Startupek gero eta inpaktu handiagoa dute Europako ekonomian

1 December, 2016

Batez beste 12 lanpostu sortzen dituzte, eta %70ek uste dute hazi egingo direla 2017an.

 

European Startup Network sareak eta German Startups Association elkarteak European Startup Monitor 2016 txostena argitaratu dute, non oinarri teknologikoko enpresen Europako ekosistema berria aztertu baitute. Argitalpen hori 18 herrialdetako 2.500 startupek emandako informazioan oinarritzen da, eta hainbat datu biltzen ditu erakusten dutenak enpresa berri horiek berrikuntzaren motor bihurtzen ari direla.

 

Aukeratutako startup guztiek 10 urte baino gutxiago dituzte, teknologia oso berritzaileetan oinarritutako negozio-eredua dute eta hazkunde esanguratsua izan dute salmentetan edo langile kopuruan. Txostenaren emaitzek profil zehatz bat marraztu dute: 2,4 urteko enpresa bat, guztira 12 lanpostu dituena.

 

Azterlanak dioenez, taldeek sortzen dituzte startup gehienak, eta %22,6k bakarrik dute sortzaile bakarra. Generoka, fundatzaileak gizonezkoak dira kasuen %85,2an, eta adinaren batez bestekoa 30 urte ingurukoa da. Bestalde, plantilletako langileen ia herena nazioartekoak dira -%18,7 Europako beste herrialde batekoak, eta %10,5 EBtik kanpoko herrialde batekoak.

 

Enpresa berrien ekosistema hori berrikuntza motor bezala aurkeztu da Europako ekonomiaren garapenerako, erdiak baino gehiagok uste baitute beren produktuak berritzaileak direla nazioarteko merkatuan, eta %43k adierazi dute beren teknologia berritzailea dela mundu osoan. Irabazien ia laurdena EBtik kanpoko merkatuetatik lortzen dute, eta, kontsultatutako startupek 2.000 milioi euro inguru bildu dituzte kanpoko kapitalaren bidez.

 

Nazioartekotzeari dagokionez, inkestatutako enpresen %77k baino gehiagok nazioartean hazi nahi dute, nahiz eta uste duten hainbat oztopo daudela horretarako. Hesirik garrantzitsuena herrialde arteko legeria eta araudi arloko desberdintasunak dira, baina erronka handia da baita ere produktuak edo zerbitzuak tokian tokiko lehentasunei egokitzea eta zerga sistemen aldaketei aurre egitea.

 

Azkenik, txostenak erakusten du startupek joera handia dutela enpresa errotuekin lankidetzan jarduteko. Lau enpresa berritik hiruk kolaboratu dute ibilbide luzeagoa duten konpainiekin, batez ere merkatu berrietara sartzeko eta bezero berriengana iristeko, edo baita ere izen ona eta esperientzia lortzeko.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow