4.0 Industriari aplikatutako bideojoko-teknologiak, aukera-espazio berri bat euskal enpresentzat

11 May, 2017

Unai Extremo.

Virtualware enpresak bideojokoen teknologietan oinarritutako hainbat tresna eskaintzen ditu: makinen gainbegiraketa, datuen bistaratzea edota profesionalen gaikuntza, besteak beste.

Duela lau urte inor gutxik pentsatzen zuen bideojokoei lotutako teknologiak 4.0 Industriaren funtsezko alderdi bihurtuko zirela. Sasoi hartan baziren simulagailu edo “serious games” delakoak zenbait esparrutan, esaterako, ibilgailuak edo hegazkinak pilotatzeko simulazioak, baina inork ez zuen uste prozesu industrialetan aplikatuko zirenik.

 

Urteak igaro dira eta beste teknologia beteranoago batzuk barruraino sartu dira fabriketan, hala nola, errealitate birtuala edota errealitate handitua. Baina badira horrekin batera garatu diren kontzeptu berri batzuk, adibidez, langileen prestakuntzari aplikatutako gamifikazioa, eta horren guztiaren ondorioz, negozio-eredu berriak sortu dira eta aisialdirako bideojokoak edo aplikazioak sortzeko jaio ziren enpresa asko Fabrikazio Aurreraturantz berrorientatu dira.

 

Euskadi dugu azken joera horren adibide argienetako bat. Hamaika konpainiak osatzen dute BasqueGame Lab, Bilboko Zabalgune Merkatuan arestian inauguratutako laborategia. Gune horretan erakusten dituzte beren garapenak, alegia, bideojokoekin zerikusia dutenak, baina sektore industrialean aplikatzeko direnak. Virtualware da enpresa horietako bat. Ziurrenik bera izango da azken urteotan, osasun, turismo edota industria sektoreetarako errealitate birtual edo handituko produktuen garapenean esperientzia gehien bildu duen konpainietako bat. Basauritik abiatuta (Bizkaia), haziz joan da eta bulegoak zabaldu ditu Mexiko, Kolonbia edota Txilen.

 

Unai Extremo da Virtualware enpresako zuzendari nagusia eta bazkide sortzaileetako bat. Gogora ekarri du zein testuingurutan erabaki zuen enpresak produkzio sektorerako “serious games” jokoak garatzen hastea: “Duela lau urte barne gogoeta bat egin genuen jakiteko zein ekarpen egin geniezaiokeen 4.0 Industriari gure teknologiaren eta errealitate handituan, birtualean edota murgiltze-teknologietan bildu dugun esperientziaren bidez. Horrelako teknologien potentziala aztertu genuen, eta industriarako lagungarri izan zitezkeen hainbat produktu edo konponbide garatu genituen”. “Uste dugu eraldaketa digitala funtsezkoa izango dela industrian. Digitalizazioaren erdi-erdian gaude, prozesu industrialek informazio asko sortzen dute, eta guk tresnak garatu ditugu datu horiei balioa emateko. Horrelako tresnak pilotatzen edo probatzen ari gara, eta gerta daiteke batzuk baliagarriak ez izatea. Baliteke zenbait garapen desagertzea ez dakartelako espero dugun adinako baliorik, baina, denborarekin, berriak etorriko dira. Hala ere, ohartu gara enpresek probatu egin nahi dutela errealitate birtualarekin eta handituarekin zerikusia duen guztia” adierazi du euskal enpresako zuzendari nagusiak.

 

Fabrika birtualak

Gaur egun, Virtualware enpresak hiru esparrutan lan egiten du: makinen gainbegiraketa, datuak bistaratzeko teknologiak eta profesionalen gaikuntza. “4.0 Industriarekin zerikusia duten hiru esparru horietan zentratzen gara. Batetik, datuak bistaratzeko konponbideak inplementatzen ditugu. Fabriketan gero eta datu gehiago sortzen dira, prozesuei buruzko informazio gehiago dago, eta produkzioko arduradunek gero eta premia handiagoa dute erabakiak modu egoki, sinple eta azkarrean hartzeko. Zentzu horretan, fabrikako errealitate handituan oinarritutako bistaratze- eta elkarreragin-teknologia aurreratuak garatu ditugu, gainbegiraketen arduradunek denbora errealean ikus dezaten nola doan produkzioa, nola funtzionatzen duten makinek, eta informazio hori edo datu horiek konektatuta egon daitezen ERP sistemetara, denbora errealeko konponbideak eskaintzeko. Ez dugu egiten datuen gaineko inteligentziarik edo “big data”rik. Soilik makinetara konektatzen gara, informazioa atzematen dugu eta bistaratze interaktiboak egiten ditugu, bistaratze intuitiboagoak, lagungarri direnak erabakiak azkar hartzeko. Orobat sortu ditugu “Twin factory” sistemak edo fabrika biki birtualak, zeintzuei esker urrunetik, edozein tokitatik, konektatu baikaitezke zer gertatzen den ikusteko”.

 

“Bestalde, langileen gaikuntzan ere lan egiten dugu. 4.0 Industriak prestakuntza eta gaikuntza premiak sortu ditu fabriketako langileen artean. Gero eta teknologia gehiago erabili behar dituzte, eta guk errealitate birtual eta handituko sistemak eskaintzen dizkiegu, teknologia horien erabilera ikas dezaten modu sinple batean. Esaterako, fabriketan ohikoa da fabrikazio-zelulak izatea prozesu zehatz bat gauzatzeko. Gu gai gara fabrikazio-zelula birtualak diseinatzeko. Garestia da zelula fisikoak erreplikatzea langileak makina bat erabiltzen ikas dezan edo praktika dezan, eta prestatuta dauden pertsonak behar dira prestakuntza-ikastaroak emateko. Fabrikazio birtualeko zelulen bidez birtualki sortzen dugu ingurunea, hau da, makinak edo robotak, eta modu interaktiboan ematen dugu informazioa, hala, langileak ez dauka aditu batekin egon beharrik. Asko aurrezten da kostuetan eta langileak prestakuntza osotua jasotzen du” esan du Extremok.

 

Errealitate handituak baditu bestelako erabilpen interesgarri batzuk, adibidez, makinen mantenimendua. “Sistemen mantenimendurako laguntza adimenduneko proiektuak garatzen ari gara, errealitate handitua edo birtuala erabiliz langileei laguntza aurreratua emateko. Adibidez, Hololens dispositiboarekin (Microsoft-ek garatutako errealitate mistoko betaurrekoak) posible da munduko edozein tokitan dagoen aditu batek urrunetik gidatzea langilea makina baten konponketa- edo mantenimendu-lanak egiten ari denean, eta horrek nabarmen murrizten ditu kostuak. Horrelako sistemei esker, urruneko adituak eta langileak aldi berean bistara ditzakete makina eta beronen puntu kritikoak, eta hartara laguntza aurreratua lortzen da edozein operaziotarako” azaldu du Virtualware enpresako arduradunak.

 

Teknologia merkeagoak

Euskal enpresek, baina baita ere Virtualware enpresaren esparruko munduko beste merkatu batzuetako konpainiek (Mexikoko edo Kolonbiakoek), gero eta argiago daukate zer lortu dezaketen prozesu industrialetan teknologia berriak aplikatuta: produktuen kalitatea hobetzea, produkzio kostuak merkatzea eta langile prestatuagoak edukitzea digitalizazioaren erronkei aurre egiteko. Hiru urtetan, enpresetako arduradunak ohartu dira errealitate birtuala edo handitua ez direla bakarrik aisialdirako teknologiak, aitortu du Unai Extremok: “Duela denbora batetik hona, konturatu gara gero eta errazagoa dela ingurune industrialera hurbiltzea gamifikazioari, bideojokoei edo errealitate birtualari lotutako teknologiekin. Batetik, frogatuta dago horrelako teknologiek balioa eransten dutela sektore industrialean ongi aplikatzen badira. Errealitate handitua oso garrantzitsua da zentzu horretan. Bestetik, une honetan, gamifikazioari eta errealitate birtual eta handituari lotutako informazioen eta kasu arrakastatsuen goraldia bizi dugu. Horri gehitu behar zaio azken hilabeteotan asko merkatu dela horrelako proiektuak garatzeko behar den ekipamendu teknologikoa. Gaur egun oso ohikoa da 4.0 Industriari buruzko ekitaldi batean errealitate handituaren edo birtualaren garrantziaz mintzatzea”.

 

Testuinguru horretan sortu da BasqueGame Lab, are gehiago ezagutarazteko bideojokoen teknologiek sektore industrialari dakarzkioten aukerak. BasqueGame, Euskadiko bideojoko-enpresen elkarteak (Unai Extremo bera da elkarteko presidentea) eta GAIA Klusterrak bultzaturik, BasqueGame Lab-ek helburutzat dauka enpresei hurbiltzea “serious games” delakoekin, errealitate birtual eta handituarekin edo gamifikazioarekin zerikusia duten kasu arrakastatsuak. “Erakutsi nahi dugu horrelako teknologiak aplikatuta balioa sortu daitekeela zenbait esparru industrialetan. BasqueGame Lab espazioa sortu da horrelako teknologiak oraindik aplikatzen ez dituzten enpresek euren antzekoak diren eta dagoeneko aplikatzen dituzten beste konpainia batzuen kasuak ezagutu ditzaten”, azpimarratu du Virtualware enpresako zuzendari nagusiak.

 

4.0 Industriari aplikatutako bideojokoen teknologia aukera-espazio berri bat da euskal enpresentzat. Eta halaxe ikusi zen Hannover Messe azokaren azken edizioan, non Eusko Jaurlaritzak bere standera gonbidatu baitzituen arlo horretako bost konpainia, beren garapenak erakusteko sektorearen nazioarteko erakusleiho nagusian eta Euskadi erreferente gisa posizionatzeko.

 

 

 

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow