StopApp aplikazioarekin posible duzu sakelakoari begira ematen duzun denbora kontrolatzea

29 September, 2016

Donostiako ekintzaile-talde batek oraintsu merkaturatu du aplikazio hori.

 

Sakelakoari begiratzea ia erreflexuzko ekintza bihurtu da, eta sarritan ez gara ohartzen zenbat denbora ematen dugun aplikazioak kontsultatzen. Arestian eginiko azterlan batek dio 3 ordu inguru ematen ditugula egunean smartphone-ari eta tabletari begira, eta denbora hori 4 orduraino luzatzen dela 25 urtetik beherakoen artean. Zifra horiek Estatuko batez besteko bat baino ez dira, eta zaila da benetan jakitea zenbat denbora ematen dugun dispositibo mugikorrei begira, batik bat gure seme-alaben kasuan.

 

Miguel López de Ceballos eta Alex Adrada donostiarrek StopApp aplikazioa merkaturatu dute, jakiteko zenbat ordu ematen ditugun sakelakoarekin (bai orokorrean, eta bai aplikazio bakoitzean). Irailaren 26an kaleratu zen StopApp aplikazioaren lehen bertsioa, doakoa eta Android dispositiboetarako diseinatua. Aplikazio horrek produktibitatea hobetzen du, eta aukera ematen du aukeratutako aplikazioak egunean ordu batzuez bakarrik erabiltzeko eta, bide horretatik, distrakzioak saihesteko. “Xedea da jabetu gaitezela zenbat erabiltzen dugun sakelakoa” azaldu du Miguel López de Ceballosek.

 

Halere, familiei zuzendutako bertsioa da itxaropen gehien piztu duena. Bigarren produktu horrek, hilabete batzuen buruan merkatura aterako denak, aukera emango die gurasoei aplikazioen erabilpena mugatzeko eta jakiteko zenbat ordu ematen dituzten seme-alabek sakelakoarekin. “Gure helburua ez da debekatzea, denok baitakigu sakelakoa positiboa eta beharrezkoa dela, baizik eta erabiltzen ikas dezatela; eta horixe da zabaldu nahi dugun mezua” azaldu du StopApp enpresako fundatzaile eta marketineko arduradunak “gurasoek seme-alabekin adostu dezakete WhatsApp-a egunean hiru orduz erabil dezaketela, eta haurrek administratu beharko dute denbora hori nahi duten moduan”.

 

Bigarren bertsio horretan, gurasoen sakelakoek abisuak jasoko dituzte seme-alabek sakelakoari ematen dioten erabilerari buruz –guztizko denbora eta aplikazioka banatuta- eta aplikazioak blokeatu ahal izango dituzte adostutako denbora muga gainditzen badute. “Familiek jakin nahi dute zenbat denbora ematen duten seme-alabek sakelakoari begira, haiekin hitz egitean ohartu gara hori dela eurentzat kezkagarriena” adierazi du Miguel López de Ceballosek. Hain zuzen, StopApp Miguelen aitaren premia bati erantzuteko sortu zen. Miguelen aitak mugatu egin nahi zuen alabak sakelakoarekin ematen zuen denbora, eta ez zuen aurkitzen horretarako aplikaziorik.

 

Proiektuak ekintzaile gazteentzako Yuzz programa irabazi zuen Donostian. Sari hari esker, StopApp enpresako lantaldea Silicon Valleyra joango da urrian, eta beren proiektua aurkeztuko dute hango enpresen eta balizko inbertitzaileen aurrean.

 

StopApp

[embed_blog_up_euskadi id=”1″]

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow