Startup Europe Week asteak eskualde mailako topaketak bultzatuko ditu ekintzaileentzako laguntzak ezagutarazteko

2 December, 2015

Proposamen horren xedea da topaguneak sustatzea startup-ei eskura dauzkaten laguntza publiko eta pribatuen berri emateko. Startup Europe ekimenaren bultzatzaileek adierazi dute networking arloko ekitaldi asko daudela, baina eskualde aniztasuna eta tokian tokiko politikak funtsezkoak direla enpresa berriak garatzeko, eta asmoa da jardunaldietan hizpide hartzea eskualdeen papera.

Startup Europe Week astea lider bila dabil, beren hirian ekitaldiak sustatu ditzaten, eta horretarako harremanetan jarri dira tokiko agintariekin eta inguruko ekintzaile-sareekin. Trukean, astean zehar aukera izango dute beren proiektuei ikusgarritasuna emateko eta Startup Europe ekosisteman parte hartzeko. Topaketek hainbat formatu har ditzakete, baina helburu berbera izan behar dute: startup-ei laguntzeko ekintza eta programei buruzko informazio praktikoa ematea, tokiko agintarien parte-hartzea bermatuz; ekintzaileen arteko konexioak sustatzea, eta Startup Europe ekimena ezagutaraztea. Ehundik gora topaketa programatu dira Europa osoan.

Startup Europe Europar Batasunak bultzatutako proiektu bat da, IKT arloko ekintzaileen eta oinarri teknologikoko startup-en ekosistema indartzea helburu duena.

 Urtearen erdi aldera ekimenaren ataria jarri zuten martxan, startup-ak elkarrekin konektatzeko eta askotariko baliabideak eskaintzeko, besteak beste, prestakuntza ekitaldiak, topaketak edo laguntza programak.

Argazki oina: Startup Europe Week asteko ekitaldien mapa.

 

Erlazionatutako artikuluak

Orobat interesa dakizuke

View all arrow