Zabalik da Yuzz 2017 deialdia

27 October, 2016

Yuzz programa negozio-ideia berritzaileak dituzten gazteei zuzenduta dago.

 

Martxan da Yuzz ekintzailetza programaren aurtengo edizioa, zeinaren bidez laguntza-prozesu zabala eta prestakuntza eskaintzen baita 18 eta 31 urte bitarteko gazteentzat. Deialdia zabalik dago abenduaren 2ra arte, eta zortzigarren edizio honetan 50 zentrok baino gehiagok parte hartuko dute,1.000 plaza eskainiz Estatu osoan.

 

Yuzz ekimena Santanderko Nazioarteko Ekintzailetza Zentroak koordinatzen du, eta, Euskadiren kasuan, Eusko Jaurlaritzak ere bai, SPRIren bitartez eta hiru zentro hauen lankidetzarekin: Yuzz Araba –BIC Araban-, Yuzz Barakaldo –BIC-Ezkerraldean-, eta Yuzz Donostia –Donostiako Sustapenak kudeatua.

 

Programak dirauen bitartean (bost hilabete), parte-hartzaileek aholkularitza pertsonalizatua jasoko dute enpresa munduan eskarmentu handia duten tutoreen bitartez. Horrez gain, espazio fisiko bat izango dute beren jarduera garatzeko beste ekintzaile batzuekin harremanetan dauden bitartean, eta Yuzz-eko adituek emandako prestakuntza saioak ere jasoko dituzte enpresen kudeaketari, berrikuntzari eta sormenari buruz. Prozesuaren helburua da gazteei laguntzea beren negozio-ideiak garatzen, etorkizuneko potentziala duten benetako enpresa bihurtu daitezen.

 

Programaren amaierako fasean, Yuzz zentro bakoitzeko proiektu onena Silicon Valley-ra joango da, hurbiletik ezagutzeko munduko startup-ekosistema garrantzitsuena eta hango adituekin eta balizko inbertitzaileekin elkartzeko. Azkenik, Estatu osoko hiru ideia onenek 30.000, 20.000 eta 10.000 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren. Aurten, gainera, emakumezko ekintzaile batek zuzendutako proiektu onenaren Yuzz Mujer Saria emango da E&Yren laguntzarekin; 20.000 euroko saria izango da.

 

Yuzz 2016 edizioaren Estatu mailako sariak urriaren 26an banatu ziren. Nafarroako Yuzz zentroko Yolanda González eta Edurne Imbuluzquetak irabazi zuten lehenengo saria Nanocore Biotech proiektuarekin. Nanocore Biotech haurren hezurretako minbiziari aurre egiteko terapia hobetzea proposatzen duen startup bat da. Bigarren saria Valladolideko Yuzz zentroko Light Energy proiektuak irabazi zuen, eta hirugarrena, berriz, Madrileko Yuzz Universidad Carlos III zentroko Nao Therapist proiektuarentzat izan zen.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow