Zumbidos de la Llanada, kultura aniztasunetik sortzen diren nortasun berriak

15 May, 2015

2014ko urrian eta azaroan Aguraineko herritarrek Zumbidos de la Llanada egin zuten elkarlanean; dokumental parte-hartzaile bat da, eskualdeko kultura aniztasuna erakusten duena. Orain aurkeztu dute bertako biztanleen lekukotza, istorio eta iritziak bilduz eginiko lan horren emaitza. Proiektu hori Ubiqaren Identibuzz ekimenaren barruan sortu da eta Ubiqua komunikazio teknologien erabilpen sozialean zentratutako produkzio-etxe bat da.

Agurain, Arabako zazpi koadriletako bat, beti izan da jendearen joan-etorrien eta jatorri desberdinetako pertsonen nahasketaren lekuko. Duela denbora batetik hona, fenomeno bikoitza bizi izan du eta horrek herriaren osaera demografikoa aldatu du: batetik, landa eremuetako exodoa eta, bestetik, jatorri anitzetako pertsonen etorrera. Aniztasun hori islatzeko eta bertako biztanleek nola bizi duten erakusteko egin dute Zumbidos de la Llanada, koadrilako herri desberdinetako pertsonek elkarrekin sortu duten ikus-entzunezko proiektua.

Ekimen hau Identibuzz prozesuaren barruan egin da, zeinaren helburua baita herritarrei komunikazio tresnak erabiltzeko prestakuntza ematea, diskurtso propioak egin ditzaten kultura aniztasunari buruz eta tokiko inguruneetan sortzen diren nortasun berriei buruz. Proiektuaren lehen fasean prestakuntza praktikoa eskaintzen da eta parte-hartzaileek ikus-entzunezko edukiak sortzeko oinarriak ikasten dituzte. Ondoren, herritarrek eurek planifikatzen eta egiten dituzte dokumentalean sartuko dituzten elkarrizketak eta irudiak.

“Espazioak antolatu nahi ditugu bertakoen eta migratzaileen arteko harremanak sortzeko eta kezkak, ezagutzak, arazoak, e.a. partekatu ditzaten” azaldu du José Luis Roncero, Ubiqa produkzio-etxeko zuzendariak, “asmoa da proiektua harremanen akuilu bihurtzea, istorio partekatuak sortzeko”. Agurainen kasuan, ekimena baliagarri izan da orain arte elkar ezagutzen ez zuten herritarren errealitateak hurbiltzeko, “parte-hartzaileen balorazioa oso ona izan da, bereziki migratzaileena, aukera eman baitie oskola hautsi eta bertakoak ezagutzen hasteko”.

Identibuzz ekimenaren barruan garatu den bederatzigarren proiektua da hau, izan ere 2012az geroztik hainbat lurraldetan aplikatu dute, besteak beste Bilboko San Frantzisko auzoan, Tolosaldean, Portugaleten, Ermuan eta Lisboako Mouraria auzoan. Prozesu horietan sortutako eduki guztiak Identibuzz ekimenaren atarian eskuratu daitezke.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow