak jorratuko dituzten erakusketa-gune bat eta hitzaldi-programa bat eskainiko ditu

 

Fabrikazio aditiboarekin eta 3D inprimaketarekin lotutako azken joerak eta berritasunak aztertu eta teknika horiek industria-enpresei eskaintzen dizkieten aukerak bistaratzeko asmoz, ADDIT3D naziorteko azokaren bigarren edizioa egingo da ekainaren 6tik 8ra Barakaldoko Bilbao Exhibition Centren (BEC).

 

ADDIMAT Fabrikazio Aditiboko eta 3Dko Teknologien Espainiako Elkarteak eta Bilbao Exhibition Centrek antolatutako biltzar honek erakusketa-gune bat ere izango du, merkatuko enpresa aitzindariek esparru honetan garatu dituzten produktuak eta esperientziak erakutsi ahal ditzaten.

 

60 erakusketari baino gehiago egiaztatuta daudelarik, ADDIT3D azokan, fabrikazio aditiboko inprimagailu eta makinen banatzaileek, euskal industria-inguruneko makina-erremintako fabrikatzaileek eta software, kontsumigarri eta aplikazioetako enpresek eta piezen fabrikatzaileek parte hartuko dute. Topaketan bilduko diren ikerketa eta garapen arloko zentroen artean, Tecnalia euskal korporazio teknologikoa, Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) edota IK4 aliantzari atxikitako Ceit, Gaiker eta Lortek zentroak nabarmen daitezke.

 

Erakusketa-guneaz gain, biltzarrean, ADDIMATek koordinatutako hitzaldi programa bat ere eskainiko da aurten, sektoreko erronka, berritasun eta joera nagusiak eta hainbat industria-esparrutan eskaintzen dituzten aplikazio-aukerak aztertzeko asmoz.

 

Antolatzaileek adierazi dutenez, topaketa hau informazioa eta ezagutza trukatzeko eta merkatua eta negozio-aukerak aztertzeko plataforma bat da, eta fabrikazio aditiboan hasi nahi duten enpresei, gaur egun industria-prozesuetan teknika hau txertatzen ari diren konpainiei nahiz ekoizpen-premietara egokitutako soluzio indibidualizatuen bila dabiltzanei zuzenduta dago.

 

ADDIT3D azokaren lehen edizioa 2016ko maiatzaren 30etik ekainaren 4ra bitartean egin zen BECen. Topaketak Espainia, Belgika, AEB, Frantzia, Italia eta Suediatik etorritako 84 erakusketari eta 40.033 bisitari bildu zituen guztira.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow