Voladd proiektuak objektuen mundura eraman du streaming-a

22 September, 2017

Tumaker-ek lehen 3D inprimagailu partekatua sortu du.

 

Tumaker euskal enpresaren Voladd proiektuak bi funtzio betetzen ditu: 3D inprimagailu bat da, eta, horrezaz gain, diseinuz betetako plataforma bat ere bada mota guztietako objektuak inprimatzeko aurretiazko ezagutzarik izan gabe. “Objektuen Netflix edo Spotify dela esaten dugu” dio Jon Bengoetxeak, Tumaker enpresako zuzendari nagusiak, “zeren plataforman sar zaitezke sakelakoarekin edo ordenagailuarekin, eta nahi duzun objektua bilatu, play botoia klikatu eta hor duzu objektua esku artean”. Voladd ekimenak oinarritzat hartzen ditu Interneteko edukiak kontsumitzeko ereduak; sortzaileek objektu fisikoen mundura eraman dute metodo hori, eta horrelako ezaugarriak dituen lehenengo 3D inprimagailua sortu. Gainera, oso erraz erabiltzen da, eta erabiltzaile batek baino gehiagok erabil dezakete aldi berean. “Eguneroko bizitzarako zentzua duen lehenengo 3D inprimagailua sortu nahi izan dugu” azaldu du Bengoetxeak.

 

Proiektua gainerakoengandik bereizten duen ezaugarrietako bat da inprimagailua onlineko biltegi batekin konektatuta dagoela, non inprimatzeko prest dauden milaka objektu aurki baitaitezke. Erabiltzaileak ez dauka artxibo bat deskargatu beharrik, informazioa streaming bidez eskuratzen baita, eta plataforma dohainik erabili daiteke. Tumaker enpresako lantaldeak igo ditu diseinuak, mota guztietako objektuak biltzen dituzten 25 kategoriatan sailkaturik: tresnak, etxerako elementuak, jolasak, eta osasunarekin, kirolarekin edo erabilpen profesionalekin lotutako piezak. Dena den, asmoa da, Voladd komunitatea hazi ahala, beste pertsona eta enpresa batzuek ere diseinuak txertatzea.

 

Proiektuak badu beste elementu berezi bat: inprimagailu partekatua dela. Horrek esan nahi du erostean, erabiltzaileek gonbidapenak bidal ditzaketela beste pertsona batzuk ere urrunetik erabiltzeko aukera izan dezaten. “Familiarekin edo munduko beste puntan bizi den adiskide batekin partekatu dezakezu; elkarreragiteko eta objektuak partekatzeko modu berri bat da” adierazi du Tumaker enpresako zuzendari nagusiak. Bestalde, inprimagailuak jatorri begetaleko bio-plastikoz eginiko kartutxo propio batekin funtzionatzen du, sorkuntza guztiak bio-degradagarriak izan daitezen.

 

Enpresak crwodfunding kanpaina bat egingo du urrian, produktuaren lehen aleak saltzeko. Ondoren, merkatura aterako du produktua, lehenik Estatuan, baina segituan egingo du jauzi Europa osora eta Estatu Batuetara.

 

Datorren urriaren 4an, Jon Bengoetxeak eta Ignacio Rocchetti-k (senior partnerra eta Tumaker enpresaren arduraduna Loop-en), enpresa eta Voladd proiektua aurkeztuko dituzte El made in Euskadi de la fabricación aditiva y Neflix de la impresión 3D topaketan. Jardunaldia doakoa da, eta Arrasateko Garaia – Teknologi Parkean egingo da.

 

Voladd

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow