Stemtek, Vostok eta Gik! MassChallenge lehiaketaren finalean lehiatuko dira

11 April, 2017

MassChallenge Biscay 2016ko edizioko tutoretza saioak

Bizkaiko hiru startup horiek aukera izango dute Ipar Amerikako azeleragailuan sartzeko.

 

Stemtek Therapeutics CSC (tumoreen ama zelulak) hazkuntzan espezializatutako bio-teknologiako enpresa bat da, minbiziaren arloan esperientzia zabala duten bi ikerlarik sortua. Iaz, startupak Cell2Sphere kaleratu zuen, CSC zelulak 3Dn hazteko kit bat, enpresa farmazeutikoek esperimentuak egin ditzaten botika berriak euren laborategietan probatzeko.

 

Vostok Electric mugikortasun sostengarriaren sektoreko konpainia gazte bat da, zeinak motozikleta elektriko bat diseinatu baitu, 160 km-ko independentzia duena eta 2 ordu eta erdian guztiz kargatzen den bateria batez horniturik dagoena. Gik Live! startupak, bestalde, ardo urdina sortu du; mahatsetik ateratzen den edari alkoholdun horrek iraultza eragin du sektorean, eta 25 herrialdetara iritsi da jada.

 

Hiru enpresa gazte horiek MassChallenge Biscay lehiaketarako hautatuak izan dira, zeinaren helburua baita Bizkaiko startup berritzaileak bilatzea, beren proiektuak eskala ditzaten tutoretza prozesu baten bidez. Azken hautaketa hori baino lehen, beste fase bat egin zen, zeinaren bidez Euskadiko 12 enpresa Bostonera joan baitziren bertatik bertara parte hartzeko tailer-programa trinko batean, adituekin batera eginiko laguntza-saioetan eta beste ekintzaile eta inbertitzaile batzuekin elkartzeko topaketetan. Azken fase hori igaro ondoren, hiru startup-ak mundu osoko enpresekin lehiatuko dira MassChallenge txapelketaren finalean, eta saria izango da azeleragailu iparramerikarrean sartzea.

 

MassChallenge Biscay Bizkaiko Foru Aldundiaren eta MassChallenge lehiaketaren arteko hitzarmenaren emaitza da; hitzarmen hori 2015aren amaieran sinatu zen, tokiko startup-ak nazioarteko ekintzaile, merkatu eta inbertitzaileekin konektatzeko. MassChallenge munduko toki desberdinetan kokatutako azelerazio-zentroen sare bat da, eta helburutzat dauka startup berritzaileen ekosistema bat bultzatzea.

 

Bridge to MassChallenge Biscay 2017