Zabalik dago KBi Digital haztegian sartzeko deialdia

14 April, 2016

Haztegi aurreratu horrek laguntza eskaintzen die ekintzailetza digitalaren arloko proiektu berritzaileei.

KBi Digital Bilbao Bizkaiak oraintsu ireki du instalazioetara sartzeko eta azelerazio programetan parte hartzeko izen-emate epea. Deialdi hori beraizik zuzentzen zaie industria sortzaileen arloan sektore digitaleko proiekturen bat martxan duten startup-ei, enpresei, ekintzaileei eta ikasleei. Haztegiak proiektu berritzaileen garapena bultzatzen du hainbat esparrutan, hala nola aplikazio mugikorrenean, ikus-entzunezko produkzioan, bideojokoetan edota Interneten oinarritutako negozioetan.

Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 31ra arte, eta aukeratutako proiektuek aukera izango dute, batetik, lan zentroa erabiltzeko, eta bestetik, azelerazio programan parte hartzeko. Prozesuaren barruan antolatuko dira mentoring saioak, prestakuntza, balizko kolaboratzaile nahiz inbertitzaileekin konektatzeko jardunaldiak eta ekintzailetza digitala bultzatzeko topaketa tematikoak.

Startup-ek gehienez 4 urtez erabili ahal izango dute lan espazioa; dagoeneko errotuta dauden eta arlo digitaleko zerbitzu edo produktu berri bat garatu nahi duten enpresek, berriz, askoz jota 3 urtez erabili ahal izango dute. Proiektuak aukeratzeko, bereziki kontuan hartuko dira ideiaren izaera berritzailea, nolako potentziala duten merkatu globalean sartzeko eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko eta nolako aukerak dituzten haztegian dauden proiektuekin kolaborazioak sortzeko.

KBi Digital haztegi aurreratu bat da, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarrekin bultzatzen dutena eta Bilboko Auzo Factory Irazabal-Matiko zentroan kokatuta dagoena. Espazioa 2014an jarri zen martxan, helburu honekin: enpresak eta aberastasuna sortzea herrian, ekintzailetza digitala bultzatuz.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow